Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua 'Normaltasuna' itzuli al da?

Publizitatea

Mundua

Udaberri Arabiarren bosgarren urtemuga. ANALISIA

'Normaltasuna' itzuli al da?

 

2016-01-17 / Santiago Alba Rico - Filosofoa eta mundu arabiarrean aditua

Duela bost urte, 2011ko urtarrilaren 14an, Tunisiako herriak boteretik kendu zuen Ben Ali diktadorea; orain, bost urte geroago, atzean geratu da eskualdekako intifada kutsakor eta jendetsu hura, askatasun politikoaren eta justizia sozialaren izenean Marokotik Saudi Arabiaraino tirania arabiarrak erorarazi edo arriskuan jarri zituen intifada hura, eta lehengo normaltasunaren muturreko bertsio bat dugu: diktadurek bere hartan segitu dute, edo itzuli egin dira; gerra fronteak eta atzerritarren esku hartzeak ugaritu egin dira, eta ondoez orokorra sektarismo erlijiosora eta jihadismo erradikalera bideratzen ari da. Tunisia da, dirudienez, eutsi dion bakarra, salbuespen demokratiko gisa, lehengo erregimenak eta islamismo moderatuak eginiko hitzarmen bitxi bati esker; akordio horren bitartez, erakundeak sendotu bai, baina mugatu egin dituzte lorpen iraultzaileak eta askatasun konstituzionalak, eta kanpoan utzi dituzte sektorerik behartsuenak.

Normaltasunaren itzulera bortitz hori nola gertatu den ulertzeko, hiru faktore aipatu beharra dago. Lehenbizikoa, dudarik gabe, Europaren eta AEBen politika noragabe hipokrita. Libian esku hartze militarra eginez, siriarrak abandonatuz, beren aliaturik atzerakoienei nahi bezala jarduten utziz, bidea zabal-zabalik utzi diote sektarismo erlijiosoari, zeina, ez dezagun ahaztu, Iraken 2003an eginiko inbasio kriminalaren eta Al-Malikiren gobernu tutorepekoaren —irandarren aldeko gobernu xiita horren— kudeaketa ezin okerragoaren ondorio baita. EIren kontra 64 herrialdek osaturiko koalizioa eta Siriako eta Irakeko bonbardaketak: horra hor Mendebaldeak nolako ezintasuna duen eta nolako mespretxu geotaktikoa dien eskualde hartako demokraziari eta garapenari.

Horretaz gainera, subpotentzia inperialista batzuen arteko bi eskualde gatazka ditugu. Batetik, Saudi Arabia —Emirerri Batuekin eta Egiptorekin batera—, Qatarren eta Turkiaren kontra. Herrialde suniten arteko gatazka horrek agerian uzten du, Olga Rodriguezek argiro azaldu duen bezala, bestek eraginiko sektarismoa ez dela inguru hartan gertatzen den guztiaren kausa, eta ez duela balio han gertatzen den guztia ulertzeko. Liskar horrek geldiarazi eta bahitu egin zuen Siriako oposizio ofiziala; Sisik Anaia Musulmanen kontra estatu kolpea jotzea ekarri zuen, eta, Libian, oztopo bat da orain ere Tobrukeko gobernua eta Tripolikoa adiskidetu daitezen. Orain, ordea, gatazka hori lausoturik geratu da, gutxi-asko, beste gatazka baten ondorioz: Saudi Arabiaren eta Iranen artekoa. Horren gudu zelaiak Bahrain, Yemen, Libano eta Siria dira, eta Israelek ere badu toki garrantzitsu bat horretan, zeharka bada ere. Salman erregearen politika gerrazale, zapaltzaile eta sektarioaren bitartez, eragotzi nahi dute AEBak Teherango gobernuari hurbiltzea, baina helburu nagusia hau da: fronte sunita bat osatzea eta, horren ondorioz, Sirian akordiorik izateko aukera zailtzea. Lehenbiziko gatazkan, Turkia da galtzailea, eta horregatik dabil Erdoganen gobernua halako noraez autoritarioan; kurduak dira horren lehen biktimak. Bigarren gatazkan, AEBak dira galtzaileak, gero eta jokoz kanporago baitaude, eta horren biktimak Yemengo eta Siriako herritarrak dira, gerra amaigabe batean gatibu.

Hirugarren faktorea (des)ordena globalaren berrantolamenduari dagokio. AEBak erneago daude oraintxe Pazifikoan, Txinari adi, eta AEBak neurri batean Ekialde Hubiletik erretiratzeak berekin ekarri du, zoritxarrez, Putinen Errusia han sartzea; Errusiaren babesik gabe, hark salduriko armak gabe, haren esku hartze militar zuzenekorik gabe, aspaldi eroriko zen Siriako diktadura kriminala. Libian, Mendebaldekoek esku hartu zutenean okertu zen Udaberri Arabiarra; Sirian, berriz, Errusiak —eta Iranek— esku hartu zutenean geldiarazi zuten, eta, gero, guztiz ezeztatu: dozenaka zibil hil dituzte matxinoen eskualdeak bonbardatuta, eta horrek gogora ekarri behar digu ez dutela inolako interesik jihadismoa borrokatzeko, AEBek, Europako Batasunak, Saudi Arabiak eta Turkiak ez daukaten bezalaxe.

Alde horretatik, Estatu Islamikoak —herri iraultza azpiratu baten alde ilun horrek, gudu zelaietan aurrez aurre dauden indar guztien eskumakila horrek— ez du egin goian aipaturiko faktore eta gatazkek ekarririko kaosa aprobetxatu baizik. Oso zaila litzateke jihadismoa ezeztatzea hango herritarrek parte hartu ezean, haiek baitira egiaz kontra egiten dioten bakarrak —gogoan izan ditzagun kurduak eta Siriako Armada Librea—; eta oso zaila izango da hango biztanleak ados jartzea munduko potentzia guztiak sektarismoa bultzatzen badabiltza eta mundu arabiarraren demokratizazioa eragozten badabiltza. 2011n, aukera handi bat galdu zen, baina Gilbert Achcar aditu libanoarrak arrazoi du: hortxe daude, orain ere, duela bost urte herria altxarazi zuten arrazoi ekonomiko, politiko eta sozial guzti-guztiak, are larriago. Subjektu kolektiboa falta da; kolpe batez diktadurak, esku hartze neokolonialak eta islamismo erradikal wahabia ia suntsitu zituen subjektu kolektibo enbrionario eta segituan galarazi hura. Ez ditzagun ahaztu, ez ditzagun mespretxa; omenaldia egin diezaiegun hango heroiei eta biktimei, eta lagundu diezaiegun, bonbardaketarik eta islamofobiarik gabe, arnasa hartzen berriz.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak