kataluniako prozesu subiranista

Joana Ortega: "Espainiatik kanpo bultzatzen gaituzte"

Generalitateko presidenteordeak Madrilen eta Bartzelonaren arteko urruntasuna islatu du. Beste kontsulta bat egingo dutela esan du, nahiz eta ez argitu modua.

Ortega presidenteordea, azaroaren 9an, parte-hartze prozesuaren nondik norakoei buruzko azalpenak ematen.
Ortega presidenteordea, azaroaren 9an, parte-hartze prozesuaren nondik norakoei buruzko azalpenak ematen. TONI ALBIR / EFE

Adrian Garcia -

2014ko azaroak 21

Espainiako Fiskaltzak Generalitateko hiru kideren aurkako kereila jartzea erabaki ondoren, lehen aldiz hitz egin du Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak: "Pena ematen du herri batek bere iritzia eman nahi duenean eta hautetsontziak jartzen dituenean estatuaren erreakzioa auzitegien eta fiskaltzaren bidezkoa izatea". Masek ziurtatu du "aurrera" egingo dutela "herrialde gisa" Kataluniak dituen asmoekin: "Modu zibikoan, lasaian eta demokratikoan egingo dugu".

Francesc Homs Generalitateko bozeramaileak esan du Espainiako Gobernuak "zikoizkeriaz" jardun duela, ez duela "aurpegia eman" eta nahiago izan duela Espainiako Fiskaltzari "presio egin" erantzun politiko bat eman baino. Catalunya Radio irrati kateko El matí programan egin ditu adierazpenok.

Mariano Rajoyk Kataluniara egingo duen bisitaz ere mintzatu da. Homsen ustetan, ez datoz bat Artur Masekin ez biltzeko erabakia eta elkarrizketarako agertu duen "ustezko" borondatea: "Rajoy Kataluniara dator bere ingurukoekin hitz egitera".

Joana Ortega Generalitateko presidenteordeak adierazi du "harrotasunez" egingo diola aurre fiskaltzaren kereilari, azaroaren 9an egindako lanagatik. Hala ere, onartu du sentimendu "gazi-gozoa" duela, uste baitu estatuak ez duela "heldutasunik" arazo politikoei politikatik aurre egiteko. "Gero eta gehiago bultzatzen gaituzte Espainiatik kanpo", gaineratu du. Hainbat alkaterekin egindako gosari informatibo batean egin ditu adierazpenok.

Atzo, Espainiako Fiskalen Biltzarrak bere egin zuen Eduardo Torres-Dulce fiskal nagusiaren tesia, eta jakinarazi zuen kereila aurkeztuko dutela Kataluniako Auzitegi Nagusian Joana Ortegaren, Artur Mas Generalitateko presidentearen eta Irene Rigau Hezkuntza sailburuaren aurka, azaroaren 9ko prozesu parte hartzailea antolatzeagatik.

Bost delitu inputa dakizkieke: desobedientzia eta prebarikazioa egitea, funtsak bidegabeki erabiltzea, justizia eragoztea eta eskumenak usurpatzea.

Bartzelonako fiskalen eskaria

Bartzelonako fiskalek eskatu dute ireki ditzatela berriro probintzian azaroaren 9an inguruan artxibatutako salaketa guztiak. Haien arabera, baliteke delitu zantzuak egotea parte hartze prozesuaren gainean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna