aeb

Paperik gabeko 5 milioi lagunen egoera erregularizatu nahi du Barack Obamak

Immigrazioaren inguruko planaren berri eman du AEBetako presidenteak. Haren arabera, proposatutako neurriekin sistema "justuagoa" izango da.

AEBetako hainbat herritar, Barack Obamaren agerraldia jarraitzen. /
AEBetako hainbat herritar, Barack Obamaren agerraldia jarraitzen. / George Frey/EFE

Berria -

2014ko azaroak 21

Paperik gabeko 11,3 milioi immigrantetik 5,2 milioiren egoera erregularizatzeko neurri exekutiboaren berri eman du bart Barack Obama AEBetako presidenteak.

Neurri horrek eragina izango du seme-alabak AEBetan izaten dituzten paperik gabekoengan; gutxienez bost urtez herrialdean bizi izan direla frogatu beharko dute gurasoek. Baldintzak betez gero, ezingo dituzte deserritu, eta hiru urterako lan baimena jasoko dute. Obamak ohartarazi du kriminalak deserritu egingo dituztela.

"Badakit neurri honekin kritiko diren batzuek amnistia deitzen diotela. Ez da horrela. Amnistia gaur egun dugun sistema da; milioika lagun zergak ordaindu gabe bizi dira, eta politikariek gai hau erabiltzen dute herritarrak beldurtu eta botoak bilatzeko", esan du Obamak.

Obamak immigrazioari buruzko behin betiko lege proiektu bat onartzeko deia egin die legegileei: "Proiektu hori sinatzen den egunean, gaur hartutako neurriak jada ez dira beharrezkoak izango. Baina, hori gertatu arte, presidente gisa boterea daukat neurriak hartzeko". Obamak uste du proposatutako neurriek sistema "justuago" bat ahalbidetuko dutela.

Iragan hauteskundeen ostean, Senatuaren eta Ordezkarien Ganberaren kontrolik gabe geratu da Obama. Errepublikanoek ohartarazi dute presidenteak immigrazioaren arloan bere kasa hartzen duen edozein erabaki blokeatuko dutela, eta zaildu egingo dela beste gai batzuetan akordioak lortzea.

Bideoa: Barack Obamaren diskurtsoa, osorik:



 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna