Rosseta misioa

"Lo" dago 'Philae', bateria faltagatik

Eguzki izpirik ez du jaso azken egunetan, eta energiarik gabe geratu da. "Atseden egoeran" sartu aurretik, halere, datu garrantzitsuak bidali ahal izan ditu.

Zundak kometaren azaletik bidali zuen lehen argazkia. Zunda bera ikusten da.
Zundak kometaren azaletik bidali zuen lehen argazkia. Zunda bera ikusten da. / ESA/Rosetta/Philae/CIVA

Berria -

2014ko azaroak 15

Philae' zunda 67/P Churyumov-Gerasimenko kometan dago joan den asteazkenetik. Kometari buruzko argazkiak eta datuak bidaltzen egon da ordutik, baina gaur, 00:36 aldera, "atseden egoeran" sartu da, Europako Agentzia Espazialak (ESA) jakinarazi duenez.

Bateria kargatzeko behar beste eguzki izpi ezin izan du jaso zundak azken egunetan, eta, hortaz, energiarik gabe geratuta, itzali egin da. Misioaren arduradunen hitzetan, "lo geratu da"; ohartarazi dute, gainera, "isiltasuna potentzialki luzea" izango dela, alegia, denboran luzatuko dela.

Itzali aurretik, ordea, Churyumov-Gerasimenko kometari buruzko informazio zientifiko garrantzitsua bidali ahal izan zuen zundak, misioaren arduradunak, Stefan Ulamecek, jakinarazi zuenez. Ulamec "arrakasta zientifiko sinesgaitz honetaz harro" agertu da, eta zundak "baldintza gogorretan era bikainean jardun" duela adierazi du.

ESAk jakinarazi duenez, hemendik aurrea ez da posible izango 'Philae' zundarekin harremanetan jartzea, ez "esnatzeko behar duen behar beste energia sortzeko" eguzki argirik jasotzen ez badu behintzat. Hain zuzen ere, zundaren kometaratze plataforma "altxatzeko eta biratzeko" operazioa egin dute ESAko arduradunek, zundak eguzki izpi gehiago jaso ahal izateko. Oraindik ez dakite ahaleginak arrakasta izan ote duen ala ez.

Lurretik 511 milioi kilometroko bidaia egin ostean, asteazkenean kometaratu zen 'Philae' zundan. Edonola ere, ez zen aurreikusitako lekuan erori, eta eremu ilun batean geratu zen, behar beste eguzki argirik gabe.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna