Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Egotea bera saritzat dute, baina egitera doaz

Publizitatea

Kultura

Bertsolari Txapelketa Nagusia. Final-laurdenak

Egotea bera saritzat dute, baina egitera doaz

Iritsi zaie hain urrun ikusten zuten ametsa betetzeko eguna lau bertsolariri, eta estreinakoz kantatuko dute Euskal Herriko Txapelketa Nagusian, Alaia Martinekin eta Beñat Ugartetxearekin batera. Lehen aldiari lehenaldian begiratzean, gauza bat nahiko lukete esan: «Eman nuen nire maila».
Bertsolari Txapelketa Nagusia aurkezteko ekitaldia egin zuten asteazkenean Villabona-Amasan (Gipuzkoa). Hantxe elkartu ziren, besteak beste, parte hartuko duten bertsolariak.
Bertsolari Txapelketa Nagusia aurkezteko ekitaldia egin zuten asteazkenean Villabona-Amasan (Gipuzkoa). Hantxe elkartu ziren, besteak beste, parte hartuko duten bertsolariak. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

2017-09-23 / Miren Garate

Gerta daiteke Maialen Lujanbiok eta Sustrai Colinak egindakoa egitea: lehen parte hartzean, behe-behetik hasi eta finaleraino iristea. Izaten dira bestelakoak ere. Gerora ibilbide oso polita osatzen ari den arren, Odei Barrosok aitortu izan du esperientzia txarra izan zela, sufritu egin zuela estreinakoz Euskal Herrikoan kantatu zuenean. Lehen aldi hartaz, anekdota bat ekarri du gogora Igor Elortzak. 1993a zen, eta finaletik puntu erdira geratu zen. Finalaren bezperan, 20:00 aldera, Jon Lopategik deitu zion: «Aritz Lopategi 38 gradutik gorako sukarrarekin zegoela eta, ea nik neure burua biharamunean Anoetako Belodromora joan eta finala jokatzeko moduan ikusten nuen galdetu zidan. Ez dakit seguru zer erantzun nion, baina ezetz behintzat».

43 lagunek hartuko dute parte aurtengo Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketa Nagusian, eta, horietatik, 11rentzat izango da lehen aldia. 30 urte eta erdikoa da haien batez besteko adina. Ez dago inor berririk Lapurdi, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ordezkarien artean; ezta Arabakoetan ere. Aurreragoko saioren batean aritzea egokitu zaie Ander Fuentes Itturri, Beñat Iguaran, Unai Gaztelumendi, Oihana Iguaran, Nerea Ibarzabal, Eneko Lazkoz eta Xabat Galletebeitiari. Aitzitik, gaur bertan dute debuta Aimar Karrikak, Ander Lizarraldek, Xabi Maiak eta Mikel Artolak. Alaia Martinekin eta Beñat Ugartetxearekin ariko dira, Baigorriko Ezker Paretan (Nafarroa Beherea), 17:00etan hasita.

Aukeran emanez gero, nahiagoko lukete bigarren edo hirugarren saioan aritzea. Gaur, guztia berria da: ez dago puntuazioaren erreferentziarik; ikusteko dago gaiak zein estilotakoak izango diren; irudia, sintonia, barneratu egin behar da giroa. «Leitzakoen atzetik kantatzea ere ez zen ederra izango», dio Maiak —Eskarmentu handiko bertsolariak egokitu dira saio horretan—, zozketaren emaitzari garrantzia kenduz. Berdin Lizarraldek ere: «Lehen saioan sentsazio on bat utziz gero, hori hor geratzen da. Normalean, gainera, bertsotan ondo egiten duenak aurrera egiten du, lehen saioa izan edo azkenengoa izan». Zain egon beharrak urduritasuna handitzea ere ekar dezakeela aipatu du Artolak. Karriba, berriz, tokatu zaionaz bereziki pozik da: «Nik han nahi nuen, sari bikoitza da niretzat. Auritzekoa naiz, eta lanean Lapurdiko bertso eskoletan nabil gehienbat. Etxean sentituko naiz».

Tokatu da, gainera, hasiberri gehieneko saioa izatea aurrenekoa. Bi alde ikusten dizkiote horri ere. Esperientzia faltaren eta ilusioaren arteko kontrastea alde batetik. Presio gehigarria ere bai, erakutsi beharra zerbaitengatik daudela hor. Era berean, presio gutxiagorekin aritzeko modua, askeago, dena irabazteko izateko sentsazioz eta publikoa harritzeko gaitasun handiagoz.

Ilusioz betea, animoso, gogoz, urduri. Hitz horiek aipatu dituzte arratsaldekoari begira jartzeko eskatuta. Txapelketa Nagusian abesteko aukerari buruz, amets bat betetzea, sari bat. Ez dute eman izena plaza goseagatik. Onartzen dute beso zabalik hartuko lituzketela batzuk gehiago, baina, oro har, dituztenak mantenduz gero, konforme leudeke. Helburuei dagokienez, bat nabarmendu dute beste guztien gainetik: denen artean saio on bat osatzeko gai izatea. Hala ere, bat etorri dira laurak: ez dira konformatzen orain artean lortutakoarekin, koska bat gora egin nahi dute beren mailan; besteak beste, badakitelako hori eginez gero finalaurrekoak ere eskura samar izan ditzaketela.

Gozatzeari bueltaka

Asteazkenean egin zuen Bertsozale Elkarteak txapelketaren aurkezpen festa, eta tartean, Iñaki Murua elkarteko lehendakariak hartu zuen hitza. «Gozatzeko» esan zien bertsolariei: «Egin itzazue ahalik eta ekarpen interesgarrienak, baina, batez ere, goza ezazue; hala gozatuko dugulako guk». Azken egunotan, asko entzun du aditz hori Maiak. «Orain, gozatzera», esaten diote kalean. «Oholtzan sentsazio onak izatea, gozatzen ari naizen sentsazioa izatea, gustatuko litzaidake, noski, baina Baigorrira zerbait ematera noa, ez lagunartean lau irri egitera. Nafarroako ordezkari bezala noa, gainera, eta erakutsi nahi dut zerbaitengatik nagoela hor».

Gozatzen, benetan, astelehenean hasiko dela azaldu du, honetan edo hurrengo batean, baina astelehenean. Udaberrian jokatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketa, eta finalean bosgarren geratuta lortu zuen gaur bertsotan egiteko aukera. «Zalantza handiak izan nituen izena eman edo ez. Txartela eskuratu arren, mamu batzuk edo konplexu batzuk etorri zitzaizkidan, ea nire maila Euskal Herrikoan plazaratzeko bestekoa zen eta abar». Ingurukoek animatu zuten. «Behin izena emanda, motibazioa handia da».

Maiarena ez baita bertso ibilbiderik ohikoena. «2009an sortu genuen Baztango bertso eskola, eta orduan hasi nintzen bertsotan. Ez dut eskolartekoetan parte hartu. Hirugarren Nafarroako Txapelketa nuen aurtengoa. Sentsazio hauek berriak dira niretzat». Bestelakoa da, adibidez, Lizarralderen kasua. 33 urte izan arren, orain 20 urte egin zuen lehen plaza. «Nire mailaren barruan, baina bizitza erdia baino gehiago daramat kantatzen eta bertsoa sentitzen. Gurekin hasi ziren gehienek utzi zuten, eta poz ematen dit nik hor jarraitzen dudala ikusteak».

Entrenamenduetan, behintzat, gozatu egin du. «Eta hori ez da oso ohikoa nigan. Gutxitan pasatu zait koadernoarekin etxean gustura aritzea». Parte teknikoa du batetik bertsoak: doinu, errima eta neurriaren zatia. «Gerta daiteke, ordea, emozioek gain hartzea eta teknikoki landutako guztia bazterrean geratzea». Horregatik, ahaleginduko da ohiko bertso saio batera joaten den tenplearekin joaten Baigorrira. «Kontentu joan nahi dut, ez neure buruarekin haserre, baizik eta ilusioz. Inportantzia gehiegi emanez gero, bada arriskua pixka bat blokeatuta joateko, eta ez nuke halakorik nahi».

Bertsotan esaten duenarekin ez ezik, keinu eta abarrekin ere bilatzen du oiartzuarrak entzuleekiko konexioa. «Jo izan didate adarra horrekin, Mañukorta ematen dudala, eta abar; baina aktore txarra naiz, berez ateratzen zait halaxe». Bertsoa ulertzen duen moduan transmititzea, erronka hori jarri dio bere buruari. «Askotan gertatzen da, doinua eta errima kenduz gero, elkarrizketa askok zentzurik ez izatea. Saiatuko naiz hartu-emanean aritzen». Bakarkakoarekin konforme geratzea du beste desioetako bat, orain artean kosta egin izan zaiolako jendaurrean saio biribil bat egitea.

Antzeko jarrerarekin doa Karrika ere. «Txapelketari pisu guztia kendu nahi diot, kantura noa beste bost kantukideekin. Gozatzera? Bai, horregatik aritzen gara bertsotan, baina ez giroaz gozatzera, nire bertsoez gozatzera gehiago, gozamenetik ari naizenean asmatzen dudalako gehiago». Publikoaren artean, seguruena, ikasleren bat edo beste ere izango du adi begira. «Xilabako txapelketara haur eta gazte dezente joaten da; ea gaur ere hala den».

Kantaera dotorea du auriztarrak. «Hasieran, ez nuen sobera ondo hartzen hori esaten zidanean. Kantaeraz baino, nahiago nuen botatako bertsoez hitz egitea. Orain, estimatzen dut». Seikotea ikusita, badirudi umoretik joan daitekeela saioa. «Nahiko nuke, ea tenplea dugun. Egia esan, oso pozik nago tokatu zaizkidan kantukideekin. Ez dira, ziurrenik, jendeak faboritotzat joko dituenak, baina gustatzen zait duten kolore berezia».

Gustura seikotearekin Artola ere. Orain bi urte, Gipuzkoako txapelketan, ez zuen urrun izan finala: 11. geratu zen. «Bertso eskolako bederatzik hartu genuen parte, eta oso ondo prestatu ginen. Orain ere ari gara: hasi, uda aurretik egin ginen; udan, astean behin ere elkartu ezinda ibili gara; eta txapelketa aurkeztu zenetik, bizpahiru egunean behin behintzat biltzen gara». Puntuei erantzun beharreko ariketak ematen dio kezka gehien.

Bertso eskolakoek festa moduan hartu dute eguna, «baina nahi nuke han egotea, distraitu gabe». Txapelketak asko erakartzen duela dio. «Prestatzeko motibazioa ematen dizu: dena ondo antolatuta dago, gaiak ondo jarrita daude, jendea entzutera doa...». Aldi berean, ardura ere eragiten dio horrek guztiak. «Saioaren gaineko ardura kolektiboa gehiago sentitzen dut oraingoan. Esperientzia gehiagoko jendearekin tokatuz gero, pixka bat haien esku uzten duzu ardura hori, baina, honetan, denok joango gara saioa aurrera ateratzeko erantzukizunez».

Beste biak, bigarrenez

Laurentzat lehen aldia, eta gainontzeko bientzat, bigarrena. 2013koan kantatu zuen estreinakoz Martinek. Finalaurrekoetan eta urrunago ere ikusten dute bertsozaleek. Ikusten dute, erakutsi duelako gai dela; esaterako, orain bi urteko Gipuzkoako txapelketan, Bakarkakoetan, abila da detailez betetako kontakizunak biribiltzen; punta ateratzen die gaiei; ironia finez aritzen umoreko gaietan.

Zalantzarik gabe umorea da Ugartetxearen indargune nagusia ere. Ezaguna da Bizkaiko txapelketan eta plazetan. Txapelketan ere plazatik gertueneko saioa egiten duen bertsolarietako bat izango da. Ateraldiekin harritzen du publikoa, eta eskertzen diote jarrera.

Publizitatea

Sortu kontua
Miren Garate Miren Garate

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak