KOLONBIA

Kolonbiako Gobernuak bake negoziazioak eten ditu

Gaur zen hastekoa elkarrizketen 32. saioa Habanan, baina Juan Manuel Santosek ordezkaririk ez bidaltzea erabaki du, jeneral baten desagerpenaren ondoren.

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea eta Juan Carlos Pizñon Defentsa ministroa, joan den asteko ekitaldi batean.
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea eta Juan Carlos Pizñon Defentsa ministroa, joan den asteko ekitaldi batean. EFRAIN HERRERA / EFE

Samara Velte -

2014ko azaroak 18

Habanan ziren biltzekoak bihar Kolonbiako Gobernuko eta FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarretako ordezkariak. Choco eskualdean izan berri diren hiru bahiketaren ondoren, ordea, negoziazioak bertan behera uzteko agindu du Juan Manuel Santos presidenteak. Bahiketok "onartezinak" direla adierazi du.

Armadako goi agintariekin bildu ondoren eman du erabakiaren berri Santosek, igande gauerdian. "Bake negoziatzaileak bihar ziren joatekoak Habanara. Esango diet ez bidaiatzeko eta pertsona horiek aske utzi arte elkarrizketei berriro ez ekiteko".

Ruben Dario Alzate da bahitutako jenerala. Juan Carlos Pinzon Defentsa ministroak jakinarazi duenez, igandean bahitu zuten kaleko jantzita zihoala, Quibdo hiritik 15 kilometrora, Kolonbia mendebaldean. Jorge Rodriguez armadako kidea eta Gloria Urrego abokatua dira bahitu dituzten beste bi lagunak. 

Santosek ziurtatu du FARCek bahitu dituela, eta gertatutakoa argitzeko eskatu du. Besteak beste, jakin nahi du Alzate zergatik zegoen kaleko jantzita eta zergatik esan zien bizkartzainei ez laguntzeko. FARCek ez du oraingoz adierazpenik egin.

Asteazkenean bi urte beteko dira bi aldeek Habanako bake elkarrizketak hasi zituztenetik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna