Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Etiketak, balantzan

Publizitatea

Kultura

Bertsolari Txapelketa Nagusia. Etiketak

Etiketak, balantzan

Bertsolari Txapelketa Nagusiko gazteena da Nerea Ibarzabal. Erantzukizun aldetik horrek ez dio pisu handirik sortzen; ez, bederen, emakume izateak sentiarazten dion adinakorik. Aldiz, Asier Otamendik, zaharrenak, adinaren kontua azpimarratu du, 'arabartasuna' baino gehiago.
Nerea Ibarzabal eta Jone Uria saio batean; gaur kantatuko du Uriak, eta bihar Ibarzabalek.
Argazkia: ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS

2017-10-07 / Miren Garate

Ez da lehen aldia, baina «hara, lau emakume» esango du norbaitek gaurko kartelari begiratuta. Edo harrituko da, gipuzkoarrik ez dagoelako. Eskarmentudunen kanporaketa dela esan daiteke, aurrez Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian kantatutakoak baitira guztiak. Edo finalistena dela nabarmendu, batek ez beste guztiek abestu baitute beren herrialdeko azken finalean. Ezaugarri hori izango du biharko saioak ere. Eta hari buruz esan ahal izango da, lurraldetasunaren ikuspegitik, txapelketako pluralena dela, pena dela nafarrik ez egotea. Hamaika modu daude kanporaketak definitzeko, eta zer esanik ez haietan kantatuko duten bertsolariak deskribatzeko. Pertsonak etiketatzearen arriskuez askotan ohartarazi da, ordea, eta bertsolaritzan ere zama bihur daitezke zenbait ezaugarri pertsonal, batez ere norbere burua talde baten ordezkari ikusiz gero.

Nerea Ibarzabalek du aurten txapelketako gazteenaren etiketa. «Objektiboki bai, baina ez dut hala bizi, kide asko baikaude belaunaldi berekoak». Markinarrak 23 urte ditu, eta elkarrizketaren batean esan izan du batzuetan nahiago lukeela 35 urte edukitzea, zenbait bertsolarirekin ari denean izaten duela zalantza esaten ari dena «nahikoa inteligentea» ote den. Iazko abenduan, Bizkaiko Bertsolari Txapelketan, finalerako sailkatu zen, eta saio kopurua nabarmen igo zitzaion. «Pozik amaitu nuen txapelketa, eta, gero, niretzat berriak ziren saio horiek etorri ziren, eta askotan ez nintzen gustura sentitzen: neure burua kokatu ezinda-edo nenbilen. Krisi moduko bat izan dut». Kontatu du oraindik ez dela gai zergatik sentitzen zen hala esateko. «Baina izan ahal da ordura arte inguruko jendearekin kantatzen nuelako eta jende hori falta zitzaidalako». Bertsolari izatea ez da bertsotan ondo egitea bakarrik. «Gauza asko kudeatzeko zailak dira niretzat: gaitasun soziala behar duzu jendearekin harremanak-eta izateko, zure diskurtsoarekiko ardura eskatzen dizu...».

Generoa, ardura

Diskurtsoari lotuta, gazte izateak ez dio sortu aparteko erantzukizunik. Saio mota batzuetan ez du adinkiderik izaten, eta badaki gai batzuk berari tokatuko zaizkiola, baina ez du sentitu zenbait ezinbestean esan beharra, bestela inork ez zuelako aipatuko. «Hori gehiago pasatu zait emakumea naizelako: denak mutilak badira eta ni bakarrik neska, sentitzen dut ardura hori. Uste dut emakume gehienok sentitu izan dugula».

Txapelketan, puntuak sakrifikatzea ere ekar dezake horrek. «Bertsokidea zure gonarekin sartzen bada, barruko troglodita atera, eta handiagoa botako diozu igual, edo hortik ezin duela jarraitu esango diozu». Alde horretatik, itxaropentsu dagoela dio, eta ikusten ditu aurrerapausoak: «Bertsolaritzan, zeure buruarekin eta esan nahi duzunarekin egiten duzu borroka, eta, askotan, inertziaz, esan nahi ez zenuen hori esaten duzu. Baina iruditzen zait gai bat barneratuta badaukazu, irristadak beti izango direla, baina, oro har, lortuko duzula inertzia horiek geratzea».

Txapelketak 43 parte hartzaile ditu, eta, Ibarzabalez gain, beste hamabi dira emakumeak —aurreko txapelketatik ez da aldatu kopurua—. Maiz aipatu izan da: normalean emakume batek halako zerbaitetan izena ematen badu, ondo egin dezakeen ziurtasuna duelako ematen duela —kirolean ere hala omen da: proportzioan oso emakume gutxik uzten omen dute lasterketa erdibidean—. Aurtengo txapelketan, oraingoz, berresten ari da kontua. Hiru kanporaketa izan dira, eta lau emakume bertsolarik hartu dute parte: bik irabazi egin dute, beste batek bigarren egin du, eta besteak seigarren, baina saio oso duina osatuta. «Niri oraindik batzuetan kosta egiten zait bertsolaria naizela esatea; emakume askori gertatzen zaigu: galdetzen digute ea bertsolariak garen, eta erantzuten dugu: 'bueno, ibiltzen naiz zeozer'. Orain, ahalduntze bertso eskolarekin-eta, ari gara horri buelta ematen».

«Prozesu luze bat» du aurretik Ibarzabalek. «Asko hausnartu beharra daukat: zer nahi dudan egin, zer naizen, orain arte egindakoa... Kanpora ere joan nahi nuke; beraz, ikusiko dut, baina, aurrena, aprobetxatu nahi dut txapelketa, gozatu, beste esperientzia bat bizi, eta gero gerokoak».

Ari direla erakusteko

Ibarzabalen beste muturrean, Asier Otamendi dago, txapelketako zaharrena. Hausnarketa hori eginda du, eta, egun, argi du zer eskatzen dion bertsolaritzari, eta zer helbururekin aurkezten den txapelketara. 26 zituenean sailkatu zen aurreneko aldiz. «Asier Otamendi hark ikasi egiten zuen, bertso asko entzuten zituen, bazuen bertsoarekiko sukarra, deskubritu nahi zuen mundu hura. Hori guztia pasatu ondoren, egonkortasun batera iritsi naiz, bertsokera bat dut, eta gauzak egiteko modu bat. Ikasi dudan hori kantuz azaltzea dut helburu orain».

Lehen aldi hartan, «jokatzera» atera zen Txapelketa Nagusira. «Zer nintzen erakutsi nahi nuen, ikusten nuen eskaileran gora egiteko aukera ematen zuela txapelketak». Grina hura galdu du jada, eta bihar beste asmo batzuekin igoko da oholtzara. «Txapelketa ez da lehia bakarrik, bertsolaritza Euskal Herrian zertan dabilen ikusteko modu bat da: erakusleiho bat, egoteko modu bat, saio bat egiteko modu bat».

Txapelketako zaharrena izan arren, bere bertso kuadrillako gazteena da Otamendi. Txapelketa izan edo ez, astero biltzen dira soziedadean, afaldu eta bertsotan egiteko. «Jendea badabil bertsotan 50 urterekin, 58rekin, 63rekin. Hori erakusteko modu bat ere bada niretzat txapelketan parte hartzea. Niretzat, hau da plaza bat erakusteko hemen nagoela, adin honekin, eta adin honetako belaunaldi baten ikuspuntu batekin. Seguru asko, nik izango ditut elementu batzuk 20 urteko batek ez dituenak, eta alderantziz. Iruditzen zait aniztasun horrek aberastu egiten duela bertsolaritza».

Adinarekin eta generoarekin bezala, zenbait bertsolarik sentitu izan dute lurraldetasunaren kupoa betetzeagatik-edo deitu diotela saio batzuetarako. Bertsolari zehatz batzuk eta arabar bat edo Iparraldeko bat edo nafar bat nahi zutela antolatzaileek. «Arabako ordezkari izate horrek ez dit pisu handirik sortzen niri. Hemengo bertsozaleok ezagutzen dugu elkar, eta ulertzen dugu txapelketa nagusia zer den ere».

Oihartzun handia izan zuen, aurtengo Eskolarteko Txapelketan, Aroa Arrizubieta gasteiztarrak txapela jantzi ostean botatako agurrak: «Ta kritikatu gaituzten denak/ izorratu daitezela/ arabar batek lortu duela/ Euskal Herriko txapela», amaitu zuen. «Bakoitzak bere zirkunstantziak, sentipenak eta arazoak ditu, eta norbere iritziak plazaratzea ondo dago. Nik pertsonalki ez dut horrelako kritikarik sentitu», dio Otamendik.

Sarri entzun behar izan du, ordea, Gipuzkoan jaioa dela, gaztetan joan baitzen Arabara bizitzera. «Hemen hasi nintzen eta bertsolari moduan arabarra naizela argi daukat». Esan izan diote euskara aldetik abantaila duela ere. «Baina nahiko absurdoa iruditzen zait hori esatea. Gaur egun, ikastoletan-eta euskara irakasten da, erabaki pertsonala da euskaraz bizi edo ez hautatzea. Hala ere, komentario horiek entzun bai egin ditut, baina leporatu egin didatenik ez nuke esango».

«Seguru asko» aurtengoa izango du azkenengo Bertsolari Txapelketa Nagusia. Txapelketan «salbuespen» moduko bat bezala ikusten du bere burua, antzeko adina izan eta oraindik hor jarraitzen dutenak erdi profesionalak direlako. «Polita litzateke txapelketa adin guztietako jendea egoteko modukoa izatea, baina asko akitzen du, estres handia eragiten du, eta adin batetik aurrera ez zaude trote horietarako. Horregatik mugatzen da gaztearen ausardia eta indar horretara». Aurrez ere hartu izan du atseden Arabako Bertsolari Txapelketan: «Uste dut aurrerantzean ere horrela ibiliko naizela: guztiz aldendu gabe, baina atseden batzuk hartuz».

Publizitatea

Sortu kontua
Miren Garate Miren Garate

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak