Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Gordetako erraila

Publizitatea

Gizartea

ANALISIA

Gordetako erraila

 

2017-10-08 / Ion Orzaiz

Lehengo lepotik burua. Hezkuntzako lan eskaintza publikoa prestatzen hasia da Nafarroako Gobernua, eta, iaz gertatu bezala, asaldatuta agertu dira zenbait sindikatu eta ordezkari politiko. Zehazki, kontratazio zerrenda baztertzailea alboratu eta lista bateratuak ezartzeko aukera da kirioak dantzan jarri dizkiena. Sindikatuen artean, Afapna, UGT eta CCOO dira ahotsa gehien goratu dutenak, eta, alderdiei dagokionez ere, zaharrak berri: UPN, PP eta PSNren aburuz, «amarru bat» da. Gorriz markatutako puntua, nazionalisten agendan.

Gaur-gaurkoz, ordea, gobernuak etxe barruan du zerrenda bakarra ezartzeko oztoporik handiena. Irailaren 28ko parlamentuko osoko bilkuran argi gelditu zen laukoaren barruan badirela orain arteko zerrenda sistema anakronikoari eusteko prest diren indarrak, edo, behintzat, bazterketa linguistikoa bukatzea lehentasunen artean ez dutenak. Ezkerraren jarrera ezaguna zen lehendik ere, baina, oraingoan, Ahal Dugu batu zaio. «Zerrenda bakarraren gaineko informaziorik eza» argudiatu zuten biek ala biek abstentziora jotzeko. Ez dirudi pisu handiko arrazoia denik; batez ere, kontuan izanda auzi hori hainbatetan eztabaidatu dutela parlamentuan. Dena den, ezingo diote jarrera horri luzaroan eutsi, laster helduko baita zirt edo zart egiteko unea.

Oro har, bi argudio nagusi maneiatzen dituzte zerrenda bakarraren aurkakoek: bat, legezko heldulekurik ez duela, Nafarroa «komunitate elebidun bat ez den heinean» [sic]; eta bi, herrialdeko irakasleen %80 erdaldun elebakarrak izanda —UPNk emandako datuen arabera—, hautagai gehienak baztertuko lituzkeela, euskaldunei mesede egiteko. «Berdintasun printzipioa eta administrazioan lan egiteko eskubidea urratuko lituzke», esan zuen Carlos Gimeno PSNko eledunak.

Baina horrela al da benetan? Lehen argudioari erreparatuta —legezkotasunik ezarena—, argi dago ezetz: Nafarroa da kontratazio zerrendak hizkuntzaren arabera bereizten dituen erkidego bakarra. Eta ez du elebidun kopuruarekin zer ikustekorik; zerrenda bakarra onartua baitago Errenterian, Gasteizen, Tarragonan nahiz Ourensen. Eta Nafarroan bertan ere, zerrenda bakarra ezarria dago de facto, beste departamentu askotan, kalapita handirik gabe. Bigarren argudioa, elebakarren bazterketarena, are makurragoa da, irakaslegai guztientzat aukera berberak bermatu nahi izatea erdaldunen aurkako bazterketatzat pasarazi nahi baitute. Egiazki, kontrakoa gertatzen da: euskarazko zerrendan izena emana dutenek debekatua dute gaztelaniazko postuetan aritzea, elebidunak izan edota oposizioan nota hobea atera arren. Postu horiek elebakarrentzat dira gaur egun. Finean, hizkuntza bat gutxiago dakitenentzat autobideko errail bat erreserbatzeko pribilegioa. Hori da mantendu nahi dutena.

Publizitatea

Sortu kontua
Ion Orzaiz Ion Orzaiz

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak