Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro «'Herri txiki'-ren formula Donostian probatu dugu, 'Herri city' izenarekin»

Publizitatea

Bizigiro

Luis Oiartzabal. 'Herri txiki, infernu handi' saioko zuzendaria

«'Herri txiki'-ren formula Donostian probatu dugu, 'Herri city' izenarekin»

Bueltan da 'Herri txiki, infernu handi' saio arrakastatsua. ETB1ek laugarren denboraldia estreinatuko du gaur, 22:00etan. Luis Oiartzabal zuzendariak esan du harrera beroa egiten ari zaizkiela herrietan.
Argazkia: BERRIA

2017-10-08 / Urtzi Urkizu

Kazetaritzako lizentziaduna da, eta ETBko makina bat saio zuzendu du azken bi hamarkadetan Luis Oiartzabalek (Irun, Gipuzkoa, 1974). Herri txiki, infernu handi saioko lehen zuzendaria Lordi Saralegi izan zen —ETBko arloburu da orain—, eta jarraian hartu zion erreleboa Oiartzabalek.

ETBk iragarri du gaur Nafarroako Elizondora joango zaretela. Zein herri bisitatuko dituzue datozen igandeetan?

Bost atal grabatu ditugu orain arte. Elizondokoaz gain, Eskoriatza [Gipuzkoa], Igorre [Bizkaia], Asparrena [Araba] eta Imotz [Nafarroa] herrietan ibili gara. Iparraldeko grabaketak erabaki gabe ditugu, baina Lapurdin eta Zuberoan zenbait aukera aztertzen ari gara. Iparraldean bizpahiru grabaketa egingo ditugu denboraldi honetan.

2015eko urtarrilean estreinatu zuen ETB1ek saioa, eta laster hiru urte beteko ditu. Zer iritzi duzu orain arte egindako bideaz?

Ona. Laugarren denboraldia da hau, eta saioa ematen jarraitzea ez da seinale txarra.

Ikusle datuak apartak izan dira orain arte. Pizgarria al da hori lan egiterako orduan?

Bai, beti. Lan handia dauka programak atzean. Lan horrek gero datu onak ematen baditu... Datua ez da izaten beti lan hobearen edo txarragoaren seinale. Guk beti egiten dugu lan berdin, herri guztietan. Baina datua ona baldin bada, poza ematen du.

Funtsezkoa al da saiorako Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadizabal elkarrekin hain ondo konpontzea?

Bai, zalantzarik gabe. Oso ondo ezagutzen dute elkar, eta kimika hori pantailatik harago transmititzen da. Ona da hori saioarentzat.

Irudika dezakezu Herri txiki, infernu handi Gurrutxaga eta Pagadizabal gabe, eta beste protagonista batzuekin?

Orain dauzkagunak hauek dira, eta ez dut horrelakorik imaginatzen.

Umorerik gabeko bestelako formatu batean irudika ditzakezu?

Zuhaitz eta Pagadi zernahi egiteko kapaz dira. Talentu handia dute, biek ala biek, eta edozer egiteko kapaz ikusten ditut.

Gainontzekoan, lantaldeak lehen bezala jarraituko du?

Bai, gutxi gorabehera lehengo talde bera da. Saioan iazko bide beretik jarraituko dugu.

Sebastian Lizasoren bertsoak ere baliagarriak dira saiorako, ezta?

Bai, bertsoek asko janzten dute saioa. Bertso horiei irudi politak gehituz gero, herriaren istorioa aberasteko balio dute.

Laugarren denboraldia izanik, ikusleak ez al dira nekatuko formatua berriz errepikatuta?

Ikusiko dugu zer gertatzen den. Baina guk, behintzat, grabatzen aritu garen herrietan sumatu dugu jendea irrikaz dagoela saioa ikusteko. Gero ikusle datuak nolakoak izango diren ez dago jakiterik.

Martxan duzue formatua hiri handietara eramateko lehen saiakera. Zertan da hori?

Hiri handi batean grabatu dugu dagoeneko, Herri city izenburupean. Urriaren bukaeran edo azaroaren hasieran emitituko du ETB1ek lehen atal hori. Donostian grabatutako programa bat da, Herri txiki, infernu handi-ren eskema berari jarraituz. Hiriko biztanleen egunerokoa jasoko dugu programan. Horrez gain, antzoki bat plato bihurtuko dugu.

Zein ezaugarritakoak dira herri errazenak eta zein zailenak grabaketak egiteko orduan?

Ez dago herri errazik edo herri zailik. Egia da euskararen erabilera murritzagoa den herrietan zailagoa dela telebistan agertzeko prest dauden euskaldunak topatzea. Baina horrek ez du esan nahi Oionen [Araba] zailtasun gehiago ditugunik Berrobin [Gipuzkoa] baino. Aurreko denboraldian, Oiongo atala izan zen ikusle datu onenak izan zituena. Ahalegin berezia egiten dugu hainbeste bisitatzen ez diren herrietara iristeko.

Publizitatea

Sortu kontua
Urtzi Urkizu Urtzi Urkizu

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak