Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Ekonomia «Ni banoa Errioxa sor-markatik, beranduenez abenduaren 31n»

Publizitatea

Ekonomia

Juan Carlos Lopez de la Calle. Artadi upategien jabea

«Ni banoa Errioxa sor-markatik, beranduenez abenduaren 31n»

Errioxa markari lotuta egotea Arabako Errioxako ardogintzarentzat kaltegarria dela uste du, eta Araba sor-marka propioa sortzearen alde dago. Lege babesa eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.
Argazkia: RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

2015-05-17 / Jon Fernandez

«Beste garai batean errioxarra nintzen ni ere, Arabako errioxarra. Baina dagoeneko ez naiz Arabako Errioxako errioxarra, arabarra baizik». Aitorpen horrekin hasi du solasaldia Juan Carlos Lopez de la Calle ardogileak (Guardia, Araba, 1956). Artadi upategien jabea da. Urtean 600.000 botila inguru egiten ditu, eta salmenten %80 nazioartean saltzen ditu: AEBetan, Erresuma Batuan, Alemanian eta Belgikan batez ere. Arabako upategiaz gain, Nafarroan eta Alacanten ere baditu upategi bana. Aho bizarrik barik kritikatu du Errioxa sor-marka: «Apurtu egin behar da Errioxarekin, behin betiko».

Hain argi esaten duen ardogile bakarrenetakoa zara.

Argi dago horixe dela bidea, bestela ez dugulako aurrera egingo. Errioxarekin apurtu behar dugu, adibidez, horrelako gauzak saihesteko [Sakelakoan bezperan supermerkatu batean ateratako argazkiak erakutsi ditu. Irudian ardo botilak ikusten dira, ikurrinez eta bertako produktua kartelez apaindutako apalategi batean. Cenicerokoak, Logroñokoak eta Navarretekoak dira botilak, Espainiakoak]. Zer iruditzen zaizu? Erabateko nahasmenduan bizi gara, ezin dugu horrela jarraitu.

Nahasmen hori kaltegarria da arabar ardogileentzat.

Jakina. UAGAn nahastuta daude, Errioxaren kontuari heltzen diote, baina mairuak Kordobari heltzen segitzea bezala da. Kordoba mairua izan zen, baina orain espainiarra da. Araba ez da Errioxa. Historiak iraungitze data dauka.

Hala ere, zure upategia Errioxa sor-markaren barruan dago.

Epe bat jarri diot neure buruari. Ni banoa Errioxa sor-markatik, beranduenez 2015eko abenduaren 31n. Banoa.

Sor-marka propio bat sortuko duzu?

Politikariek lagatzen badidate bai. Politikarien babesa badago, Araba sor-marka sor daiteke; ez badago, Artadi izen hutsarekin jarraituko dut.

Jaurlaritza prest agertu da Arabako Errioxan sor-marka propioa babesteko. Baduzu babes instituzionalik?

Harremanetan nago gobernuarekin. Hor gaude, hor gaude… baina ez dugu aurrera egiten. Baina hauteskundeetan gerta daitekeenaz aparte, eta babes instituzionalaz aparte, argi dagoena da Arabako Errioxa proiektuak ez duela bideragarritasunik.

Zergatik?

1990ean, Errioxa sor-markako kontseilu arautzailean UAGAko ordezkaria nintzenean, sor-marka osoan 80 milioi botila inguru saltzen ziren. Gaur, ia 400 milioi. Ordutik, Arabako Errioxan ez dugu aurrera egin, atzera baizik. 1975ean mahats kilo batek 7 pezeta balio zuen Araban, eta Ceniceron eta Fuenmayorren 3,5 pezeta. Orain sor-markako mahats kilo guztiek prezio bera dute, 0,70-0,80 zentimo. Homogeneizatu egin gara, baina beherantz.

Bordeleko eredua ez duzu begi onez ikusten? Arabako Errioxa Errioxaren barruan indartzea?

Ez. Ñabardura txiki bat dago, Bordele bezalako kalitatezko sor-marketan izendapen ezberdinak ez dira azpieremuak, ez daudelako azpian. Banaketa egiten dutenean eremu txikiaren izena nagusitzen da. Medoc edo Saint Emilion ardoak Bordele markaren gainetik daude. Hemen ezin da egin, hasteko ez dutelako uzten Arabako Errioxa jartzen.

Zure botiletan jartzen du.

Nik denaz egiten dut paso; ez dut baimenik eskatzen. Nahi duenak jar diezadala salaketa. Zein da nor esateko ez jartzeko Araba?

Errioxako sor-markak dio EBko legeak debekatzen duela.

Ez da horrela. Hori euren interpretazioa da. EBko legeak dio herriaren eta estatuaren izena jarri behar dela, baina ez dio Araba edo Euskadi jarri ezin denik. Baina ez zaie interesatzen Errioxarekiko desberdintasunik agertzerik. Bat, handia, eta askea izatea nahi dute.

Hauteskunde kanpainan puri-purian jarri da gaia, haiek pasatuta desagertu egingo da?

Ez, ez da hauteskunde gai bat. Lau urte daramatzat gaiarekin, ardogileekin bilerak egiten. Lanketa bat egiten ari gara; hau ez da hauteskudeekin amaituko.

Ekonomikoki aukera duzu publikoki hori esateko, baina badira upategi arabar batzuk beldurragatik isilik daudenak.

Ez nago bakarrik, beste batzuk ere badaude, baina beldur pixka bat dute. Ez da ezer gertatzen. Nik, apurtu ez, eraiki egin nahi dut. Aukera ez da salto bat egitea, pauso bat ematea baizik.

Zaila litzateke mundura Araba sor-markarekin ateratzea ardoa saltzera?

Oso erraza. Gehiago salduko genuke, hemen eta munduan. Kalitatezko merkatuak egarriz daude. Hemengo jendeak beldurra du, baina ez da ezer gertatzen. Ez dezatela saltorik eman, ez dute erantzukizun hori hartu behar. Gobernuak du erantzukizuna, Errioxan egon nahi ez dugunoi eman diezagula lege babesa.

Zenbat daude zurekin batera pausoa emateko prest?

Oso jende gutxi. Baina barruan ez dugu aurrera egiten. Zer lortu dugu Arabako Errioxan azken 25 urteetan? Ezer ere ez. Dirua gastatzea. 5 milioi euro urtero hemendik Ebroren beste aldera pasatzen dira, sor-markara. Odoluste bat da, ezer ez jasotzeko.

Zelako eredua behar du Arabako Errioxak zure ustez?

Eskualdean existitzen den familia egitura mantendu behar da, balio erantsia sortu, mahasti eremu ikaragarririk ez egin, ez mekanizatu, ureztatzerik ez erabili. Kontrakoa kalitatea kolokan jartzen da. Negozio eredu horretara goaz. Aurrerako ihesaldi bat da, eta baliotsuena galtzen dugu, kalitatea.

Ardogile txikiak gutxituz doaz?

1990ean 350 ardogile txiki zeuden Arabako Errioxan, orain 180 daude. Familiako ardogintzaren egitura jan egiten du multinazionalak. Arazoa da Logroñotik sustatzen den negozio eredua eredu hedakorra dela, 700 milioi botila ekoiztera iritsi nahi dute. Halere, uste dut datozen bost urteetan ardogile askok nik bezala pentsatuko dutela: etorkizuna sor-marka propioa sortzea dela. Gu izatea sor-markaren gidari, gure diruen jabeak, geuk administratzea, geuk diseinatzea gure marketin estrategia. Merkatura beldur barik, umiltasunez, errespetuz, baina irmotasunez ateratzea. Ez dakizu zer indar duen Euskal Herriaren izenak munduan. Hemen lotsatu egiten gara euskaldunak garela esaten, baina nazioartean sekulako indarra du. Datozen urteetan kenduko zaigu beldur hori. Behar duguna da etorkizunera begiratzeko gaitasuna duen gobernu ausart batek esatea, Hau euskal produktu bat da.

Publizitatea

Sortu kontua
Jon Fernandez Jon Fernandez

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak