Aralarren VI. kongresua

Rebeka Ubera izendatu dute Aralarreko idazkari nagusi

Militanteen %85,7en babesa jaso du idazkari nagusi berriak. Estatutuak eta ponentzia politikoa ere adostu dute, babes handiarekin.

Rebeka Ubera eta Patxi Zabaleta, gaurko kongresuan.
Rebeka Ubera eta Patxi Zabaleta, gaurko kongresuan. Jagoba Manterola / Argazki Press

Berria -

2014ko azaroak 15

Alderdiaren VI. Kongresua egin du Aralarrek Iruñean (Nafarroa), Iruña Park hotelean. Bertan, zuzendaritza berria aukeratu dute militanteek. Rebeka Ubera idazkari nagusi izendatu dute %85,7ko babesarekin (90 boto), eta orain arteko koordinatzailea, Patxi Zabaleta, ohorezko presidente izatera pasa da, %89,5ek hala erabakita (94 boto) . Uberak “ezker abertzale zibil eta anitza eraikitzeko” helburua nabarmendu du izendatua izan eta gero, eta helburu hori “momentu politiko honetan inoiz baino gertuago” dagoela azpimarratu du. Alde horretatik, “Euskal Herriak egitura demokratiko eta eraginkorrak dituen ezker abertzalea” behar duela adierazi du idazkari nagusi berriak, “hori baita Euskal Herri independente eta burujabea lortzeko bermea”. Uberarekin batera, Ainhoa Beola, Asun Fernandez de Garaialde, Jon Inarritu, Nekane Perez, Maite Sarasua, Rikardo Otxoa, Aitor Zaldua eta Aser Lertxundik osatuko dute alderdiaren zuzendaritza berria.

Zuzendaritzarekin batera, alderdiaren estatutu berriak eta ponentzia politikoa babestu dute militanteek, 10:30etan hasi den saioan. Estatutuek %83,5ko babesa izan dute, eta txosten politikoak 88,7aren babesa jaso du.  Bakea, bizikidetza, erabakitzeko eskubidea, Euskal Herriko hiru esparru administratiboak errespetatzea, eta «”ezker berria eta iraultza sozialaren” alde egingo dute, Ekosozialismoa eta Independentzia izeneko txosten politikoak dakarrena babestuz. Aurreko astean, Bilbon, zuzenketak bozkatu zituzten —estatutu proposamenen aurkako osoko zuzenketak %13,8ko babesa baino ez zuen izan.

Zabaletak atzo Euskadi Irratian adierazi zuen Aralar “ideologikoki oso pozik” dagoela ibilbideaz. “Gure helburuak bete egiten direla ikusten dugulako gaude pozik, baina azpiegitura berriak eta bateratuak sortzeko pausoak emateko ordua iritsi da”.

Rebeka Ubera (Elgeta, 1972) Aralarreko Antolaketa idazkaria izan da 2009tik. Bi legealdietan (2003-2007 eta 2007-2011) diputatua izan da Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Ezker Batuarekin koalizioan azkenekoan. 2012tik legebiltzarkidea da Eusko Legebiltzarran, EH Bildu koalizioan. Haur Hezkuntzan eta Heziketa Fisikoan diplomatua da, eta psikomotrizista ere bada. 2001. urtetik da Aralarkidea. Euskalduna da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna