Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Katalanen kontrako gurutzadan terrorea banalizatzeaz

Publizitatea

Iritzia

Katalanen kontrako gurutzadan terrorea banalizatzeaz

 

2017-10-12 / Cesar Manzanos Bilbao - Zuzenbidearen Soziologiako doktorea, EHUko irakaslea eta Salhaketako kidea

Bada saiakera argitsu bat, La banalidad izenarekin Jose Luis Pardok duela zenbait argitaraturikoa, non egileak arreta jartzen duen, besteak beste, ikus-entzunezko zibilizazioak zer ondorio dakartzan mundua ulertzeko eta munduan egoteko moduetan, garunak osatzeko orduan eta errealitatea hautemateko moduetan. Gizateriaren historiako III. Eraldaketa Handia, Iraultza Zibernetikoa, teknologia jakin batean oinarritzen da, eta teknologia horrek nonahiko eta ahalguztidun bihurtzen du espektakuluaren, itxuraren gizartea. Hori ezinago argi ikusi zuen Guy Debortek, hots, badela errealitate bat bizia aldaberritzeko eta erailtzeko eraikia, bizia espektakulu bihurtzeko eraikia: errealitate horretan, subjektua kondenatua dago bere existentziaren ikusle soil izatera; pertsonak, eta herriak, pantailei, irudiei lotuak gaude, eta horien bidez begiratzen dugu eta mobilizatzen gara egun-eguneko gai ezinago nabarmentzat aurkezten diguten horren inguruan; errealitate hori berehala desagertuko da, multinazional mediatikoek mezuak nola hedatu edo ikusezin bihurtu kudeatzen dutenek gertaeren gidoia eta interpretazioa aldatzea erabaki bezain laster.

Katalanen kontrako egungo gurutzada adibide bat baino ez da, nola Espainiako Gobernua ahalegindu den gertakari bat erabiltzen demokraziaren mozorropeko diktadura bat estaltzeko, eta sentimendu espainolista asaldatzeko, zeina eraikia baita beren deskolonizazioa eta independentzia aldarrikatzen duten nazio historikoen aurkako identitate frontista gisa. Baina, era berean, Espainiako Gobernua ahalegindu da ezkutatzen zer inplikazio duen gerra suntsitzaile eta genozida gisa ageri zaizkigun horien negozioan —ez aipatzearren erabakitzeko eskubidearen kontra darabilten gurutzada—, eta kamuflatzen zeinen ustel eta mafiosoa den gaur egungo gobernu neofrankista. Espektakuluaren gizarteak normalizatu egiten ditu errepresioa eta terrorea, eta lortzen du gu ohitzea: are, behartu egiten gaitu zuritzera halako izugarrikeria bat, politika eta erakunde judizialen erabilera belikoa, Poliziaren basakeria eta biolentzia —ia mila biktimatik gora—, bai eta eskubideen hondamena eta etena bera ere. Legearen inperioa deritzon hori, hala, inperioaren legea baino ez da, eta legeak, Espainiako Erresuman, gu gobernatzen gaituzten oligarkia zaharren eta berrien interesen arabera aplikatzen edo urratzen dira oraindik ere. Gain behera dator haien espektakulua, eta greba mugagabe baterako arrazoi gehiegi dago estatuan, harik eta gobernua erorarazi arte, Katalunia egiten ari den moduan.

(Erredakzioan itzulia)

Gaiarekin zerikusia duten albisteak