Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Katalunia: gure borroka ere bada

Publizitatea

Iritzia

Katalunia: gure borroka ere bada

 

2017-09-27 / Tasio Agerre - Nabarralde

Une historikoak datoz, berebiziko garrantzia dutenak, nazioen historia eraldatzen dutenetakoak. Kasu horietan gertatzen denez, une horiek itxaropentsuak izaten dira aldaketa bultzatzen dutenentzat, baina mehatxua ere hor dago.

Urteetan herritarrek salaketa, mobilizazio jendetsu eta aldarrikapen ugari egin ondoren eta eskaerek erantzunik ez izateagatik sortutako frustrazioa jasan ondoren, Kataluniako egoera bidegurutze kezkagarri batera iritsi da. U-1eko erreferenduma hortxe dago, lor litekeen autodeterminazio-aldarrikapen gisa; eta aldi berean, data horren hurbiltasunak eta erreferenduma egiteko erabakiak Espainiako estatuaren tradiziorik makurrenak piztu ditu. Hor ditugu epaileak kondenatzen, biltzeko, informatzeko eta bozkatzeko funtsezko eskubideak urratzen, fiskalak inkisizio-kutsuko prozesuak zabaltzen, Guardia Zibila kalean inprimategietan indarrez sartzen, atxilotzen, inposatzen, matxinadak itotzeko bere estilo paregabeaz; agintariek larderiaz eta lotsarik gabe egiten dituzte mehatxuak... Zigor-makineria jarri da martxan, salbuespen-egoera, edo setio-egoera, edo gerra, hala beharko balitz. Ez dago deklaratuta, edozer gauza izan liteke, Estatuko agintariek ontzat ematen dutena.

Gatazka lehertu da. Kataluniako gizarteak, subjektu politiko gisa, protesta baketsua eginez eta kontzientziazio-prozesua bultzatuz, mobilizatuz baina halaber argudiatuz eta eztabaidatuz, etorkizuna bermatuko dion Estatu propioa eraikitzeko bidea hartu du. Baina Espainiako Gobernuak entzungor egin dio beti, eta uko egin dio argudiatzeari, negoziazio orori edo katalanen nahiei alternatiba txikiena eskaintzeari.

Ezagutzen dugu historia. Hala aldarrikatzen badu ere, Espainia ez da nazio bat, ezta nazioen nazio bat ere, nahiz eta batzuetan, gauzak are gehiago korapilatzearren, halako sasi-argudioak eman. Estatu espainola preskribitzen ez duen herentzia baten emaitza da; inperio genozida baten bilakaera da, bere funtsean etenik izan ez duena, mendeetan zehar independentzia lortu duten koloniek urratu eta puskatu badute ere. Eta horregatik ditu halako jarrerak. Igelaren eta eskorpioiaren fabulan bezalaxe, jokabideok geneetan daramatzala dirudi. Une honetan agerikoa da Estatuaren artikulu nagusia «aberriaren banaezintasuna» dela, halaxe baitio bere Konstituzioan. Kolonia baten independentzia bakoitza Espainiaren zati bat galtzea izan da espainolarentzat. Bere ordenamenduan, ez dago berez naziorik; ez dago askatasunik; ez dago eskubiderik; ez dago herritarrik. Dena batasun puskaezin horretan laburbiltzen da.

Kataluniaren ispiluan ikus dezakegu geure burua. Haien borroka gurea da, Espainiako ministerio, botere eta esentziak kutsatzen dituen inperialismoaren aurkako borroka berbera da. Justizia, armada, prentsa, intelektualak... denak batera jarri dira independente izan nahi duen «koloniaren» aurka. Kataluniako ispilu horretan ikusten dugu halaber gure askatasuna eta eskubideak daudela jokoan, eta eskubide horiek behin-behinekoak direla, Estatuaren funtsa, Konstituzioak dioen batasun sakratua alegia, ukitzen ez duten artean soilik balio dutenak.

Estatu librea helburutzat daukagun jende libre gisa, bat egiten dugu Kataluniaren aldarrikapenekin eta harekiko elkartasuna adierazi nahi dugu.

Kanpoko indarkeriarik eta bortxarik gabe, autodeterminazioa gauzatzeko duen eskubidea defendatzen dugu.

Estatu espainolaren jarrera totalitarioa eta funtsezko eskubideak etengabe urratzea salatzen dugu. Visca Catalunya independent!

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK ERE SINATU DUTE: Luis Mª Martinez Garate, Angel Rekalde, Beñi Agirre, Humberto Astibia, Iñaki Almandoz, Xoxe Estevez, Iñigo Larramendi, Jose Miguel Martinez Urmeneta, Josu Sorauren, Marian Perez, Aitziber Larramendi, Antton Soroa, Josemari Esparza, Turi Gonzalez, Jose Luis Esarte, Elena Berazadi, Iñaki Egaña, Uxoa Larramendi, Txema Landa, Juan Martin Elexpuru eta beste dozenaka lagunek.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak