Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Tabuak hautsiz

Publizitatea

Kultura

Bertsolari Txapelketa Nagusia. Final-laurdenak. ANALISIA

Tabuak hautsiz

 
Jone Uria, atzoko saioan kantari.
Jone Uria, atzoko saioan kantari. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS

2017-10-08 / Gorka Azkarate

Jone Uriak agurrean esan zuen moduan, bazeuden «estatistikari begira» deigarriak ziruditen zenbait ñabardura, saioaren kokapen ezohikoaz haratago: seikote askotarikoa, lau emakume, lau bizkaitar, lapurtar bat eta arabar bat.

Hala, bertsolari bakoitzak bere kolorea eraman zuen oholtza gainera, bere bertsokera, bere kezkak eta bere hausnarketak. Miren Amuriza izan zen ariketa guztietan bereziki nabarmendu zen bertsolaria, behin baino gehiagotan entzuleengan oiloipurdia sorrarazteraino. Bertsolari bakoitzaren kezkak eta hausnarketak aipatu ditugu: Amurizak bere kezkak plazaratu zituen txapelketako eskaparatean, kartzelako lanean biluztu eta bere buruari argazki bat atera ostean argitaratu edo ez erabakitzen ari zen adineko emakume baten azaletik kantatuz, besteak beste. Gizartearen tabuak, lotsak zein debekaturiko marrak hautsi nahi horretan lan zirraragarria osatu zuen, publikoaren harridurarako. Eta esango nuke ez dela izango haren ahotik txapelketa honetan molde bereko bertsoaldiak entzungo ditugun azken aldia.

Koxka atera zien gainerako bostei Amurizak, puntuazioari erreparatuz bederen. Jone Uria eta Odei Barroso izan ziren bigarren eta hirugarren, eta azkenera arte itxaron beharko dute hurrengo fasera pasatzen diren ala ez jakiteko. Uriak, ohi bezala, sekulako erraztasunaz egin zuen bertsotan, arrazoiak ez ezik bertso bakoitzaren tarteko puntuak ere edukiz betez, eta Odei Barrosok gauza ederrak egin zituen arren (puntu erantzunetan eta kartzelako lanean, kasurako), ez genuen beste batzuetan bezain distiratsu sumatu. Egun denak ez dira berdin, kantak zioen moduan.

Saioko kolore mosaikoa osatu zuten Onintza Enbeita, Eneko Abasolo Abarkas eta Oihane Perea puntuetan atzeraxeago geratu ziren, baina azpimarragarria hirurek ere zer-nolako patxada eta gogoarekin kantatu zuten. Enbeitak, adibidez, helduleku oso originala topatu zion kartzelako gaiari, egoerarik gogorrenetan ere aurpegi-keinurik apenas egin ohi duen Iñigo Urkullu lehendakaria negarrez dagoela argazkia atera dion argazkilariaren paperean. Abarkasi kosta egin zitzaion ariketa batzuetan bertsokidearen bideari jarraitzea (ofizioen funtsa hori da, finean) baina Zallako saioa mimo handiz prestatu zuela erakutsi zuen egindako ahaleginean. Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi Oihane Perea. Abila da gasteiztarra gaiari ustekabeko heldulekuak topatzen, surrealismoaren mugara hurbilduz tarteka, baina ziur nago Zallako Mimetiz pilotalekura hurbildu ziren bertsozaleek eskertu zutela haren freskotasuna.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak