Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Hamaika telebistak 'Bertso Hop' saioa estreinatuko du gaur gauean

Publizitatea

Bizigiro

Hamaika telebistak 'Bertso Hop' saioa estreinatuko du gaur gauean

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako bertsoaldiekin batera, rap doinuek tokia izango dute
Eñaut Gantxegi aktoreak aurkeztuko du <em>Bertso Hop</em> saio berria Hamaika telebistan.
Argazkia: GARI GARAIALDE

2017-10-04 / Urtzi Urkizu

Eñaut Gantxegi aktorea ZokorriZta pertsonaia jokatzen aritu da azkeneko hilabeteetan Hamaika telebistan. Joan den igandean amaitu zen pertsonaiaren izen bereko saioa —lehen denboraldia, bederen—. Gaurtik aurrera, berriz, bertsoa eta rapa uztartzen ahaleginduko da Gantxegi Hamaika telebistaren Bertso Hop saio berrian. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiak irauten duen bitartean emango dute programa, asteazkenero, 21:00etan. Ordu erdi iraungo du atal bakoitzak.

Gantxegik Bertso Hop sortu izanaren arrazoiak azaldu ditu: «Agian ikus-entzule batzuek beste bide batzuetatik jarraituko dute bertsolari txapelketa. Gu ez gara mugatuko txapelketako bertsoaldiak ematera: beste estilo batean aritu nahi dugu, beste aire batekin». Bertsoak ez ezik, elkarrizketa bereziak, bertsolarien musika unibertsoa eta rap doinuan egindako bertsoen moldaketak entzungo dira programan. «Rapa betidanik gustatu izan zaidan estilo bat da», aitortu du aktoreak. «Bi erregistro ezberdin dira bertsoa eta rapa, baina bat egite hori polita izan daiteke. Bertso zahar batzuk eraberritu ditut, rap estiloan kantatzeko. Ea jendeak zer esaten duen».

Gantxegik iragarri du elkarrizketa pertsonalak egingo dituztela saioan, baina ez espresuki bertsolariei: «Bertsoaren unibertsoan eta txapelketaren bueltan dabilen jendearekin hitz egingo dugu: antolakuntzakoak, teknikariak eta abar. Bertsolariekin senideekin eta lagunekin ere hitz egin nahi dugu».

Gaurko estreinako saioan, joan den asteburuko Segurako (Gipuzkoa) eta Leitzako (Nafarroa) saioetako bertsoaldiak entzun ahalko dira. Bestetik, Xenpelarren Pasaiako herritik bertso sorta rapera eramango du Gantxegik. Haren iritziz, programa ate bat izan daiteke bertsozaleentzat zein bertsozale ez direnentzat. «Txapelketarekin itsututa daude asko, baina bertsoa beste ikuspuntu batetik plazaratu nahi dugu guk».

Aktorea, bestalde, gustura azaldu da Hamaikak ZokorriZta saioa egiteko emandako aukerarekin: «Sorkuntzarako askatasuna izatea aintzat hartzekoa da, eta hori eman dit Hamaikak».

'Aulki jokoa', hilaren 30ean

ETB1en, bestalde, irailaren 24an hasi zuen Hitzetik hortzera bertsolaritza saioak denboraldi berria. Txapelketari propio eskainitako programa berri bat estreinatuko du, gainera, euskarazko kateak, hilaren 30ean: Aulki-Jokoa. Saio hori astelehen gauetan emango dute, txapelketak irauten duen asteetan.

Publizitatea

Sortu kontua
Urtzi Urkizu Urtzi Urkizu

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak