Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika «Poliedrikoa izan behar du EH Bilduk»

Publizitatea

Politika

Udal eta foru hauteskundeak. Hasier Arraiz. EH Bilduko legebiltzarkidea

«Poliedrikoa izan behar du EH Bilduk»

Nafarroan aldaketa «estrategikoaren» aukera ireki delako gustura dago Arraiz, baina badu kezkarik. Uste du herritarrengandik aldendu egin direla Gipuzkoan, eta Bilbo Handian molde zaharrekin ari direla.
Argazkia: JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

2015-05-28 / Enekoitz Esnaola

Udalbiltzaren mapa egutegia du Hasier Arraiz (Gasteiz, 1973) Sortuko presidenteak Donostiako bulegoan. Euskal Herri osoa ageri da han; Arraizek gehiago begiratu dio azkenaldian Hego Euskal Herriari. Bozengatik.

Izan dira udal eta foru hauteskundeak Hego Euskal Herrian. Nolako argazkia ikusten duzu?

Nafarroan, estrategikoki, sekulako aurrerapausoa eman da. EH Bilduk helburu nagusi bat zuen: Nafarroan aldaketa politikoari atea irekitzea. Lortu da. Nafarroatik alda daitezke gauzak Euskal Herri osoan. Gainera, lau indar desberdinen arteko akordio baten bidez gauzatuko da aldaketa; Geroa Baik, Ahal Dugu-k, Ezkerrak eta EH Bilduk sinatuko dugu.

Nafarroarekin hasi zarenez, EH Bilduk zazpi mila boto gehiago lortu ditu Nafarroako udal hauteskundeetan, forukoetan baino. Zer esan nahi du horrek?

Gertuko instituzioa kudeatzeko prestatuta ikusten gaituela; aldiz, jende horrek berak ez gaitu hain prestatuta ikusten Nafarroako Gobernua hartzeko.

Hau da, gaur-gaurkoz jendeak nahiago duela Geroa Bai izatea gobernu alternatiboaren buru?

Gure eratze prozesuagatik, foru bozak ez dira, agian, EH Bildurentzat unerik egokienean iritsi. Geroago izan balira, hobeto. Dena dela, azpimarratu behar dut Nafarroan oso ondo egin duela lan koalizioak. Udalen esparruan botere handia edukiko dugu, Iruñean, Iruñerrian, Tafallan eta beste hainbat lekutan alkatetzak lortuta. Horrek oinarri sendoago bat izateko aukera emango digu.

Gipuzkoa.

Ezin da ezkutatu atzerapausoa izan dugula. Ez hainbeste bototan, Bilduren 2011koekiko hamasei mila boto galdu baititugu, baina bai kualitatiboki, kudeaketan izandako erakusleiho nagusiak galdu baititugu: diputazioa eta Donostiako Udala, batik bat.

Astearteko prentsaurrekoan, esan zenuen «aldaketa politiko eta sozialerako bidea polikiago» egin beharko duzuela. Zertaz ari zinen gehiago: arlo politikoaz ala sozialaz?

Zer baino gehiago ?hori ez dugu ezbaian?, nola da zalantzan duguna. Polikiago hitza erabili nuen, baina zuzenagoa da herritarrekin batera esatea. Ezkerreko politika txukunak egin ditugu aldundian eta udaletan, baina gauza batzuk ez ditugu ongi jarri martxan, edo ez, behintzat, jendeak nahi bezala. Nolabait, herritarrengandik aldendu egin gara. Hori sentitu dute haiek, eta hor dira igandeko emaitzak. Akats politiko handia egin dugu.

Baina esan duzu ez duzuela galdu boto asko.

Baina boto bakoitzak du bere pisua. Gainera, 2011n jasotako botoak gureak zirela sinistera heldu ginen, eta botoak ez dira alderdionak, herritarrenak dira. Berriz ere haien konfiantza jasotzeko, ondo erantzun behar diezu. Hori da hauteskundeek daukaten onena.

Zer duzue hobetzeko?

Umiltasun handiagoa izan behar dugu, eta gauzak beti herritarrekin egin behar ditugu. Pentsatzen genuen Gipuzkoa guk nahi dugun bezalakoa dela; eta ez da.

Egunotan, EH Bilduren eta Gipuzkoako EH Bilduren agerraldietan, gai sektorial bat atera da, galdera-erantzunetan bada ere: hondakinena.

Guk Gipuzkoan ez dugu harrokeriaz jokatu, baina jendeak sumatu du harrokeriaz ari ginela. Hedabide batzuek-eta sortu dute halako giro sozial bat. Ordaindu egin dugu, baina ez arlo jakin bateko jokaeragatik. Gure aurkako giro orokor bat egon da.

Araba.

Oso pozik gaude emaitzekin. Hazkundea izan dugu berriz, eta alternatiba gisa sendotzen ari gara, ezkerretik arituta. Oraingoz, ez diot mugarik ikusten. Arrastoak ematen ditu Euskal Herriko beste eskualde batzuetarako.

Zer arrasto?

Gasteiztarra naiz, eta emaitza hauek ez dira ustekabea izan niretzat ere. Urteetako lan bat dago atzean, eta aldaketaren zantzuak ikusten dira kalean. Bi azpimarratuko ditut. Batetik, Korrika. Aurten, Euskal Herriko leku batzuetan hartu dut parte, eta inon ez dut ikusi Gasteizen ikusi dudan emozioa. Bestetik, Gora Gasteiz ekimena aipatu behar, nola sortu den eta nola garatu den aztertuta. Jende gehiagok eta askotarikoak parte hartu ahal izateko mobilizazioak sortu behar dira. Eremu politikora etorrita, abertzale eremukoa ez den jendea inguratzen ari da Arabako EH Bildura; ezkerreko independentismora datoz.

Bizkaia.

Ez gara gaizki geratu, baina emaitzak ez dira pozik egoteko modukoak. Gure helburua ez da beti bigarren indarra izatea.

Bigarren izan zaitezke, baina alternatiba izanda. Bizkaian, EH Bilduk ehun mila boto aurretik dauka EAJ.

Estrategikoki Euskal Herrian hegemonia nahi badugu, hori Bilbo Handia deiturikoa irabazita etorriko da. Bestela, ahaztu. Oraingo emaitzak urriegiak dira.

Nola indartu daiteke EH Bildu Bilbon, Ezkerraldean...?

Bizkaia, bere barnean, soziologikoki oso desberdina da. Soziologia jakin bat dagoen eskualdeetan oso ondo moldatzen gara gu. Besteetan, ez dugu asmatzen. Izan ere, akats bat egiten dugu: berdin jokatzen dugu Bizkai osoan. Nafarroak, Gasteizek eta Ipar Euskal Herriak erakutsi digutena izan da toki bakoitzak bere estrategia behar duela, betiere bertako soziologiaren araberakoa.

Nafarroan, Erriberan egin duzue ahalegin bat oraingo udal bozetan, EH Bildu marka alboratu eta beste eragile batzuekin herri hautagaitzak sustatuta.

Tuteran CUP herritar hautagaitzak ia mila boto atera ditu, eta hango hautetsia erabakigarria izango da gobernu aldaketa gauzatzeko.

Bilbo Handian antzera jokatzen hasteko asmorik bai?

Modu gordin batean esanda, onartu behar dugu Bilbo Handia ez dela Lea-Artibai. Beraz, beste modu batera jokatzen hasi behar dugu. Batzuetan, igual, ez zaigu gustatuko, edo kostatu egingo zaigu hala aritzea, iruditzen zaigulako apurtu egiten dela gure eredu politiko eta organizatibo naturala. Gure ereduak poliedrikoa izan behar du. Euskal Herri asko daude, eta, ondorioz, ezin da EH Bildu bakarra egon.

Bilbo Handian, Ahal Dugu-k eta hark sustatutako herritar hautagaitzek %15 inguruko sostengua lortu zuten igandean.

Jende bat haiengana joan da. Bilbo Handian gertatu da espainiar etorkinen seme-alabak abertzale direla gaur egun, baina gehien-gehienak EAJkoak dira, ez gureak. Orain, gainera, beste batzuek Ahal Dugu-ra jo dute. Guk alternatiba izan gabe segitzen dugu.

Bilbo Handian ia 900.000 lagun bizi dira.

Programak, hautagaien profilak eta jokamoldeak ezin ditugu berdinak izan toki denetan. Akats hori dugu. Oraingoz, ez dakit justu zein formula erabil daitekeen: elkarlana, aliantza politikoak...

Araban, Bizkaian eta, batez ere, Gipuzkoan ?gobernu askotan egoteagatik?, ez duzue erakundeetan bazkide egonkorrik izan joan den udal eta foru legealdian. Orain, mesede egingo al dizue Ahal Dugu eta antzeko hautagaitzak egoteak?

Nafarroan, egoerak berak behartu gaitu lehen aipatutako lau indarrak modu zehatz batean jokatzera. Ardura politiko handiz, eskuzabaltasunez eta malgutasunez ari gara. Nafarrek ez ligukete barkatuko aukera historiko hau zapuztea. Hegoaldeko beste hiru herrialdeetan zer pasatzen da? Bestelakoa dela egoera. Politika konbentzionalaren blokean hiru alderdi daude: EAJ, PSE eta PP. Eta bloke alternatiboan gu baino ez gara egon. Bi bloke haien arteko tartea handitzera doa, EAJk PSEra jo duelako eta orain sakondu egingo duelako horretan; gainera, EAJ botoak irabazten ari da PSEtik eta PPtik estrategia horrekin, baina boto horiek mugatu egingo dute haren balizko bide bat. Herri gisa aztertuta, erabakitzeko eskubidearen eta burujabetza prozesuetan atzerapauso kezkagarri bat gerta daiteke. Bestalde, ordea, badirudi gure blokean beste indar bat sar daitekeela: Ahal Dugu; eta Araban, Irabazi ere bada Batzar Nagusietan eta Gasteizen. Ea gai garen haiekin elkarlanean aritu eta indar harremanak aldatzeko. Dagoeneko baditugu datu baikor batzuk.

Zein?

Gasteizen hiru bloke marraztu ahal dira: EAJ-PSE, PP eta EH Bildu-Hemen Gaude-Irabazi. Hirurek dituzte bederatzina hautetsi. Jokoa eman dezake. Eta Batzar Nagusietan, EAJ-PSEk 18 ditu; PPk (C's-rekin), 13; eta EH Bildu-Ahal Dugu-Irabazik, 20. Gure proiektua hazteko aukera berriak irekiko ditu.

Zertan islatuko da hori?

Gizarte ereduetan-eta konfrontazio bat egongo da besteekin, baina beste arlo batzuetan EAJrekiko ez dugu bilatuko talkarik, elkarlana baizik. Gizarteak hori nahi du.

Eta «proiektua hazteko» besteekin adostu beharrak zuen kultura politikoa aberastuko edo zabalduko al du? Aipatu izan duzue «kultura politiko berria» behar dela.

Malgua izateak ez dizu sendotasunik kentzen. Baina gauza batzuetan ez gara horrela aritu.

Joan dira hauteskunde hauek. Euskal Bidea garatzeko aukera hobean al zaudete?

Bai. Nafarroako bideak haizatu behar du Euskal Bidea. Urteetako lana egin dugu han, eta segituko dugu. Horrekin batera, EAEri buruz serio hitz egiten hasteko garaia dugu.

EAEko estatutu politiko berriaz ari al zara?

Bai. Euskal Bidearen barruan EAEko bidea zehazten hasi behar dugu. Bi ardatz ditugu: erabakitzeko eskubidean oinarritu behar du, eta eskumenen-eta sabaia ezin du Madrilek jarri, EAEko instituzio eta herritarrek baizik.

Urteotan, egongo al da pausorik Nafarroa eta EAEren lankidetzarako?

EH Bildu Nafarroako Gobernuan egoteak lagunduko luke. Egongo dela uste dut. Baina, era berean, uste dut abertzaleok nahi baino emekiago joango direla pausoak lurraldetasun aldetik.

Zergatik?

Garai berezi honetan, Nafarroan ezin gara aldendu herritarrengandik.

Zuek Euskal Bidea aurkeztu berritan, aurtengo otsailaren 1eko BERRIAn esan zenuen: «Nafarroan aldaketa badago, prozesurako Jaurlaritzan sartzeko eskatuko dugu».

EAJk PSE hartu du lehentasunezko bidelagun, ez gu. Beraz, orain, planteamendu hark ez luke oinarri sendorik izango. Ea gerora.

EAJ eta Sortu bakegintzako elkarrizketei berriro heltzekoak zarete.

Guk premia dugu gatazkaren ondorioak konpontzeko, egoera usteltzeko arriskua baitago. Baina guztia ez dago geure gain. Denok atera behar dugu irabazle. Hori da gure baldintza akordioetarako.

Publizitatea

Sortu kontua
Enekoitz Esnaola Enekoitz Esnaola

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak