bake elkarrizketak kolonbian

Alzate askatzeko akordioa lortuta, bidea libre du Habanako prozesuak

FARCek ez du ordainik jasoko armadako jenerala askatzearen truke: elkarrizketekin jarraitzeko "borondatearen adierazpena" dela jakinarazi du. Norvegia eta Kuba aritu dira bitartekari.

Kubako eta Norvegiako ordezkariak, akordioaren berri ematen. /
Kubako eta Norvegiako ordezkariak, akordioaren berri ematen. / Ernesto Mastrascusa

Samara Velte -

2014ko azaroak 20

Kolonbiako Gobernuaren ordezkariek eta FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak-Herriaren Armadarenak "beharrezko baldintzak" adostu dituzte Ruben Dario Alzate jenerala aske uzteko. Habanako bake negoziazioetan jardun duten Kubako eta Norvegiako ordezkariek baieztatu dute akordioa.

Adierazpen bat irakurri dute bi herrialde horietako ordezkariek, eta FARC eta Kolonbiako Gobernua zoriondu dituzte "irtenbidea errazteagatik". Berretsi dute bi aldeek "bake iraunkor eta egonkor" baten aldeko apustuari eusten diotela, "azken akordioa" lortzeko helburuarekin. Kolonbiako Gobernuak ziurtatu du atxikitakoak aske utzi ondoren bake negoziazioei ekingo dietela berriro.

Bi aldeek bake prozesuari eusteko nahia agertu zuten atzo. Gerrillaren negoziatzaileek berriz ere su-eten bat ezartzeko akordioa egiteko eskatu zioten gobernuari, eta Juan Manuel Santos presidenteak adierazi zuen espero duela "geldialdia agudo bukatzea".

Gerrillaren negoziatzaileek herenegun baieztatu zuten Alzate jenerala eta harekin zeuden beste militar bat eta abokatu bat FARCen Ivan Rios blokeak atxikita dauzkala.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna