Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua «Hau Kolonbia da»

Publizitatea

Mundua

Kolonbiako bake prozesua. BAKEAREN PIPA

«Hau Kolonbia da»

 

2016-09-28 / Adrian Garcia

Cartagena de Indiasen sinatu dute bake itun historikoa; antza denez, nazioarteko gonbidatuen osasun egoera makala dela eta. Raul Castro aipatu dute segituan, baina Juan Carlos I.a Espainiako errege emeritua ere izan zitekeen. Bogotako 2.600 metroko garaieran zailtasunak izango omen zituzten. FARCek eta gobernuak kostata adostu zuten hiria eta eguna, eta azkenerako utzi zuten agintariek konferentzia zentroa erreserbatzearena. Eta hara ezustea: egun horretan okupatua zegoen. Horrenbestez, kanpoan egitea beste erremediorik ez dute izan. Horregatik aukeratutako ordua: 17:00ak. Bero sapa ez da horren itogarria ordu horretan, baina 18:00ak pasata ilundu ohi du.

«Hau Kolonbia da». Kolonbiarrek beraiek onartzen dute horrelakoak ohikoak direla herrialdean. Eta umorez hartzen dituzte. Eguraldiak kasik zapuztu die 52 urteko gerraren ondorengo bakea. Ez da ohikoa eskualde honetan euria egitea, baina, egiten duenean, bortitz egiten du, eta estoldarik gabeko kaleetan azkar sortzen dira uholdeak. Ekitaldia hasteko bi ordu besterik falta ez zenean bota du azken zaparrada indartsua.

Antolaketa mota horretara ohituak ez daudenek azkar galdu dute pazientzia. Prentsa aretoan ehunka kazetari ibili dira egunotan, munduko txoko guztietatik etorriak. Interneteko sareko arazoak, entxufeen falta, ekitaldi ofizialen egitaraurik ez... Gunera sartzeko aukeren inguruan ere ez dute informaziorik zabaldu, eta bultzadak eta biraoak egon dira azken unean. Etiketa arauei buruz ere txintik ere ez dute esan, eta bada, ez dut izenik esango, azken orduan alkandora eta galtza zuriak korrika eta presaka erostera joan behar izan duen kazetaririk. «Hau Kolonbia da».

Publizitatea

Sortu kontua
Adrian Garcia Adrian Garcia

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak