KUTXABANK

Espainiako Bankuaren esku dago Kutxabanken geroa

BBK-k, Kutxak eta Vitalek argudiatu diote banku zentralari ez direla bat eginda aritzen. Horrela eragotzi nahi dute bankuaren %50 saldu behar izatea.

Espainiako Bankuaren egoitza nagusia, Madrilen. /
Espainiako Bankuaren egoitza nagusia, Madrilen. / Kiko Huesca / EFE

Iker Aranburu -

2014ko azaroak 19

Kutxabanken akzioen erdiak saldu behar ez izateko azken aukerari heldu diote BBK-k, Kutxak eta Vital Kutxak. Alegazioak aurkeztu dizkiote Espainiako Bankuak banku fundazioen legea zehazten zuen zirkular zirriborroari, haren arabera uler daiteke-eta hiru kutxa ohiek bat eginda kudeatzen dutela Kutxabank. Horrek 700 milioi euroko erreserba funts bat osatzera behartuko lituzke bankuaren jabetzaren %50i baino gehiagori eutsi nahi badiote. Hori horrela, nor bere aldetik doala eta hiru akziodun desberdin direla nabarmendu diote Espainiako Bankuari. Alegazioa aintzat hartuz gero, BBK baizik ez legoke behartuta bere parte hartzea txikitzera (akzioen %57) edo erreserba funtsa sortzera (300 milioi eurokoa, gutxi gorabehera). 

Kutxabanken akziodun nagusiak, BBK-k (%57), gaur goizean jakinarazi du bi ardatzetan oinarritzen direla bere alegazioak: itun edo hitzarmenik ez dagoela Kutxabank kudeatzeko, eta gehiegizkotzat jotzen duela Espainiako Bankuak eskatzen duen erreserba funtsaren zenbatekoa.

BBK-k gaur bidalitako alegazioak eta aurreko egunotan besteek igorritakoak Aurrezki Kutxen Espainiako Konfederazioaren (CECA) esku jarriko dituzte, hura arduratuko baita denak bildu eta alegazio orokor bat egiteaz. BBK-k azaldu duenez, alegazio horiek kontuan hartuta edo hartu gabe zirkular bat egin beharko du orain Espainiako Bankuak, eta Espainiako Estatu Kontseiluari igorri beharko dio. Haren txostena ez da bete beharrekoa, baina jaso beharrekoa da behin betiko zirkularra argitara emateko.

Kutxabank osatzen duten hiru erakundeek nahi dute Espainiako Bankuak kontuan hartzea Europako Banku Zentralak egindako estres azterketaren emaitza, horietan bere lehiakideek baino emaitza hobeak lortu zituelako. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna