Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Sei milurtekoz Trebiñun

Publizitatea

Gizartea

Sei milurtekoz Trebiñun

Europa osoan den Neolito aroko harrobi multzorik zabalena Euskal Herrian dago. Arkeologoak Trebiñuko 'Pozarrate' izeneko aztarnategia arakatzen ari dira, duela 6.000 urteko sekretuak azaleratzeko.
Aztarnategian batera ari dira hainbat alorretako profesionalak eta ikasleak.
Aztarnategian batera ari dira hainbat alorretako profesionalak eta ikasleak. BERRIA

2017-07-30 / Juanma Gallego

Hiru gazte azaldu dira, korrika, aztarnen klasifikazio gunera. «Ofita bat, ofita bat!» Norgehiagokan ari dira, alaitsu, lehenago nork ikusi duen ezbaian. Arroka berezia da. Urizaharran (Araba) azaldu ohi da, baina Araikako mendilerroan dagoen Pozarrateko aztarnategian agertu da, lurpean. Norbaitek ekarri du. Norbaitek ekarri zuen, hobeto esanda. Hor datza haren garrantzia. Iraganean izandako jarduera baten aztarna da bi euroko txanpona baino handiagoa ez den arroka puska hori.

Neolito aroko Europako meatzaritza gunerik zabalena da Pozarrate, eta hango sekretuak pixkanaka ateratzen ari dira. Zortzi urte eman ditu jada Andoni Tarriño geologoak aztarnategia arakatzen, baina iaz lortu zuen hiru kanpaina abiatzeko beharrezkoa duen laguntza ekonomikoa, Espainiako Lehiakortasun Ministerioan aurkeztutako proiektu bati esker. Aurtengo kanpainarako, Gaztela eta Leongo Juntaren eta Arabako Diputazioaren laguntza ere lortu dute.

CENIEH Espainiako Giza Eboluzioaren Zentroko ikertzailea da Tarriño, eta, bere doktoretza tesia egin zuenetik, gertutik erreparatu dio silexaren arrastoari. Adituak azaldu duenez, Euskal Herrian, bereziki, hiru tokitan dago silexa: Urbasan (Nafarroa), Barrikan (Bizkaia), eta Trebiñun (Araba). Baina silexa eskuratzeko meatzaritza Trebiñun baino ez zen garatu. Duela 6.000 urte inguru, Neolito garaiko gizakiek baliabide horren ustiaketa sistematikoari ekin zioten. Ondorioz, paisaia eraldatu zuten. Aspaldi jakin zen Trebiñun historiaurreko silex asko zegoela. 1950eko hamarkadan, Deogracias Estavillo irakasleak silexezko milaka nukleo aurkitu zituen. Material preziatua zen. «Eskura izanez gero, historiaurreko gizakiek silexa erabiltzen zuten beren tresnak egiteko».

Duela 40.000 edo 50.000 urte sortu zen silex hau, Miozeno aldian. Garai horretan, aintzirak eta zingirak zeuden gaur Trebiñu den eremuan. Hango uretan silizioa prezipitatu zen, eta silexezko noduluak eta estratuak sorrarazi. «Mendilerro hau, funtsean, kaltzitaz osatuta dago, eta, barruan, silexezko 30 edo 40 estratu inguru daude; kalitate handikoa da, gainera. Horregatik, historiaurreko gizakiei asko interesatzen zitzaien eremu hau».

Mendia zulatuta

Paleolito arotik baliabidea ustiatzen bazuten ere, Neolito aroan sortu zen baliabide hori ustiatzeko beharrezkoa zen garapen soziala eta ekonomikoa. Guztira, zortzi tokitan mendilerroa zulatu zutela uste du Tarriñok. Aurretik susmoa bazuen ere, LIDAR izeneko teknikari esker baieztatu zuten mendi horretan aski interesgarria zen zerbait zegoela. «Hegazkin batetik laser baten bitartez egiten den eskaner antzeko bat da hori. Eusko Jaurlaritzak zerbitzu hori eskaintzen du, eta, horri esker, aztarnategia ikusi genuen», esplikatu du geologoak.

Lan gogorra dute aurrean. Izan ere, historiaurreko meatzariek botatako hondarrak jasotzen ari dira. Interes arkeologikoa izan ala ez, 25 zentimetro baino gehiagoko tamaina duten harri guztiak dokumentatzen ari dira, eta horrek lana moteltzen du. Orain arte, material arkeologiko interesgarriak azaldu dira: garrantzitsuena, agian, pikotx gisa erabilitako orein adarra da, hiru metrokoa. Zundaketa batean agertu zen, iazko kanpainan. Induskatu baino lehen, arkeologoek zundaketak egiten dituzte jakiteko lurpean dagoena interesgarria ote den.

Aurten lortutako piezak ditu esku artean geologoak. Harri arruntak dirudite, eta, mendian ikusiz gero, seguruenera, ez lukete batere arretarik erakarriko. Baina, testuinguru egokian, eta aditu baten begirada arretatsuari esker, iragana argitzeko gako garrantzitsuak dira. Horietatik, batzuk alboratutako silex noduluak dira, duela sei milurteko meatzarien «kalitate kontrola» gainditu ez zutenak eta, ondorioz, hondar artean geratu zirenak. Beste batzuk, ordea, lurra zulatzeko tresnak dira. Tartean, ofitaz egindako mazoak eta silexez egindako tresnak ere badira.

Harri puska horietatik abiatuz, duela 6.000 urteko gizartearen bizimodua argitu nahi dute. Modu antolatu batean joaten ziren. Baina Tarriñok aitortu du zaila izango dela meatzari horien herrixkak eta lantegiak topatzea. Gertuen dagoen aztarnategia Larrenkekoa da, Eneolito arokoa —gizakia lehen metalak erabiltzen hasi zen garaikoa, hain zuzen—. Halere, Trebiñuko silexa aintzira batean sortu izanak abantaila garrantzitsua dakar: inguruetan ez da ohikoa jatorri horretako silexa, eta, hor harrapatuta dauden mikrofosilak aztertuz, adituek haren aztarnari jarraitzeko aukera dute. Mendebaldetik, Asturiasera iritsi zen (Espainia); ekialdetik, Landetara (Frantzia). «Gure lehen multinazionala izan zen», azaldu du geologoak, txantxetan.

«Era antolatuan» ari ziren

Lehenengo «merkataritzaren» aztarna horiek, gainera, Neolito garaia baino lehenagokoak dira. Paleolitoan ere —gizakiek ehizan eta fruituen bilketan oinarritutako ekonomia bat zutenean—, trukeak izan ziren. «Garai horretan harrobiak ez zituzten era antolatuan ustiatzen, baina hemengo silexa ere eskuratzen zuten. Esaterako, Trebiñuko silexa Altamiran aurkitu da», azaldu du geologoak.

Tarriñok azalpenak ematen dituen bitartean, aztarnategiko lanak aurrera jarraitzen du. Aurtengo kanpainan, guztira, 30 bat lagunek parte hartu dute. Tartean dira hiru arkeologo profesional. Baina, ohi bezala, gehienak ikasleak dira. Horietako bat Cesar Sanchez Dominguez da. Salamancako (Espainia) Unibertsitatean ondarearen itzultzeari buruzko doktoretza tesia egiten ari da. Funtsean, bere tesiak Huescan (Espainia) zegoen erromatarren garaiko tenplu bat «orainera itzultzea» du helburu. «Horretarako, neurketak egiten ditut hiru dimentsiotan, eta ordenagailuz berreraikitzeak osatzen ditut. Baina, softwareaz gain, asko irakurri behar da tenplua ahalik eta hoberen irudikatzeko». Halako teknologia bat Pozarraten erabil daiteke? «Noski. Laser baten bitartez puntuak eskura genitzake, eta, horrekin, puntu desberdinez osatutako hodei bat egingo genuke. Irudi bat osatzeko puntu bat eta bestea lotzea eskatzen duen denbora-pasa horren antzekoa litzateke». Lanera bueltatu da Sanchez Dominguez, bizpahiru metroko sakoneran dagoen harrien labirintora. Handik ateratzen den lur guztia bahetze tokira joaten da. Hor daude beste ikasle batzuk, lurra arakatzen. Hiru bahez osatutako sistema berezia jarri dute, bata bestearen gainean jarrita, bahetzea ahalik eta gehien azkartzeko. Puntu horretan atera da hasieran aipatutako ofita puska. Normalean, silexa ateratzen da; animalien hezurtxoak eta ikatz zati txikiak ere bai. Guztira, halako zortzi bahetze puntu jarri dituzte. Eguneko 5 tona material prozesatu nahi dute. «Pozarratekoa ez da ohiko aztarnategia, eta, hortaz, ezohiko metodologia erabili behar dugu», zehaztu du Tarriñok. Harrobiaren hondora iristeko irrikan dago. Han aztarnarik interesgarrienak agertzea espero du. Zeintzuk? «Seguruenera, tresna gehiago, edo garai horren inguruan informazioa emango digun beste elementuren bat. Hilobiratzeren bat ere egon liteke. Zenbaitetan, historiaurreko gizakiek honen moduko zuloak baliatzen zituzten jendea ehorzteko».

Hemendik ateratzen diren materialak Euskal Herriko Unibertsitatera eramango dituzte. Hango adituek arretaz aztertuko dituzte aztarna horiek, bakoitzak bere diziplinan: datazioa, geologia, tipologia, teknologia… Ondoren etorriko dira zientzia argitalpenak eta kongresuetako komunikazioak. Azkenik, CENIEHko instalazioetan gordeko dituzte aztarnak, etorkizunean ikertzaileek eskura izan ditzaten. Halere, prozesuak denbora eskatuko du. Harrobi hau arakatzen bukatzen dutenerako, mendian gora, gutxienez beste zazpi harrobi gehiago daude. Dena ondo bidean, horiek guztiak pixkanaka induskatzeko era izatea espero du Tarriñok. Horrela, sei milurtekoz lurpean egon ondoren, aspaldi bizi zirenen oihartzuna egungo garaiotara ekartzeko bidea irekiko litzateke; eta orainaren inguruan ikastekoa. Aztarnategian lanean ari den 19 urteko Maria Rodriguez EHUko ikasleak, hain zuzen ere, halaxe azaldu du: «Jende guztiak jakin beharko luke zerbait historiari buruz, gauden unean zergatik gauden azaltzeko balio duelako».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak