Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kirola Neurria hartua dio

Publizitatea

Kirola

Neurria hartua dio

Oinatz Bengoetxea eta Aimar Olaizola laugarrenez ariko dira elkarren aurka Lau t'erdiko Txapelketan, bihar. Beti irabazi du Goizuetakoak
Oinatz Bengoetxea eta Aimar Olaizola, atzo, pilota aukeraketan.
Argazkia: I. ZABALETA / ARP

2017-10-11 / Julen Etxeberria

Oso adierazgarria da estatistika: lau aldiz jokatu dute elkarren aurka Oinatz Bengoetxeak eta Aimar Olaizolak Lau t'erdiko Txapelketan, eta beti irabazi du Goizuetakoak. Hirutan nagusitu da final-laurdenetako ligaxkako estreinakoan: 2012an eta 2014an, 22-13, eta 2016an, 22-19. Beste behin, berriz, finalean lortu zuen garaipena, 2012an, 22-9. Argi dago: neurria hartua dio Olaizola II.ak Bengoetxea VI.ari; bai, behintzat, diziplina horretan.

Bi pilotariok aurrez aurre izango dira berriro bihar, Iruñean, lau t'erdiko ligaxkako estreinako partidan (17:00, ETB1). Bengoetxea VI.ak, beraz, aukera du bolada txarra eteteko.Olaizola II.ak, aldiz, boladari eutsi nahiko dio.

Bengoetxea, hankako minez

Leitzako aurrelaria ez dago nahi moduan. «Ez naiz nahi bezala entrenatu azken egunetan, hanketan mina baitut. Baina ez dut aitzakiarik jarriko. Barruan dudan guztia ematera aterako naiz kantxara. Partida zaila izango da. Aimar aurkari oso indartsua da, eta bikain moldatzen da lau t'erdian. Sufritu egin beharko dut irabazi nahi badut».

Olaizola II.ak ere neurketaren «zailtasuna» azpimarratu zuen. «Beti da zaila ligaxkako lehen partida jokatzea, eta are zailagoa oraingoan, aurkari gogorra izango baitut, Oinatz, egungo txapelduna. Oso ondo aritzen da lau t'erdian».

Bengoetxea VI.ak eta Olaizola II.ak egin bezala, Joseba Ezkurdiak eta Iñaki Artolak ere pilotak aukeratu zituzten atzo. Ez zen arazorik izan. Bi pilotariok elkarren kontra jokatuko dute etzi gauean, Altsasun (Nafarroa). Ezkurdiak Aitor Mendizabal kanporatu du final-zortzirenetan (22-11), eta Artolak, Unai Laso (22-18).

Publizitatea

Sortu kontua
Julen Etxeberria Julen Etxeberria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak