Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Kanpotik (II)

Publizitatea

Bizigiro

EKOGRAFIAK

Kanpotik (II)

 

2017-10-13 / Miren Manias

Lehen aldia da zutabe baten bigarren zatia idazten dudana. Aurrekoaren azken karaktereak iristerako konturatu nintzen aditzera eman nituenek adibide zehatzak behar zituztela. Egia esan, bi mila karaktere gutxiegi dira gauza batzuez aritzeko —beste batzuetarako, ordea, gehiegi—. Atzerrian bizi zarela, jatorrizko herrialdean gertatzen diren gauzez duzun ikuspegiaz (kritikoegia zenbaitetan) ari naiz. Kasu honetan, telebistaz. Izan ere, aberasgarria iruditzen zait kanpora begiratzea besteek zer egiten duten ezagutzeko. Ikusten duzun horretaz ikasteko. Eta ondotik, aukera balego, etxera bueltan ekartzeko ideia berriak. Parada ona da, aldiz, enbaxadore lanak egiteko ere. Euskal Irrati Telebista Publikoaren eredua ezagutzera emateko. 1980ko hamarraldiaren hasieran, orain 35 urte, «euskara indartzeko helburuarekin» Eusko Legebiltzarrean adostutako erakunde komunikatiboa.

1982tik, ETB1ek garai berriak ekarriko zituen hizkuntzaren normalizaziorako. Izatez, gaztetako oroitzapen oso onak ditut. Fikziozko edukien gainean, bereziki: Bi eta bat (1991), Jaun ta Jabe (1997), Martin (2003-2009), Goenkale (1994-2015)... telesailak esaterako —aitarekin ikusten genuen azken hori—. Marrazki bizidunak bigarren eduki izarra ziren ETB1n. Nor ez da Dragoi bola edota Doraemon-ez akordatzen? Gogoan dut, urtero, oporrak Katalunian pasatzen genituenean ez zela gauza bera horiek beste hizkuntza batean ikustea. Hiru urte geroago, 1985ean, ETB2 sortu zuten. Euskarazko katearen gaztelaniazko bertsioa. Ordutik, arreta (ekonomikoa) eta mimo handiagoa jarri zaio kate horri. Eta ondorioz, gradualki bada ere, joera horrek murriztu egin dio audientziari (euskaraduna ala ez) hizkuntza bati lotutako argazki soziala. Gure amak aurretiko erretiroa hartu berri du, eta euskara ikasten hasi da. Pentsatzen dut hasierako gogoberotasunaren eraginez izango dela, baina, orain egun osoan dauka ETB1 piztua eta euskarazko prentsa erosten hasi da. Aitak, berriz, euskarazko irratia entzuteari ekin dio —amari inbidia pixka bat diola uste dut—. Distantziatik ikusten dudana da, gutxienez, frogatu dugula urte askoan gauzak ondo egiten badakigula. Oraintxe, ordea, zalantza dut egungo ETB1eko eta ETB3ko eduki eta programazioak lortuko duen gure ama pantailari itsatsita jarraitzea.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak