Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Bruselak urardotu egin du gordailuen berme funts europarra

Publizitatea

Ekonomia

Bruselak urardotu egin du gordailuen berme funts europarra

Europako Batzordeak Berlinen nahiei men egin die: edukiz hustu du eta atzeratu egin du euroguneko bankuen gordailuen berme funtsa
Europako Batzordeko presidenteordea, atzo, Bruselan.
Europako Batzordeko presidenteordea, atzo, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE

2017-10-12 / Jon Fernandez

Berez, dagoeneko indarrean egon behar zen bankuetako gordailuetako lehen 100.000 euroak bermatzeko euroguneko funtsa komuna. 2015etik dago plana Europako Batzordearen mahai gainean, eta martxan behar luke izan aurtengo urtarrilaz geroztik. Baina proposamena blokeatuta dago duela bi urtetik, funts horren kontra daudelako Alemania, Herbehereak eta Finlandia, besteak beste. Atzo, blokeoa apurtzeko plana aurkeztu zuen Europako Batzordeak, jatorrizko plana nabarmen urardotuz.

2015eko planaren asmoa zen euroguneko herrialdeen artean funts bat osatzea, edozein estatutako banku batek arazoak izanez gero, funts komun horren bidez bermatzeko bankuko bezeroen gordailuak, 100.000 eurora artekoak. Aurreikusten zen funtsa bi fasetan osatzea. Lehen fasea 2017tik 2020ra artekoa litzateke, eta funtsak dirua bermatuko luke soilik estatuko berme funtsa agortzen denean; gainera, soilik galeren %20 bermatuko lituzke lehen fasean. Bigarren fasean (2020-2024), funtsak dirua jarri ahalko luke estatuko bermea agortu aurretik, eta progresiboki gero eta galera gehiago bermatuko lituzke, %100era iritsi arte.

Datarik gabeko atzerapena

Espainiarentzat, Frantziarentzat eta Italiarentzat bermeen funts komuna gakoa da eurogunearen egonkortasuna bermatzeko. Aldiz, Alemaniak gidatutako taldea ez dago prest beste herrialdeetako bankuen galerak denen artean pagatzeko.

Europako Batzordeak atzo aurkeztutako plana Berlinen tesietara lerratu da: gordailuen bermeen funtsa baldintza jakin batzuekin eta gradualki sortzea proposatu du, eta hura indarrean sartzeko data atzeratu du, noiz izango den zehaztu gabe. Bruselaren plan berriaren arabera, lehen fasean funts europarrak ez ditu bere gain hartuko galerak, eta bigarren fasean baldintzak jarriko ditu. Gainera, lehen fasea 2019an sartuko litzateke indarrean, aurreikusi baino bi urte geroago.

Hortaz, berme funtsak bakarrik maileguak emango lizkieke estatuetako berme sistemei, eta haiek bueltan ordaindu beharko lizkieke maileguak. Halaber, bigarren fasera pasatzeko, bankuen kontuen egoera aztertuko dute, beranduenez 2022an. Hori bai, Bruselak ez du datarik zehaztu jakiteko noiz hasiko litzatekeen funtsa bermeen %100 ordaintzen.

Publizitatea

Sortu kontua
Jon Fernandez Jon Fernandez

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak