kultura

Koldo Losada hil dute

Aktorearen gorpua indarkeria zantzuekin aurkitu dute, buruan kolpe bat zeukala. Ertzaintzak bikotekidea atzeman du, hiltzailea hura delakoan.

Koldo Losada aktorea, artxiboko irudi batean. 54 urte zeuzkan.
Koldo Losada aktorea, artxiboko irudi batean. 54 urte zeuzkan. J.L. PINO / EFE

Berria -

2014ko azaroak 21

BERRIAk jakin duenez, Koldo Losada aktorea (Getxo, 1960) da atzo gauean, 23:00 aldera, Bilboko Lertsundi kaleko etxe batean hilda topatu zuten gizonezkoa. Emakumezko batek jakinarazi zion Ertzaintzari gorpua aurkitu zuela; haren laguna zen, eta, azaldu duenez, beste lagun batzuekin joan zen gizonaren etxera, haren bikotekideak "informazio nahasia" eman ondoren.

Heriotzarekin zerikusia duelakoan, Ertzaintzak hildakoaren bikotekidea atxilotu du gaur, 54 urteko gizonezkoa. Hala jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Efe berri agentziak bildu duenez, biktimaren etxera joan aurretik emakumea eta haren lagunak atxilotutako gizonarekin izan ziren, eta hark azaldu zien bere bikotekideak gaixotasun terminal bat zuela.

Ikerketaren iturriek Efe berri agentziari adierazi diotenez, inguruko zaborrontzi batean bikotearen txakurraren gorpua aurkitu dute; ustez estrangulatu egin dute. Iturri beraren arabera, biktimaren arrebak esan du bi gizonen arteko harremana "eutsiezina" zela, eta gaineratu du atzeman duten gizonak "mugimendu arraroak" egin zituela bankuko kontuetan.

Koldo Losada aktore ezaguna zen, batik bat antzerkian eta Ados konpainiako kide gisa egindako lanagatik. Egindako lanen artean daude El amigo de John Wayne, Como agua para chocolate, El vendedor del tiempo, El jefe de todo esto, Emoticon, La guerra de los Rose, Einstein eta Wilt

Zineman ere lan egin zuen Losadak, besteak beste Borja Kobeagarekin (No controles) eta Alberto Gorritiberearekin (Eutsi), eta baita telebistan ere.  


 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna