Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua U-1ak gorputzetan

Publizitatea

Mundua

Kataluniako erreferenduma

U-1ak gorputzetan

Joan den igandean bizitako emozioek arrakala sakona eragin zieten eskolak defendatzen ari ziren herritar askori barruan. Alde batetik, lorpenaren poza dute; baina, bestetik, izua ere ez zaie gorputzetik atera.
<em>Eraso baten aurrean, atera lapikoa</em> lelodun afixa, atzo, Bartzelonako Sants auzoan.
Argazkia: SAMARA VELTE

2017-10-08 / Samara Velte - Berriemaile berezia

Urriaren 7an, lasai dago Sants plaza. Larunbat goiz eguzkitsua da, jendea bermutera hartzeko bidean dago bazkalosterako pasteltxoak jaso berritan. Baina joan den asteburuan hauteslekuak defendatzen ibili ziren pertsona askorentzat, lasaitasun faltsua da: gorputzean dute oraindik erreferendumeko tentsioa. Noizbait galdetuko diote elkarri «Eta zu, non zeunden urriaren 1ean?», eta kosta egingo zaie kontakizun epikorik ez egitea. Joan den igandekoa ekintza gogoangarria izan zelako egiaz. Baina gogorra ere bai; Poliziak eskola batzuetan erabilitako indarkeriak herrialde osoan hedatu zuen izua. Horregatik, erreferenduma igaro eta astebetera, elkar topatzeko eta sentipen eta gorputzaldiez hitz egiteko elkartu dira hainbat herri eta auzotan.

«Aste zaila izan da guztiontzat», zioen Crida per la Democraciak telefonoz zabaldutako deialdiak: «Horregatik, oso garrantzitsua da egunotan elkarri afektua eta maitasuna ematea. Deskantsatu, ongi jan, lagun eta senideekin elkartu, haizea hartu, ongi pasatu. Indarrak hartu behar ditugu, herrialdearentzat egun oso garrantzitsuak datozelako. Elkartuta jarraituz gero, herrialde honek historia idatziko du».

Sants plazan dauden batzuk «nekatuta» daude historia idazteaz. «Oraindik ez dut denborarik izan argazkiak begiratzeko ere», azaldu du Cati izeneko emakume batek. Apurka hasi da egun hartan gertatutakoa barneratzen: «Nik bi gauza baino ez neuzkan buruan: boto kutxak eta eskola defendatzen ari zen jendea». Santsen ez ziren poliziak eskoletara sartu, baina beste auzoetako irudiak heltzen zitzaizkien, eta horrek tentsioa sortu zuen. «Une batetik bestera sartuko zirela uste genuen, eta kutxak non gorde pentsatzen ahalegintzen ginen. Azkenean, hiru ezkutatu genituen, gehienez ere bi eraman zitzaten».

7 urteko semea du alboan Catik; urriaren 1ean ikastetxean zegoen hura ere. «Bazetozela uste genuenean, barrura sartzen genituen umeak, eta abesten hasten ginen. Baina beraiek sumatzen zuten tentsioa. Pentsa, orain umea Poliziaren autoak zenbatzen ibiltzen da kalean; iruditegi hori gelditu zaio», esplikatu du amak. «Gaur mossoen auto bat eta udaltzainen bi ikusi ditugu», zehaztu dio semeak. Amak galdetu dio: «Eta zer egin behar da Polizia etortzen bada?». «Suhiltzaileei deitu!».

Metro batzuk harago, bi gazte pankarta antifaxista bat margotzen dabiltza. Eskuin muturreko taldeek manifestaziora deitu dute Bartzelona erdialdean, eta kezkatuta daude. «Eraso baten aurrean, atera lapikoa», dio afixak. «Ezingo da alderatu manifestazio independentistekin, baina handia izango da», uste du Sonia gazteak. «Poliziaren bortizkeriak animoak eman dizkie hauei. Espero dut ezer ez gertatzea».

Kontakizun kolektiboa

Boto kutxak, suhiltzaileak, adineko boto emaileak... Urriaren 1aren kontakizun kolektiboak baditu jada bere irudi eta pertsonaia sinbolikoak. Sants plazan bildutakoek egun hartako argazki eta bideoen erakustaldia antolatu dute: gehienetan, jendea harro bozkatzen ikus daiteke; baina badira beste eskoletako Poliziaren oldarraldiak erakusten dituztenak ere. Apurka, hasi dira istorioak elkarrekin harilkatzen. «Beldur handia pasatu genuen, baina jendearen erantzuna izan zen onena», uste du Xavi gazteak: «Geratzeko eskatzen genien, eta orduak pasatzen zituzten. Auzokide ezezagunekin oso lotura berezia sortu zen, eta, harrezkero, ia ez dugu aukerarik izan horri buruz hitz egiteko».

Publizitatea

Sortu kontua
Samara Velte Samara Velte - Berriemaile berezia

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak