Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Burrunbak hartu du kalea

Publizitatea

Politika

Katalunia. Mobilizazioak Euskal Herrian

Burrunbak hartu du kalea

Hispanitatearen Egunaren kontrako urteroko manifestazioak Kataluniaren aldeko mobilizazio bilakatu dira aurten; Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan manifestazio zaratatsuak egin dituzte.
<b>Gazte bat zarataka Gasteizko manifestazioan.</b>
Gazte bat zarataka Gasteizko manifestazioan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-10-13 / Gotzon Hermosilla

Urriaren 12a protesta eguna izaten da Hego Euskal Herrian. Hala izan da aurtengoa ere, baina, gainera, Kataluniako prozesu subiranistak jite berezia eman die oraingoan Hispanitatearen Egunaren kontrako protestaldiei. Urtero Hispanitatearen Egunaren esanguraren kontrako aldarria izaten dena Kataluniari igorritako babes eta elkartasun mezu bilakatu da aurtengoan. Eta burrunba artean egin dute.

Zenbait herritar eta eragilek antolatuta —Sortuk, Ernaik, LABek, Ascatasunera elkarteak eta ANC Euskal Herriak bat egin zuten deialdiarekin—, Kataluniaren aldeko eta «78ko erregimenaren» aurkako mobilizazioak egin zituzten atzo Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Mobilizazioak «burrunbatsuak» izango zirela iragarri zuten antolatzaileek, eta hala izan zen.

Bilbon, esaterako, ehunka lagun bildu ziren Plaza Eliptikoan, txilibitu, turuta, lapiko eta antzekoak zeramatzatela, Demokrazia. Inposiziorik ez lelopean. Zarata ateratzeko tramankulurik ez zutenak giltzariak astinduz batu ziren festara.

12:30 aldera, manifestariak Plaza Eliptikotik atera ziren, eta zarata artean eta ikurrinak eta esteladak zeramatzatela, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren egoitzara jo zuten. Manifestariek eraikina inguratu zuten, eta ordu erdiz Gobernuaren ordezkaritzaren egoitzari itzuliak egiten aritu ziren, burrunba ateratzeari utzi gabe eta Independentzia, Katalunia aurrera, Guk ere bozkatuko dugu eta antzeko oihuak egiten zituztela. Normalean, guardia zibilek zaindu ohi dute Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren eraikina; atzokoan, baina, ez zen guardia zibilik ageri, eta ertzainak aritu ziren zeregin horretan.

Eraikinari hiru itzuli eman ostean, plazara egin zuten berriro manifestariek, eta han txalo artean bukatutzat eman zuten mobilizazioa.

Donostian, ibilaldia

Donostian, berriz, Burrunba martxa egin zuten Herreratik Intxaurrondoraino, batzuek oinez eta beste batzuek bizikletaz, txilibituak eta lapikoak erabilita. Manifestarien asmoa zen Intxaurrondon Guardia Zibilaren kuartelera jo eta horren aurrean mobilizazioa amaitzea, baina hara iritsi aurretik ertzainek bidea itxi zieten. Ertzainek eratutako hesiaren aurrean amaitu zuten, L'estaca abestiarekin. Donostian ere, baina Egia auzoan, euskalgintzako eragileek ekitaldi bat egin zuten, kultur arloko kideek lagunduta.

Gasteizen, manifestazioa egin zuten, Demokrazia! lelopean eta Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta. Gainerako mobilizazioen antzera, burrunbatsua izan zen Gasteizko manifestazioa, eta manifestariek, aurrean Demokrazia. Stop frankismoa goiburua idatzita zuen pankarta zeramatela, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren eta Gobernu militarraren aurrean adierazi zuten euren protesta.

Iruñekoa izan zen arratsaldez egindako manifestazio bakarra. Demokrazia eta erabakia lelopean, 17:00etan ehunka lagun abiatu ziren Gazteluko plazatik, txilibitu, lapiko eta antzekoekin. Manifestariek Demokrazia Kataluniarentzat, Els carrers seran sempre nostres (kaleak gureak izango dira beti) eta antzeko leloak oihukatu zituzten. Bukaeran, Hedoi Etxarte idazleak «eskerrak» eman zizkion Kataluniako gizarteari, prozesu subiranistaren eragile nagusia izateagatik.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak