KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Babesa jaso ondotik, aurrera

Kataluniako fiskalen ezezkoaren ondoren, Espainiako Fiskalen Biltzarrak bere egin du Torres-Dulce estatuko fiskal nagusiaren tesia, eta Generalitatearen aurka kereila jarriko du aste honetan.

Eduardo Torres-Dulce fiskal nagusia, erdian, fiskaltzako goi kargudunekin egindako bileran, atzo.
Eduardo Torres-Dulce fiskal nagusia, erdian, fiskaltzako goi kargudunekin egindako bileran, atzo. CHEMA MOYA / EFE

Adrian Garcia -

2014ko azaroak 20

Europa Press agentziak fiskaltzaren iturriak aipatuz zabaldu duenez, "ziurrenik" Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidentearen, Joana Ortega presidenteordearen eta Irene Rigau Hezkuntza kontseilariaren kontra aurkeztuko du fiskalak salaketa: desobeditzea, prebarikatzea, funtsak bidegabe erabiltzea eta funtzioak usurpatzea egotziko die.

Fiskalen batzarrera eraman du gaia Eduardo Torres Dulce Espainiako fiskal nagusiak. Estatuko Fiskaltzaren egoitzan batu dira, eta han aholkularitzan jarduten duten 26 kideren aurrean agertu ditu Torres-Dulcek bere asmoak, eta 22 fiskalen babesa jaso du. Eztabaida izan dute aurkeztu beharreko kereilen inguruan, Efe agentziak fiskaltzako iturriak aipatuz argitaratu duenez: soilik Masen kontra jotzearen alde agertu dira batzuk; Mas eta Ortega salatzea aldeztu dute beste batzuek; hirugarren multzo batek, ordea, Mas, Ortega eta Rigau jarri ditu jomugan. Bartolome Vargas fiskalak, berriz, argudiatu du ez dela beharrezkoa kereilarik aurkeztea, auzibide ugari daudelako zabalik Katalunian kontsulta dela-eta.

Torres-Dulceren arabera, Auzitegi Konstituzionalak azaroaren 9ko parte-hartze prozesua eteteko emandako aginduak "ez zuen zalantzarako tarterik uzten", eta, hortaz, Masen gobernuak "erresoluzio horren edukiarekin bat ez zetorren jarrera" hartu zuela uste du.

Fiskalen batzarreko kideen iritzia ez da bete beharrekoa, baina salaketa jartzearen aurka agertuko balira, egoera zailean geratuko litzateke Espainiako fiskal nagusia, kontuan hartuta Kataluniako fiskalen babesik ere ez duela jaso. Kataluniako fiskalen batzarrak dio ez dagoela salaketarako oinarri juridikorik, eta, beraz, Jose Maria Romero de Tejada Kataluniako fiskal nagusiak salaketarekin bat ez egitea erabaki du. Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak adierazi du errespetatu egingo duela fiskaltzaren erabakia.

Espainiako Gobernuak, berriz, jakinarazi du Mariano Rajoy presidenteak erantzun diola Artur Masek bidalitako eskutitzari, baina edukiaren berri zehatzik ez du eman. Hilaren 29an Bartzelonara joango da Rajoy, bere jarrera "hobeto azaltzera".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna