hezkuntza

"Mugarik gabeko campusa"

Unibertsitate campus bat sortuko dute Akitania-Euskadi euroeskualderako. Ituna sinatu dute EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak. Eskaintza akademikoa eta mugikortasuna areagotuko dira, adibidez.

EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak Euskadi-Akitania euroeskualdean unibertsitate campus bat sortzeko akordioa egin dute. /
EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak Euskadi-Akitania euroeskualdean unibertsitate campus bat sortzeko akordioa egin dute. / Garikoitz Goikoetxea

Garikoitz Goikoetxea -

2014ko azaroak 19

Lankidetza ez da berria EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Bordeleko Unibertsitatearen artean, baina beste pauso bat eman nahi dute orain, Europan “aitzindaria” izango den urratsa. Euroeskualdeko campusa sortzea adostu dute, Bordelen egindako ekitaldi batean.

Nazioarteko bikaintasun campus izendapena lortua dute bi unibertsitateek, eta estilo horretako campusa sortu nahi dute. Helburuetako bat, hain zuzen ere, hori da: bikaintasuna lortzea unibertsitatean, eta nazioartean itzala ematea horri.

Pisu politiko handia eman nahi izan diote ekitaldiari, Euskadi-Akitania euroeskualdearentzat esanahi handiko proiektua baita campusarena. Horren erakusgarri da Bordelen bildutako ordezkari politiko andana; unibertsitateko eta hezkuntzaren eta ikerketaren alorreko kideez gain, han izan dira Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Alain Rousset Akitaniako kontseiluko lehendakaria, besteak beste.

Ikasketak eta ikerketa

Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak jakinarazi du ikasketen eskaintza areagotuko dutela campus berriari esker. Orain ere ari dira lankidetzan alor horretan —elkarrekin eskaintzen dituzte sei master bi unibertsitateek—, baina sendotu egingo dute orain: eskaintza zabalagoa izango da, ikasleen mugikortasuna bultzatu egingo dute eta nazioartean ikusgaitasuna emango dute horrekin.

Ikerketarena da beste giltzarria: “Europan erreferente izango den ikerketa eremu bat eratzea da helburua, sinergia handiagoak bultzatuz ikerketarako eta garapenerako egitura eta dinamiketan”.

Euroeskualdea sendotzeko proiektu giltzarritzat jo dute campusarena. Ez da bakarra izango, hala ere. Urkulluk aurreratu du abenduan aurkeztuko dutela 2020ra arteko estrategia plana. Beste neurri batzuk proposatuko dituzte han.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna