Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Inoizko zerga bilketarik handienak ez du gasturako diru gehiago utziko

Publizitatea

Ekonomia

Inoizko zerga bilketarik handienak ez du gasturako diru gehiago utziko

Foru ogasunek 14.367 milioi bilduko dituzte, Madrilek atxikiak zituen 600 milioi euro bueltatu ondoren. Markel Olanok ziurtatu du zerga erreforma baterako akordioa «berehalakoa» izango dela
Finantzen Euskal Kontseilua: Unai Rementeria, Markel Olano, Ramiro Gonzalez, Pedro Azpiazu, Josu Erkoreka eta Eudeleko ordezkariak.
Argazkia: JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-10-12 / Ivan Santamaria

Albiste oso on bat, baina, aldi berean, «desgrazia txiki bat», Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuaren hitzetan. Aurten, EAEko erakundeek inoiz baino diru gehiago bilduko dute zerga bidez, baina Jaurlaritzak ezin izango ditu erabili aparteko diru sarrera horiek aurtengo gastua handitzeko edo heldu den urteko aurrekontua osatzeko. Kontrara, defizita estali beharko du diru horrekin.

Hasteko, zenbakiak. Finantzen Euskal Kontseiluak bilera egin zuen atzo. Horretan, ohi denez, aurtengo zerga bilketaren itxieraren eta heldu den urteko bilketaren aurreikuspenak onartu zituzten Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek, eta Eudelek. Guztira, 14.367 milioi euro sartuko dira foru ogasunen kutxetara. Inoizko kopuru nominalik handiena da. Krisi ekonomikoak eztanda egin aurreko 2007. urte urrun horretan baino 595 milioi gehiago dira.

Ñabardura batzuk egin behar zaizkio errekor horri, ordea. Ez da izan besteak bezalako urte bat. Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak hamar urtez kupoari buruz izan dituzten desadostasunak itxi dira, eta akordio horrek eragina izan du baita bilketaren emaitzan ere. Izan ere, BEZaren doikuntzetatik atxikia zuen dirua pagatu du azkenik Madrilek. 600 milioi euro dira, eta, neurri handi batean, horri esker, ogasunek aurtengo aurrekontuak egin zirenean aurreikusitakoa baino %6,4 gehiago bildu dute. Guztira, 869 milioi gehiago izan dira.

Hainbat urtez zerga bilketaren kalkuluan huts egin, eta gasturako aurrekontuetan doikuntzak —murrizketak, esan nahi bada— ezarri dituzte administrazioek urtearen joanean. Aparteko diru sarrera horietatik parterik handiena Iñigo Urkulluren gobernuak jasoko du, baina ez du praktikan efektu handirik izango. Aurtengo aurrekontuak egin zirenean gastuen eta diru sarreren arteko aldea, defizita azken finean, %0,6 zen. Aurreikusita ez zeuden aparteko sosak zulo hori estaltzera bideratu beharko ditu Urkulluren gobernuak. Posible da aurtengo ekitaldia defizit oso txiki batekin edota kontuak orekatuta amaitzea, horren ondorioz.

Azpiazuk eskertuko luke diru hori eskura izatea heldu den urteko aurrekontu proiektua egiteko. Salburuak berriro ere sudoku korapilatsua du aurrez aurre. Nola da posible zerga bilketa maila historikoetan egotea eta kontuak egiteko zailtasunak izatea? Erantzuna bi hitzetan laburbil liteke: defizita eta zorra. Espainiako Gobernuak ezarritako bide orriari jarraituz, defizita pare bat hamarren murriztu beharko du Urkulluren gobernuak. Hots, 140 milioi beste nonbatetik ateratzera behartuta dago.

Defizita estutzearekin batera, krisiaren aldirik gordinenetan hartutako zorra bueltatu behar da. Jaurlaritzak dokumentu ofizialetan azaldutako kalkuluen arabera, aurten baino 300 milioi gehiago gastatu beharko ditu datorren urtean zorra bueltatzeko, amortizazioak eta hartzekodunei ordaindu beharreko interesak kontuak hartuta. Bi faktoreak aintzat hartuta, aurrekontuak egiteko 440 milioi gutxiago dira, hasteko.

Kontuak orekatu ahal izateko Jaurlaritzak alde du zerga bilketaren aurreikuspena. Kontseiluak atzo zehaztutakoaren arabera, 2018. urtean 14.391 milioi bilduko dituzte ogasunek. Errepikatuko ez diren aparteko diru sarrerak kenduta —Madrilek ordaindutako BEZaren doikuntzak— aurten baino %4,5 gehiago litzateke. Zerga bilketa horretatik 9.523 milioi emango dizkiote foru aldundiek Jaurlaritzari, aurten baino 420 milioi gehiago.

Aurrekontu proiektua urriaren 24an onartuko du Gobernu Kontseiluak. Orduan ezagutuko da politikak garatzeko zenbat diru geratuko zaion Urkulluren gobernuari. «Ez dira izango aurrekontu harrigarri batzuk», aurreratu zuen Azpiazu sailburuak, edonola ere.

Erreforma eta Mercedes

Zerga bilketaren aurreikuspen horietan ez dago sartuta, oraingoz, EAJ eta PSE negoziatzen aritu diren erreforma. Hasiera batean atzo arteko epea jarri zuten alderdiek, baina gehiago luzatzeko aukerari atea zabalik. Erreformaren edukia ez zen aldundien eta gobernuaren arteko bileran jorratu, baina Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ziurtatu zuen jeltzaleen eta sozialisten arteko akordioa «berehala» lortuko dela, «oso hurbil» daudelako.

PSE-EEren ezezkoa dela-eta sozietate zergaren tasa nominala (%28) murriztea baztertu dute, eta araudiari moldaketa txiki batzuk proposatzea aztertzen ari dira alderdiak orain. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia izan da jendaurrean enpresen irabaziei tasa jaistea gehien defendatu duena. Rementeriak garrantzia kendu zion erabakiari, eta zerga sistema zerbait «bizia» dela azpimarratu zuen. «Izango da beste aukeraren bat», ziurtatu zuen.

Mercedesen bilketari dagokion partea bai dago kalkuluetan sartuta. Jakina denez, ibilgailu multinazionalak bere antolakuntza juridikoa aldatu du, eta horren ondorioz Araban zergak pagatzeari utzi beharko dio, gutxienez berrehunen bat milioi euroko zuloa utzita. Kupoari buruzko akordioen barruan, Espainiako eta EAEko administrazioek Mercedesen aldaketaren ondorioak aztertzeko eta irailaren 30erako irtenbide bat adosteko konpromisoa hartu zuten. Epemuga igarota, auziak zabalik jarraitzen du, baina akordioa lortuko den itxaropena ez du galdu Azpiazuk.

Ez da akordiotik zintzilik geratu zen hari bakarra. Oraindik ere Kupoa eta Kontzertu Ekonomikoa eguneratzeko hitzartu ziren lege proiektuak aurkeztu gabe daude Espainiako Gorteetan. «Ez dago Madrilgo gobernua bere momenturik onenean», argudiatu zuen sailburuak, Katalunian ireki den gatazka gogoan. EAJk Espainiako 2018ko kontuak babesteari eman dion ezetzak eta proiektuak aurkezteko atzerapenak ez dutela loturarik espero du. «Bi gobernuen arteko akordio irmoak daude, eta erabateko balioa dute», zehaztu zuen, baina, badaezpada, oharra ere utzi zuen argi: «Akordio horiek haustea izugarri larria litzateke, horregatik ez dut pentsatu ere egin nahi».

Kupoaren akordioaren arabera, Espainiako Gobernuak 1.400 milioi itzuli beharko dizkie Jaurlaritzari eta Foru Aldundiei, datozen bost urteetan. Parterik handiena aurreko urteetako kontuak orekatzeko erabilia zuten euskal administrazioek, baina 361 milioi banatzea falta zen. Diru horretatik 91 milioi eskuratuko dituzte aldundiek, ondoren herrialde bakoitzean udalekin elkarbanatzeko. Banaketaren itxiera otsailean itxiko dute, eta helburua da eragin neutroa izatea. Hots, finantza harreman guztiak aintzat hartuta administrazio bat ere ez kaltetua izatea banaketaren ondorioz.

EH Bildu eta PP, kritiko

Kontseiluaren bileraren harira oposizioko alderdien kritikak iritsi ziren. EH Bilduren ustez, EAJk eta PSE-EEk zerga erreformaren «kudeaketa negargarria» egin dute, ez dutelako nahi izan horri buruz negoziatu. Leire Pinedo legebiltzarkidearen aburuz, egoera «larria» da, eta kontseiluaren bileraren beraren legezkotasuna auzitan jarri zuen, gai zerrendan ez zelako gaia aipatzen.

Bestalde, PPk bilketaren errekorra baliatu zuen, enpresei eta hiritarrei zergak jaistea eskatzeko. Anton Danborenea popularraren ustez, krisian bilketari eusteko zergak igo baziren, orain «logikoa da» murriztea.

Publizitatea

Sortu kontua
Ivan Santamaria Ivan Santamaria

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak