GAZTEEN AURKAKO EPAIKETA
Abenduaren 18an Auzitegi Nazionalera joateko eskatu dute, gazteak babesteko
Gazteen aurkako epaiketaren azken saiora joateko autobusak antolatu dituzte Librek eta Eleak-ek. EAJri "desobediente" izateko eskatu diote.

Segiko kide izatea egotzita Madrilen epaitzen ari diren 28 gazteen aurkako epaiketak abenduaren 18an izango du azken saioa, eta egun horretarako mobilizazioa antolatu dute Libre dinamikak eta Eleak mugimenduak. Auzitegi Nazionalera joateko deia egin diete euskal herritarrei, han "Konponbidea bai, epaiketarik ez" ozen aldarrika dezaten. Jakinarazi dutenez, autobusak antolatuko dituzte Madrilera bidaiatzeko.
Libre dinamikako eta Eleak mugimenduko kideek gaur goizean eman dute horren berri, Gasteizen. Azaldu dutenez, euskal gizarteak ez du horrelako “epaiketa politikorik” nahi, gatazkari konponbidea ematea baizik. "Aurretik epaitutako berrogei gazteak aske geratu ziren bezala, oraingoan ere 28ek libre geratu behar dutela esatera goaz Madrilera”, nabarmendu dute.
Gazteei elkartasuna emateko beste hainbat mobilizazio eta ekinaldi antolatu dituzte datozen asteetarako. Besteak beste, hilaren 28an manifestazioa egingo dute Burlatan (Nafarroa), abenduaren 13an Bergarako (Gipuzkoa) epaitegiak inguratuko dituzte, 19an Libre lasterketa egingo dute Donostian, eta 20an Herritarren Martxa Gasteizen.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.