Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro «Kanpoan begira ezazue»

Publizitatea

Bizigiro

«Kanpoan begira ezazue»

Garazi Goia Skyko estrategia zuzendariak esan du edukiak eta igorlea uztartu behar direla. «Europatik kopia dezagun», proposatu du Gipuzkoako Diputazioak antolatu hitzaldian.
Garazi Goia Skyko estrategia zuzendaria, atzo, Hernanin.
Argazkia: JON URBE / ARGAZKI PRESS

2017-10-07 / Urtzi Urkizu

Telebistako merkatuari dagokionez, Euskal Herrian bi edo hiru urte atzera gaude mundu anglosaxoiarekin alderatuz. Kanpora begiratzeko joera handitu egin behar dugu, taktiko izateko. Bihurgune batean gaude, eta enfokeak taktikoa izan behar du. Erresuma Batuan bada esaldi bat, euskarara ekarria honela dioena: 'Guk ez badugu egiten, guri egingo digute'». Garazi Goia Sky ordainpeko telebistako estrategia zuzendariak Britaniar ikus-entzunezkoen joerak eta euskarazkoen aukerak hitzaldia eman zuen atzo Hernanin (Gipuzkoa), Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren barnean.

Hamabost urte dira Goia Erresuma Batuan lanean ari dela —hamar urte egin zituen BBCn—. «Kanpoan egoteak kritikoago egin nau etxera begira. Benetan axola zait Euskal Herrian zer gertatzen den, eta kritikotasun hori are garrantzitsuagoa da. Mundu anglosaxoiak autokritikarako abilezia eta gaitasun handiagoa du gureak baino. Horretatik ikasi beharko genuke». Euskal Herrian ikus-entzunezkoetatik politikak aldendu egin behar duela ere iradoki zuen Goiak.

Skyko estrategia zuzendaria EITBren etorkizuna finkatzeko zenbait proposamen egin zituen: «Pauso txiki asko egin beharrean, egin ditzagun bi edo hiru pauso handi, eta benetan helburu jakin batera eramango gaituztenak». Goiak aitortu zuen Euskal Herriak baduela bere konplexutasuna, beste herrialde batzuekin alderatuz: «Kultur kontzientziarekin gertutasuna mantendu behar da, eta askotan sortu egin behar da». Maiz erabiltzen duen esaera bat gogoratu zuen: «Estrategia oso konbentzigarri bat izan dezakezu, helburu argiekin. Baina askotan kulturak estrategia hori jaten du. Horrekin esan nahi dudana da, aldaketarako erresistentzia baldin badago, konformismoa, aldatu ezin diren lan modu batzuk, eta jendeak ez badu motibaziorik, ezingo direla aldaketa garrantzitsuak egin». Goiak nabarmendu zuen BBCko langileengan «pasioa» ikusi zuela: «Jendeari benetan axola zaio marka, sentitzen da identifikatuta, eta benetan konpromiso handia dauka emaitza onak emateko».

Aurrera begira, Euskal Herrian estrategia «koherente bat» beharko dela uste du Goiak. «Apustuek oso enfokatuak egon behar dute. Bestalde, edukiak eta igorlea uztartzea oinarrizkoa behar du. Edukiak Youtuben edo beste kanal batzuetan ikusiko dira, eta nortasuna indartsu mantendu beharko da». Ez zaio iruditzen dena asmatu beharrik dagoenik. «Euskal Herrian atzerago goazenez, izan gaitezen oportunistak. Kopiatu dezagun Europan egin dutena, baina estrategia argi batekin eta lana beste modu batean eginda».

Netflix, Amazon, Youtube...

Ikus-entzunezko sektoreak bizi duen egoera ulertzeko, Goiak oroitarazi zuen duela hamar urte sortu zirela Internet bidezko telebistak. Horrek «eraldatzea» ekarri zuen sektorean. Erresuma Batuko 25 milioi etxeetako erdietan ordaintzen dute edukiak ikusteagatik. «Konplexuagoa da orain egoera. Netflixen efektua aintzat hartzekoa da». Erresuma Batuan zazpi milioi etxetan dira Netflixen harpidedunak. Plataforma horren arrakastaren arrazoiak eman zituen Goiak: «Eduki onak dituzte, mundu mailako oso eduki onak izaten inbertitu dute. Sinpletasuna da beste gako bat; oso erraza da eduki bat aurkitzea, bazkidetza kentzea... gaitasun hori ezinbestekoa da. Hirugarren arrazoia pertsonalizazioa da; pertsona bakoitzari egokitutako eskaintza dute».

Egungo testuinguruan, dena den, Skyko estrategia arduradunak uste du ez dela nahikoa eduki onak izatea: «Esperientziak dauka orain garrantzia. Bizpahiru urte barru, erabiltzailearentzat merkatuan dagoen esperientziarik hoberena zein den bilatu beharko dugu». Esperientzia berrien artean, Amazonek sortutako Alexa robota dago. «Robot hori etxeko gailu guztiekin konektatuta dago. Hari galdetzen diot: 'Zer dago gaur gauean telebistan?'. Eta erantzun egiten dit. Esaten diot zer erosketa egin nahi dudan, eta zerrenda batean jasotzen du. Gure datuak biltzen ditu robotak». Sky plataforma Erresuma Batuko 11 milioi etxetan ikusten da, baina Goiak aitortu du ez dakitela zer egin erabiltzaileen datu guztiekin. «Esperientzia pertsonalizatuak nola ondo egin da gakoa, eta Euskal Herrian ere begiratu beharko da zer aukera dauden».

Belaunaldi gazteen kontsumoari ere begira jarri zen Goia, millenials delakoei. «Gazteek BBCk sortutako edukiak ikusten dituzte Youtuben edo beste plataforma batean, baina ez dakite BBCrenak direnik. Asoziazioa ahuldu egiten da. BBCk eta beste enpresa askok ez dakite nola mantendu harreman zuzena belaunaldi berriekin. Euskal Herrian kontuan hartzekoa izango da hori».

Publizitatea

Sortu kontua
Urtzi Urkizu Urtzi Urkizu

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak