israel

Palestina Askatzeko Herri Fronteak bere gain hartu du Jerusalemgo sinagogan izandako erasoa

Gutxienez sei hildako izan dira Har Nof auzoko sinagogan izandako erasoan, Jerusalem mendebaldean. Horietako bi ustezko erasotzaileak dira. Netanyahuk ziurtatu du "gogor" erantzungo diotela ekintzari.

Jerusalemgo sinagogaren aurkako erasoan zauritutako bat, anbulantziara eramaten. MIRI TSACHI, EFE
2014ko azaroaren 18a
21:34
Entzun

Bi lagun labana, aizkora eta pistolekin sartu dira sinagogara; errezoan ari zirenen aurka jo dute, eta lau lagun hil dituzte. Osasun zerbitzuen arabera, beste zortzi lagun zauritu dira. Ordu gutxira, Palestina Askatzeko Herri Fronteak bere gain hartu du erasoa, eta ekintza "heroikotzat" jo du.

Hildakoen artean daude ustezko bi erasotzaileak, Poliziak jakinarazi duenez. Luvba Samri bozeramaileak azaldu du "bi terrorista" sinagogan sartu direla, eta Poliziak haien aurka tiro egin eta hil egin dituela. 2008tik hirian izandako erasorik odoltsuena izan da.

Erasoaren ondoren, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ziurtatu du "gogor" erantzungo diotela "hilketa basati" horri, eta Mahmud Abbas Palestinako presidenteari eta Hamasi leporatu die erasoa eragin izana. Horrekin batera, salatu du bi horien "probokazioen" aurrean nazioarteak "entzungor" egiten duela. Abbasek gertatutakoa gaitzetsi du.

Fawzi Barhoum Hamasek Gazan duen bozeramaileak, berriz, Jerusalemgo "eraso heroikoa" goratu du. Haren iritziz, "okupazioarekiko erresistentzia ekintza bat" da, baita "okupazioaren krimenei" emandako erantzuna ere. Maan berri agentziak bildu duenez, Hamasek hilda agertutako autobus gidariaren kasuarekin lotu du erasoa. Igandean urkatuta agertu zen gidari palestinar bat, eta horri emandako erantzuna izan dela azaldu du taldeak.

Nazioartetik, Philip Hammond Erresuma Batuko Atzerri ministroak eta John Kerry AEBetako Estatu idazkariak erasoa gaitzetsi dute. Hammondek tentsioa gutxitzeko lanean jarduteko deia egin die alde guztiei; Kerryk elkartasuna adierazi die biktimei.

Tentsio gune izaten ari da Jerusalem azken asteetan. Besteak beste, Meskiten Zelaian izandako tiroketa baten ondorioz, Al-Aqsa meskitarako sarbide guztiak itxizituen Israelgo Gobernuak, Bigarren Intifadaz geroztik lehen aldiz.



 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.