israel

Palestina Askatzeko Herri Fronteak bere gain hartu du Jerusalemgo sinagogan izandako erasoa

Gutxienez sei hildako izan dira Har Nof auzoko sinagogan izandako erasoan, Jerusalem mendebaldean. Horietako bi ustezko erasotzaileak dira. Netanyahuk ziurtatu du "gogor" erantzungo diotela ekintzari.

Jerusalemgo sinagogaren aurkako erasoan zauritutako bat, anbulantziara eramaten. /
Jerusalemgo sinagogaren aurkako erasoan zauritutako bat, anbulantziara eramaten. / MIRI TSACHI/EFE

Berria -

2014ko azaroak 18

Bi lagun labana, aizkora eta pistolekin sartu dira sinagogara; errezoan ari zirenen aurka jo dute, eta lau lagun hil dituzte. Osasun zerbitzuen arabera, beste zortzi lagun zauritu dira. Ordu gutxira, Palestina Askatzeko Herri Fronteak bere gain hartu du erasoa, eta ekintza "heroikotzat" jo du.

Hildakoen artean daude ustezko bi erasotzaileak, Poliziak jakinarazi duenez. Luvba Samri bozeramaileak azaldu du "bi terrorista" sinagogan sartu direla, eta Poliziak haien aurka tiro egin eta hil egin dituela. 2008tik hirian izandako erasorik odoltsuena izan da.

Erasoaren ondoren, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ziurtatu du "gogor" erantzungo diotela "hilketa basati" horri, eta Mahmud Abbas Palestinako presidenteari eta Hamasi leporatu die erasoa eragin izana. Horrekin batera, salatu du bi horien "probokazioen" aurrean nazioarteak "entzungor" egiten duela. Abbasek gertatutakoa gaitzetsi du.

Fawzi Barhoum Hamasek Gazan duen bozeramaileak, berriz, Jerusalemgo "eraso heroikoa" goratu du. Haren iritziz, "okupazioarekiko erresistentzia ekintza bat" da, baita "okupazioaren krimenei" emandako erantzuna ere. Maan berri agentziak bildu duenez, Hamasek hilda agertutako autobus gidariaren kasuarekin lotu du erasoa. Igandean urkatuta agertu zen gidari palestinar bat, eta horri emandako erantzuna izan dela azaldu du taldeak.

Nazioartetik, Philip Hammond Erresuma Batuko Atzerri ministroak eta John Kerry AEBetako Estatu idazkariak erasoa gaitzetsi dute. Hammondek tentsioa gutxitzeko lanean jarduteko deia egin die alde guztiei; Kerryk elkartasuna adierazi die biktimei.

Tentsio gune izaten ari da Jerusalem azken asteetan. Besteak beste, Meskiten Zelaian izandako tiroketa baten ondorioz, Al-Aqsa meskitarako sarbide guztiak itxi zituen Israelgo Gobernuak, Bigarren Intifadaz geroztik lehen aldiz.



 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna