Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Emozioen gerra

Publizitatea

Iritzia

HIZPIDEAK

Emozioen gerra

 

2017-10-07 / Mikel P. Ansa

Neus Catala i Pallejak 102 urte bete zituen atzo. PSUCeko kidea, 1937an erizain diplomatu eta gerrako zaurituak zaintzen aritu zen Bartzelonan. Gerra galduta, muga pasatu zuen frankistengandik ihesi, ardurapean zeuzkan 180 umezurtzekin. Aurki hasi zen Erresistentziari laguntzen. Atxilotu zuten naziek 1943an, eta eraman zuten Ravensbruckeko kontzentrazio esparrura; esaten dute armak boikotatzen zizkiela naziei hango lantokian. U-1ean, bere botoa sartu zuen Espainiako Gobernua umiliatzen saiatu zen boto kutxa batean, umiliatzen saiatu zen erreferendum batean, umiliatzen saiatu zen herrialde batean. Eta, Neus Catalak bezala, beste 2.2286.217 katalanek ahaldundu zituzten beren buruak, joan den urriaren 1ean, Espainiako indar armatuen mehatxuaren aurrean, desobedientzia ekintza historiko bat egiteko. Kataluniako egoera oso nahasia da egun hauetan, eta era guztietako albisteak zabaltzen dira: enpresen ihesa, boikot deialdiak, eztabaidak, kontraesanak, auzitegiak, mehatxuak, negoziaziorako deiak... Gezurrak eta erdi egiak entzutea tokatuko da datozen egunetan, eta erraza izango da perspektiba galtzea. Egunotako uholde informatiboaren gainetik, ordea, igandean katalan herritarrek egin zutenak iraun egingo du, betiko geratuko da haiengan, erreferenduma haragiztatu egin zutelako, emozioekin eta gorputzekin defenditu zutelako galdeketa, eta memorian iltzatu zutelako horrela. Pentsamendua ez ezik, emozioak ere deskonektatu dituzte. Eta horrek ez dauka atzera bueltarik.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak