Berria.eus

Kultura Euria ari du emeki

Publizitatea

Kultura

Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. BASQUEWOOD

Euria ari du emeki

 

2017-09-24 / Urtzi Urkizu

Iraganetik gatozela esaten entzun diegu Aitor Arregiri eta Jon Garañori Zurriolako butaka-n, Handia-n gerra karlista agertzen dela erreferentzia egitearekin batera.

36ko gerra, Andoni Egañaren bertso bikain batzuetan. Areka batean faxistek utzi zuten aita, eta haren argazkia gordetzen du Euxebik. Baina besterik ez. Atxur animazio taldearen harribitxia da Areka. Kimuak-eko uzta berriko pieza. Bego Vicariok koordinatutako talde zabal batek osatu du . Beti bezperako koplak lanari jarraipena eman, eta beste behin bertsoa eta animazioa bikain ezkontzen direla erakutsiz.

GALen garaiak usaintzen dira Itxaro Bordaren narrazio batean. 1985ean idatzia da Klara eta biok. Irakurri du pasarte bat Euritan film laburrean. Aipagarria benetan Arantza Santestebanek eta Irati Gorostidik zuzendutako pieza. Euriak aurpegia emeki bustitzea lortzen dute. Une batean gerra matxistaren aurkako mobilizazio baten irudi isilak tartekatuko dira. Gerra bat, bestearen atzetik.

Fikziozko proposamen interesgarria egiten du, bestalde, Andres Daniel Sainzek For the Good Times film laburrean. Donostiako familia tradizional bat da protagonista. Eztabaidarako gai mamitsua proposatzen du: Zer gaude prest senide bati onartzeko?. Familiako gerrak, barne guda zailak.

Mozanbikeko meatzeen errealitate krudela erakutsi du Raul de la Fuentek La fiebre del oro-n, gazte bat kinka larrian jarri du David P. Sañudok Aprieta pero raramente ahoga-n, bihotz formako txuletak bilatu dituzte Ab Alio-n Iñigo Royok eta Iñigo Fernandez Ostolazak. Eta ura erori da bortizki Islandiako paraje basatietan, Koldo Almandozen Plagan-en.

Zinema gerra bat da, eta euria ari du emeki kimu berrietan.

Publizitatea

Sortu kontua
Urtzi Urkizu Urtzi Urkizu

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak