Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Ttan Ttakun irratiak bi kanal berezitu izango ditu

Publizitatea

Bizigiro

Ttan Ttakun irratiak bi kanal berezitu izango ditu

Lehen kanalean orain arte bezala segituko dute, eta bigarrena musikari eskainiko diote. Donostiako irratiak festa bat du gaur, Guardetxean
Asier Mendizabal Ttan Ttakun irrati libreko esataria, Donostiako egoitzan.
Asier Mendizabal Ttan Ttakun irrati libreko esataria, Donostiako egoitzan. TTAN TTAKUN

2017-10-06 / Urtzi Urkizu

Donostiako Ttan Ttakun irratiak azkeneko urteetan bi frekuentziatan emititu du —FMko 107.2 eta 107.7—, eta bietan irratiaren emisio bera entzun zitekeen. Hemendik aurrera, ordea, frekuentzia bakoitzean emisio berezitua egingo du irrati libreak. «Aurreneko kanalean, FMko 107.2an, orain arteko antzeko emisioa mantenduko dugu: astean zehar egindako irratsaioak, errepikapenak eta musika tarteak, egunean 24 orduz», azaldu du Ttan Ttakuneko esatari Asier Mendizabalek. «Bestalde, bigarren kanala FMko 107.7an entzungo da, eta bertan musika izango da nagusi, baina modu espezifiko batean. Irratsaio bereziak ere kanal horretan emitituko ditugu: adibidez, kontzertuak zuzenean». Bigarren kanal horretan, gainera, irratsaio zaharrak berreskuratzeko atea zabalik utziko dute, baita etorkizunean proposamen berritzaileak egiteko ere.

Berrikuntza gehiago prest ditu Donostiako irratiak. Esate baterako, webguneak .eus domeinua erabiliko du aurrerantzean: ttanttakun.eus webgunean entzun ahalko da irratia.

Mendizabalek azaldu du irratian orain arteko lantaldea dutela. «Baina bi kanalek lan teknikoa eskatzen dute, eta, horretarako, talde informatikaria prest dago».

Berrikuntzak, Guardetxean

Ttan Ttakunek bere berrikuntzak eta bi kanaletako programazioa festa batean aurkeztuko ditu gaur Donostian, Guardetxean, 21:00etatik aurrera. «Jai xume bat antolatu dugu, inguruko jende gaztearekin», iragarri du Mendizabalek. Tenpera hirukoteak noise estiloko musika eskainiko du, Beñarankas abeslariak reggae eta hip hop doinuak kantatuko ditu, eta Pemaulk DJk —irratiko kidea da— jarriko dio musika jaiaren amaierari.

Ttan Ttakunen programazioan, irratsaio beteranoena Eguerdiko ahotsa da. Saioak aurrera jarraituko du, Mendizabalen gidaritzapean. «Hamabost urte daramatzagu saioa egiten, eta balantzea oso ona da. Programak beti bezala jarraituko du, Donostiako eta inguruko gaurkotasuna jorratzen. Aurkezpenak, elkarrizketak, euskal prentsa eta ohiko edukiak mantenduko ditugu», esan du esatariak. Astearteetan, asteazkenetan eta ostegunetan ematen dute irratsaioa, 12:30etik 14:00etara.

Mendizabalek, era berean, nabarmendu du irratian edozein herritarrek parte har dezakeela: «Ttan Ttakun Donostiako irrati euskaldun libretzat dugu. Irratsaio bat egiteko asmoa duenak bete behar duen baldintza bakarra saioa euskaraz egitea da». Gaineratu duenez, etengabe ari da jendea irratira gehitzen. «Badira denbora bat pasatuta, irratira bueltatzen diren lagun zaharrak ere». Parte hartu nahi duenak ttanttakunirratia@gmail.com helbidera idatz dezake.

Publizitatea

Sortu kontua
Urtzi Urkizu Urtzi Urkizu

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak