Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Jendearekin bat egitea

Publizitatea

Kultura

Jendearekin bat egitea

Kantaria, pintorea, eskulangilea. Sortzailea. Txileko tradizio herrikoitik jasoa herriari molde berriz itzultzea izan zuen egitekoa. 100 urte bete berri dira Violeta Parra jaio zela.
Violeta Parra musikari eta sortzaile txiletarra (1917-1967), gitarra eskuetan hartuta.
Violeta Parra musikari eta sortzaile txiletarra (1917-1967), gitarra eskuetan hartuta. BERRIA

2017-10-08 / Gorka Erostarbe

Bizitzari kantatu zion —Gracias a la vida bere kantu ezagunak hainbat bertsio izan ditu; Mercedes Sosa, Joan Baez, Placido Domingo eta Nana Mouskourirenak, besteak beste—. Bizitzari kantatu zion, bai, baina etengabe posizio ezerosoetan kokatuz, nostalgia hutsaletan erori gabe, hitzen nahiz jarreren bidez boteretsuei gerra eginez. Honela kantatzen zuen 1965ean plazaraturiko Qué dirá el santopadre kantuan:«Miren como nos hablan de libertad, cuando de ella nos privan en realidad. Miren como pregonan tranquilidad, cuando nos atormenta la autoridad» (Begira nola hitz egiten diguten askatasunaz, benetan hura ukatzen digutenean. Begira nola laudatzen duten lasaitasuna, autoritateak oinazetzen gaituenean).

Haren ondarea ikaragarria da oraindik ere. Eta bizirik dirau Latinoamerikako beste musikari, poeta, idazle eta sortzaile askoren esku-aho-bihotzetan. Haren kantatzeko modua, hitz egitekoa, janzteko moldea Txileren irudi bilakatu ziren, Txile herrikoi eta txiro batena, baina kolore eta kontrasteetan aberatsa; segurtasun ezarriez zalantza egiten zuena, Amerikaren nortasunaz galde egiten zuena, baina beti ere gu batetik, eta ez horrenbeste ni batetik.

San Fabian de Alicon jaio zen Violeta Parra, 1917ko urriaren 4an. Ehun urte bete ziren iragan asteazkenean munduratu zenetik. 17 urte zituela erabaki zuen kantuan profesionalki hastea, bere familiari laguntzearren, batez ere haren aita —Nicanor Parra musika irakaslea— hil ondorenean ama, Clarisa Sandoval nekazari eta jostuna, bederatzi seme-alaben kargu geratu zenean.

Paris eta publikoa

Ez zuen beti lekua aurkitu bere jaiolekuan Violeta Parrak. 1950eko hamarkadaren amaieran arazoak izan zituen bere artelanak Txilen erakutsi ahal izateko, adibidez. Arbuioa jaso zuen. Orduan, Parisera joan zen, eta bere obrak erakusteko aukera izan zuen; non eta Louvre museo entzutetsuan. Besteak beste, pinturak, alanbrez egindako eskulturak eta zeramikak. Parisen zela galdera egin zioten, ea lantzen zituen arte adierazpide guztietatik zein aukeratuko zukeen: poesia, kantua, pintura, eskulanak... Eta zera erantzun zuen: «Jendearekin geratzea aukeratuko nuke». Izan ere, hori izan zuen bere ibilbide guztian xede nagusia, jendearekin nola hala bat egitea, ia erabateko konexioa lortzeraino.

Parisko auzo latinoko gau giroko tabernetan egindako emanaldietan, nortasun propioko performance molde bat landu zuen, zeinaren bidez publikoarekin ahalik eta harremanik zuzenena, aurrez-aurrekoena, gorputzetik gorputzerakoa topatzen baitzuen. Estilo soil biluzia ardatz harturik, artifizio guztiak alboratuta, estereotipo femeninoak behartzen zuen rol sentsualetik urrundu zen, eta emakumetasun popular baten irudi berri bat ondu zuen. Txileko kantagintza berriak bere egin zuen guztiz Parraren estiloa, eta kantariaren eta publikoaren arteko komunikazio errituala eraldatu zuen, ikuskizun-ebentoetan ohikoa zen distantziak saihestuz edo malgutuz, bederen.

Honela zioen, 1965ean, hil baino bi urte lehenago: «Ez dut alderik ikusten artistaren eta publikoaren artean. Kontaktuaren miraria da. Uste dut ni neu gertuago nagoela nire publikotik, publikoa nigandik baino, harentzat kantatzen baitut. Ez dut niretzat kantatzen. Nik uste dut artista orok helmuga gisa izan behar duela bere publikoarekin urtuta bat egitea. Jada ez dut pintura, eskultura edo zeramika egiteko beharrik sentitzen. Publikoa nigandik ahalik eta gertuen izan nahi dut, haien arimarekin bat egiteko».

Publikoaren bat egitea lortuta, eta Txileko sinbolo bilakatuta —artean iristear zegoen Salvador Allenderen aldia— bere buruaz beste egin zuen Violeta Parrak, 1967ko otsailaren 5ean. Hala idatzi zuen haren anaia Nicanor Parra poetak gertaeraren ondotik, Defensa de Violeta Parra poeman: «Noiz arduratuko zara zeure buruaz / Viola errukiorra» .

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak