Gilles Violante

"Abokatuen independentzia gabe ez da demokraziarik"

Baionako Abokatuen Elkarteak aho batez deliberatu du greba egitea gaur eta bihar. Gaur, 13:00ean, elkarretaratzea eginen dute Baionako auzitegi aitzinean, Frantziako Finantzen Ministerioaren lege proposamenaren kontra protesta egiteko.

jarraia104692.jpg
Iparraldeko Hitza
2014ko azaroaren 19a
13:30
Entzun

Gilles Violante Baionako Abokatuen Elkarteko buruarekin mintzatu da Ipar Euskal Herriko Hitza, lege proposamenak eragiten dizkien arrangurak hobeki entelegatu nahiz. Lehenik, Violantek azpimarratu du lege proposamena Finantzen Ministeriotik heldu dela eta ez Justizia Ministeriotik, eta hori “zentzugabea” iduritzen zaio, “kazetaritza hunkiko lukeen lege bat Merkataritza eta Artisautza Ministeriotik jinen balitz bezala”. Bidezkoa iduri zaio “eztabaida” sortzea pertsona berezituekin eta Justizia Ministerioarekin.

Lege proposamenaren hiru puntu

Lege proposamenak berak ekarriko lituzkeen aldaketa batzuekin ere oposizioan dira Baionako abokatuak. Epai-instantzia handi bakoitzaren inguruan lekuko abokatuak badira, “eta lege proposamenarekin ez litzateke gehiago behartua izanen lekuko abokatuekin egitea, Frantziako edozein abokatu joan daiteke nonahiko auzitegira kasu bat defendatzera”. Horrek eragin dezakeenaz “gogoeta eramatea” beharrezkoa iduri zaio Gilles Violanti, “metropolien inguruan abokatuen kontzentrazioak izanen baitira eta eskualde batzuk basamortu bilakatuko baitira” haren ustez. Gogoeta eraman ahal izatea da, beraz, puntu horrekiko galdetzen dutena.

Lege proposamenaren beste puntu batek abokatu kabineteen kapitala hunkitzen du, zehazki kanpoko kapitalen ekarpena ahalbidetuko lukeena. Orain arte, abokatuek kabineteetako kapitalaren bi herenak zituzten, eta aldaketa horrekin, Violanteren ustez, “kausitu beharreko emaitza finantza interesen araberakoa" izan daiteke; "Alta, gure ofizioaren oinarrietarik bat libertatea, independentzia eta sekretu profesionala delarik”.

Azken puntua gobernuak sortu nahi duen estatus berriarena da: enpresako abokatua. Herrialde batzuetan jadanik baden estatus honetan —Espainiako Estatuan, adibidez—, abokatuak enpresako langile bilakatzen dira, eta “enpresarekiko duten menpekotasunarengatik ezin dira independenteak izan”, Baionako Abokatuen Elkarteko buruaren arabera. Hain zuzen, elkarte horrek duen autoritateagatik, arazoak sortzen direnean aferak trenkatzeko ahalak baditu, ez, ordea, estatus berria luketen abokatuen aferetan.

Hori guztia kontuan harturik, Violantek uste du ez dela "korporatismo arazo bat, ofizioko jendea soilik hunkitzen duena. Abokatuen independentzia zalantzan ezartzen du lege proposamenak, eta independentzia hori gabe ez da demokraziarik”. Legea Frantziako Legebiltzarrean bozkatuko denez, Violante suprefetarekin eta lekuko hautetsiekin biltzen ari da egun hauetan, lege proposamenaz informatu nahian. Bestalde, elkarretaratzea eginen dute 13:00ean, gaur, Baionako auzitegi aitzinean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.