Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura «Plazan banengo bezala sentitu nintzen momentu batzuetan»

Publizitatea

Kultura

Bertsolari Txapelketa Nagusia. Final-laurdenak. Oihana Iguaran. Bertsolaria

«Plazan banengo bezala sentitu nintzen momentu batzuetan»

Saiatu da «motxilak eranzten», ez gehiegi begiratzen beregandik espero zenari. Saioa irabazi izanak are gehiago lagundu dio presio hori gainetik kentzen. Hurrengo saioan ere berdin «gozatu» nahi luke.
Argazkia: GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

2017-10-03 / Miren Garate

Azaroaren 12an, herriko jaietan egokitu zaio hurrengo saioa Oihana Iguarani (Villabona-Amasa, Gipuzkoa, 1991), Durangon, baina festak bete-betean ezin gozatuak ez dio min handirik eragiten. Aitor Mendiluze izango du kantukide, eta hurrengo asteetan jakingo da zein izango diren gainerakoak. Igandean izan zuten talde giroa nabarmendu du.

Bertsolari Txapelketa Nagusian kantatzen zenuen lehen aldia zen, eta saioa irabazita egingo duzu aurrera. Nola bizi izan zenuen eguna?

Nire helburua zen gozatzea, edo behintzat saiatzea, eta gozatu nuen, uste baino gehiago. Ikusmin handia zegoen saioaren inguruan, guk ere sumatzen genuen hori, eta elkarri esan genion erantzun egin behar geniola zegoen giroari. Talde sentsazioa izan genuen, taldean hartu genuen saioaren ardura, eta uste dut hori ere igarri zela. Ni, momentu batzuetan, plaza batean banengo bezala sentitu nintzen, lehiarako ikuspegiarekin ez baizik plazako giroan. Horrek pixka bat despistatzera ere eraman ninduen zenbaitetan, baina sentsazio oso polita izan zen.

Hamarreko txikian izan zenuen despiste horietako bat. Gaiak zioen Oihana Bartrak mendian oinez ibili beharrean aurrerantzean korrika hastea proposatzen zizula. Lehenengo bertsoan, zeuk egin zenion proposamen hori. Hala ere, ariketa horretatik ere indartuta atera zinen, ezta?

Ondo azaldu ziguten, baina nahastu egin nintzen. Hala ere, deskuido hori, zorionez, ez zen hain larria izan, ze nire paperak onartzen zuen esan nuena. Hor ere plazako sentsazioa izan nuen, zintzotasun osoz eta umorez onartu eta aurrera. Jendeak estimatu zuen, eta akats horrekin geratu beharrean, berriro indarra hartu nuen; jendearen erantzunak indarra eman zidan. Lehen aipatu bezala, giroa ez zenez lehiarakoa, aurrera egitekoa zenez giroa, lasai hartu nuen. Bestela, igual, hondoratu egingo nintzen.

Zuk eta Iñaki Apalategik egindako saioa txalotu zen gehien arratsaldean. Oporretara nora joan erabaki behar zenuten: Interneterako konexioa zegoen toki batera edo ez. Bizi aritu zineten.

Ariketa horretan, gehiegi pentsatu gabe egin nuen bertsotan, zetorren bezala. Jendearen erreakzioa oso beroa zen, barrez hasten ziren, eta sentsazio onarekin eseri nintzen. Puntutan, berriz, zortea izan zuen, niretzat errima aldetik errazenak neureak baitziren, eta, gainera, nahi nuen zerbait esateko aukera ematen baitzidaten.

Kartzelakoan, doinu berri bat atera zenuen. Zerk bultzatu zintuen horretara?

Ismael Serranoren Papa cuentame otra vez abestiaren doinua da. Hark zortzi puntukoa kantatzen du, eta amaieran seikoa, doinu eta melodia berdinarekin. Nik seikoa hartu dut eta silabak berdindu dizkiot, zortzi-zortzi egiteko. Doinu berri batean kantatzea aitzakia bihurtzen da bakarkakoa lantzeko, eta nik nahi nuen landu ariketa hori. Serranok ere istorio bat kontatzen du abestian; doinuak kontatzeko gogoa ematen dit niri ere, eta iruditzen zitzaidan egokia izan zitekeela. Azkenean, bakarka, ziurtasun falta eta kezka izaten dituzu, eta ederra da zerbait edukitzea ondo egitera motibatzen zaituena. Niretzat, doinu horretan egitea horixe zen: motibazioa.

Orain bi urte, finalean abestu zenuen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, eta ordutik dezente zabiltza plazetan. Emaitza hura eta azken urteotako ibilbidea presio izan dira txapelketa honi begira?

Neure buruari motxila horiek denak erantzi nahi izan dizkiot. «Zuri tokatzen zaizu» eta halakoak entzuten dira, eta hori komentatzen jardun nuen Juliorekin ere [Soto], jendeak espero duela plazetan gabiltzanok aurrera egitea. Baina saiatu behar duzu pisu hori gainetik kentzen; bestela, presio bihurtzen da, eta nik behintzat ez diot halakorik opa neure buruari. Gainera, iruditzen zait presio hori oztopo bihurtuko litzatekeela, eta Leitzan bezala umorez-eta aritzea zailago izango litzatekeela.

Publizitatea

Sortu kontua
Miren Garate Miren Garate

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak