josu MUGURUZAREN HILKETA. 25. URTEURRENA

Muguruza, liburuan ere bai

'Josu Muguruza. Balek hondatu ez zuten ametsa' liburua aurkeztu du 'Gara'-k, Donostian. Astelehenean, berriz, dokumentala Lander Iruinek eta Markel Andiak.

Mikel Zubimendi liburuaren egileetakoa eta Iñaki Soto Gara-ko zuzendaria, Donostiako aurkezpenean.
Mikel Zubimendi liburuaren egileetakoa eta Iñaki Soto Gara-ko zuzendaria, Donostiako aurkezpenean. / Gorka Rubio/Argazki Press

Enekoitz Esnaola -

2014ko azaroak 19

Mikel Zubimendi Gara-ko kazetariak eta Iñaki Altuna Naiz-ekoak idatzi dute liburua, eta Gara-k argitaratu du. Zubimendik adierazi du “ezinezkoa” izan zaiela biografia bat egitea, Muguruzak 31 urte baino ez zituela hil zutenean. Haren "bizitza puskak" jorratu dituzte 239 orrialdetan, "mitifikaziora jo gabe".

1989ko azaroaren 20an hil zuten –duela 25 urte–, tiroz, Madrilgo Alcala hotelean HBko ordezkaritza batekin eta Egin egunkariko bi kiderekin afaltzen ari zela. Jon Idigoras, Itziar Aizpurua eta Iñaki Esnaolarekin batera, hurrengo egunean zen HBko kide gisa diputatu kargua hartzekoa Kongresuan.

Aljerko elkarrizketa fasea 1989ko apirilean bukatu zen –Espainiako Gobernua eta ETA hizketan aritu ziren–, eta Muguruzaren hilketa "irtenbide bat eragozteko" saioa izan zela aipatu du Zubimendik –Altunak ez du agerraldian egoterik izan; Iñaki Soto Gara-ko zuzendaria egon da Zubimendirekin–. Muguruzak “jakintza, liberazio iturri zuen”, esan du liburuaren egileetakoak, “eta aterabide justu bat aurkitzeko obsesio intelektuala zeukan”.

Hark militantzia Bilboko Errekalde auzoan hasi zuela azpimarratu du –hangoa zen, 1958an sortua–. “Herri mugimendua arnasa zen harentzat. Milaka etorkin zeuden Errekalden, eta 16 urte zituela 600 lagunentzat euskara klaseak ematen zituen. Ez zen sektarioa. 'Dena kabitzen da hemen', esaten zuen. Errekalde auzo organizatuan arnastu eta militatu zuen Muguruzak”. Politika eta bizitza "jarrera alaiarekin" hartzen zituela ere aipatu du Zubimendik, eta "egoera korapilatuetan loturak" egiten bazekiela. "Jendeak esaten du haren leku naturala ezker abertzalearen gidaritza zela".

Jakintza goseaz gain, beste bi ideia nagusi zeuzkan Muguruzak, liburuaren egilearen ustez: "Jendeari hitz egin behar zaiola esaten zuen, jendearekin aritu behar zela. Pedagogia egiten zuen, beraz. Eta, bestetik, ezker abertzaleak bidea kohesionatuta egin behar zuela zioen".

Ihesa, kartzela eta “tortura” ezagutu zituen, idazlearen esanetan, 1989an heriotza aurkitzeraino. “Gerra galduetatik datorren herri honen haria aurkitu dugu Josu Muguruzaren historian”. Haren sendiak 1936ko gudan asko pairatu zuela ere azaldu dute.

Josu Muguruza. Balek hondatu ez zuten ametsa liburuaren bertsio bat euskaraz idatzia dago, eta beste bat, gazteleraz.

Joan den astelehenean, berriz, Lander Iruin eta Markel Andiak Zohardia dokumentala aurkeztu zuten, Bilbon. Muguruzaren bizitzaren inguruko lan bat da.

Donostiako Doka Kafe Antzokian, liburu aurkezpenaren ondoren, dokumentalaren emanaldia izan da. Ekitaldirako bete egin da aretoa. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna