Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Koska bat gora, giroak eta puntuek

Publizitatea

Kultura

Koska bat gora, giroak eta puntuek

 

2017-10-03 / Miren Garate

Alde batetik, giroan egin zuen gora Leitzako (Nafarroa) saioak. Hirugarren final-laurdena zen artean, baina bukatu egin ziren sarrerak. Ateak irekitzerako, ilaran zegoen jendea, eta 1.200 bertsozalek baino gehiagok bete egin zuten udal kiroldegia. Bestetik, puntuetan igarri zen gorakada. 714 puntu eskuratu zituen aurrenak, Oihana Iguaranek, eta haren atzetik sailkatutako laurek ere, ezustekorik ezean, aurrera egingo dute. Oso puntu gutxiren aldearekin amaitu zuten Agin Laburuk (686), Iñaki Apalategik (685), Julio Sotok (678,5) eta Unai Agirrek (674,5). Baigorriko eta Segurako saioetan, Alaia Martinek bakarrik gainditu zuen muga hori. Atzerago geratu arren, polit aritu zen Oihana Bartra ere.

Zortziko nagusian, hiru bertsoaldiak izan ziren onak, baina zortziko txikian iritsi zen lehen txalo zaparrada ozena. Iñaki Apalategi eta Oihana Iguaran ziren kantuan, eta gaia, hau: «Oporretara elkarrekin joateko plana egiten ari zarete. Iñaki Internetera konektatzeko modurik ez dagoen toki baten bila dabil. Oihanak esan dio konektatzeko modurik ez badago, bera ez doala». Bikain hasi zuen bertsoaldia beasaindarrak:«Oporretara goaz/ biok elkarrekin/ kontsultatu ostean/ Atrapalo, Booking/ behar dituzu wifi/ kobertura ta pin/ pixka bat konektatu/ ezazu nirekin».

Hamarreko txikian ere ondo moldatu zen Apalategi, Labururekin kasu horretan. Arraro geratu zen batek zuka egitea eta besteak hika, baina bertso onak osatu zituzten. Igeltseroak ziren, eta urte asko zeramatzaten lanbidean. Apalategik Labururi esan zion ikasten hasi nahi zuela, bizimodua aldatzeko. Lehen bertsoan, egunez lana egingo zuela eta gauetan ikasiko zuela esan zuen Apalategik, eta honela amaitu zuen bigarrena Laburuk: «Bazekiat bizitzak/ helmugak dauzkala/baino egiten badek/ meritu makala/ halere jakin behar/ huke hik Apala/ gauza bakoitzak bere/ garaia daukala».

Puntuari erantzuten ibili zen finen Unai Agirre. Eskertzekoa izan zen bertsolariek kartzelako lanean doinu aldetik egindako ekarpena. «Zure giltza sortatik giltza ateratzen ari zara», zioen gaiak. Soto izan zen doinu berri batean abestu zutenetako bat: zortzi puntukoan. Lehen bertsoan, gaia kokatu zuen, bikotearekin batera galdu zuela etxea esanez. Dramatismoan gehiegi erori gabe osatu zituen hurrengo biak, honela amaituz bertsoaldia: «nahiz orain aldatu behar/ ditudan sakelan giltzak/ seguru zerrail berriak/ dakarzkidala bizitzak».

Publizitatea

Sortu kontua
Miren Garate Miren Garate

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak