Kooperatibismoa

Bi aro lotzeko zubi lanetan

Javier Sotil Mondragoneko presidente izendatu dute Txema Gisasolak dimisioa eman eta hamar hilabetera. Fagor Etxetresnen krisiaren osteko Mondragon berria gidatzeko erronka dauka

Xabier Martin -

2014ko azaroak 14

Mondragon korporazioak bere historian izandako urte beltzena itxi nahi du, eta, horretarako, Fagor Etxetresnen porrotaren osteko faseari ekin nahi dio presidente berri batekin. Javier Sotil aukeratu dute horretarako. Taldeko Batzorde Iraunkorra batzartu da goizean Arrasaten, Agustin Markaide organoko presidentea buru dela, eta aurrerantzean korporazioko lema eramango duen presidentea izendatu dute.

Txema Gisasolaren dimisioaz geroztik Batzorde Kudeatzailean aritu diren lau kideak ziren hautagi nagusiak: Eroskiko buru Agustin Markaide, Laboral Kutxako buru Txema Garcia, Oronako buru Xabier Mutuberria eta taldeko Industria arloko lehendakariorde Javier Sotil. Askoren ezusterako Javier Sotil aukeratu dute. Batzorde Kudeatzaileko kideen artean "hautagai ahulena" zelako ustea bazen, batik bat kide bakoitzak taldearen barruan duen ardura eta ibilbideei begira, baina hura da MCko presidente berria.

Taldeko presidente berriaren izenarekin batera, kongresura deitu du Mondragonek, abenduaren 15erako. Han berretsi beharko dute korporazioko kide diren kooperatiba desberdinetako ordezkariek taldeko presidente berria onartzen dutela. "Historikoki arazorik gabe gainditu den tramitea" da hori, Mondragoneko iturriek diotenez.

Kongresu horretan, era berean, Javier Sotilek datozen urteetan korporazioak garatu beharko duen estrategia azalduko du, 83.000 langilerengan eragingo duen estrategia. Azken urtean Kudeaketa Batzordeak koordinatutako hausnarketaren emaitzak jakinaraziko ditu, eta Mondragonen eredu kooperatiboak hartuko duen norabidea ere azaldu beharko du. Kongresu hori mugarria izango da Mondragon korporazioaren ibilbidean, Fagor Etxetresnen porrotaren inguruan izandako gertaera guztiek taldean bertan eragindako ondorioak ikusiko direlako nolabait.

"Kargu berrian egokitu zaion lehen mugarria izango da organo korporatiboek azken hilabeteetan egin den eta Etorkizuneko Mondragon proiektuarekin burutu den hausnarketa 2014ko Kongresuan aurkeztea, datorren abenduaren 15ean. Kontseilu Orokorreko lehendakari berriak Korporazioaren hausnarketa eta etorkizunari begira dauden oinarrizko lan ildoak azalduko ditu". Halaxe dio korporazioak igorritako oharrak.

Javier Sotilen izendapenarekin Batzorde Kudeatzailearen zeregina "amaitutzat" jotzen du Arrasateko taldeak. "Batzordeak Korporazioaren egunerokotasuna kudeatzen aritu da", dio oharra; "Mondragonen etorkizunari buruzko gogoeta ere dinamizatu eta koordinatu du". Aurrerantzean, Javier Sotilek korporazioaren datozen urteetako "bilakaera gidatuko du".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna