Trebi˝uko auzia, Madrilen

Trebiñarren nahiari, bizkarra

PPk eta PSOEk atzera bota dute Gorteetan Trebiñu Arabara batzeko eskatzen duen Legebiltzarreko ekinaldi legegilea. Trebiñuko biztanleen borondatea errespetatzeko galdegin dute EAJ, EH Bildu eta PSEko legebiltzarkideek.

EAJ Xabier Agirre, EH Bilduko Belen Arrondo eta PSE-EEko Txarli Prieto, Espainiako Kongresuan.
EAJ Xabier Agirre, EH Bilduko Belen Arrondo eta PSE-EEko Txarli Prieto, Espainiako Kongresuan. JUANJO MARTIN / EFE

Edurne Begiristain -

2014ko azaroak 19

Eusko Legebiltzarrean EAJ, EH Bildu eta PSEren babesa eta PPren eta UPDren abstentzioa jaso ostean, Gorteetan izan du hurrengo geldialdia Trebiñuren inguruko eztabaidak. Trebiñuko konderria (Burgos, Espainia) Araban sartzeari buruzko lege proposamena ez da aurrera irten Espainiako Kongresuan, PPko eta PSOEko taldeek kontra bozkatuta. 276 diputatuk egin dute proposamenaren kontra, eta 28k alde; hemeretzik abstentziora jo dute.

Eusko Legebiltzarreko ordezkaritza bat izan da han (EAJko Xabier Agirre, EH Bilduko Belen Arrondo eta PSE-EEko Txarli Prieto), Trebiñu EAEra batzeko proposamena defendatzeko. Beste ordezkari politiko batzuk ere izan dira bertan, ikusle gisa.

Agirre izan da Lege Organikoaren proposamena defendatzen lehena, nabarmenduz Trebiñuko auzia ez dela ezein alderdi edo joera politikoren "aldarri partikularra". Prietok ere nabarmendu du EAJ, EH Bildu eta PSEren babesa duela ekinbideak, eta PPk eta UPDk ez dutela kontra bozkatu. "Legezkoa izan beharko litzateke jada ia normala dena", erantsi du. Arrondok, berriz, galdetu du ea zer gehiago egin behar duten Trebiñuko biztanleek "haien borondatea errespeta dadin".

PPk eta PSOEk, ordea, ekimenaren kontra bozkatuko dute. Arturo García-Tizon PPko diputatuak zilegitzat jo du Euskal Autonomia Erkidegoak Trebiñu Arabara batzea nahi izatea, baina "Gaztela eta Leongo estatutuarekiko errespetuagatik" PPk proposamena baztertuko duela iragarri du. Luis Fernandez Tudanca PSOEko diputatuak, berriz, eskatu du 1995ean martxan jarritako erakundeen arteko batzordea berriz abiatzeko, gaineratuz Gaztela eta Leongo Gobernuak batzorde hura utzi zuela Eusko Jaurlaritzaren "deriba independentista" zela-eta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna