Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Elkortu da

Publizitatea

Iritzia

HIZPIDEAK

Elkortu da

 

2017-10-08 / Jon Ordoñez

Kataluniako prozesuak agerian utzi du elkortu dela hamazazpi autonomia erkidegoen sistema Espainian. Estatuak ia 40 urte daramatza legeari izkin egiten, bereak izan beharko ez luketen eskuduntzak gordetzen, eta, hala ere, berriro zentralizatzeko gogoa geroz eta handiagoa da unionisten arten; bere garaian militar frankistak baretzeko asmatu zen formulak nostalgikoak betetzeko ere ez du balio.

Autonomien sistema ez zen sortu Espainia deszentralizatzeko. Kafea denontzat kontzeptuaren atzean ez dago boterea banatzeko nahia, baizik eta nazio batzuen aldarrikapenak berdintzeko estrategia bat. Autonomien sistema Espainiako militarrak gogobetetzeko sortu zen, Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako lurraldetasun nahiak (saihetsezina zitzaien horiek aitortzea) inolako aldarrikapenik ez zuten beste lurralde batzuekin berdinduz. Iragan dira 40 urte, eta unionismoa kalean da berriro, prozesuaren aurka ez ezik, euren iruditerian hori ahalbidetu duten deabruen aurka ere: hezkuntza eskumena, tokian tokiko hedabide publikoak, gaztelera ez diren beste hizkuntzak babesteko legeak... Autonomien aurka, alegia.

Autonomia aldarrikapenak goitik berdindu zituen kafeak. Batzuentzat mingotsa, besteentzat gozoa, berdina denontzat. Hala Euskal Herrian, nola Murtzian. Orain azpitik, denontzat kafe luzea eta kafeinagabea ateratzeko eskatzen ari dira. Autonomiarik gabeko erkidego automatak nahi dituzte.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak