Enpresak

Eroskik %50 produktiboago egin du Elorrioko plataforma logistikoa

Berrogei milioi inbertitu ditu azpiegitura automatizatzen. Kostu logistikoa %10 murriztuko da.

Miren Garate -

2014ko azaroak 24

Elorrioko plataforma logistikoan kudeatzen duen pisuaren %70 automatizatu du Eroskik. 40 milioi euro inbertitu ditu, eta Alberto Madariaga kooperatibako operazio zuzendariaren esanetan, barne efizientzia eta lan baldintzak asko hobetuko dira aurrerantzean.

400 pertsonak egiten dute lan plataforma logistikoan, eta Hego Euskal Herriko, Kantabriako, Errioxako eta Asturiasko saltokiak hornitzen ditu, 26 hipermerkatu eta 325 supermerkatu guztira.

Eroskiren eta Ulma Handling Systemsen artean garatu dute proiektua eta LKS kooperatibak ere hartu du parte. Iñigo Jauregi Ulmako ingenieritza merkataritzako zuzendariak azaldu du garatutako teknologia berriak negozio aukerak emango dizkiola nazioartean Ulmari.

Besteak beste, botilak modu automatizatuan kudeatuko ditu Eroskik. Europa osoan ez dago hori egiteko gai den beste plataforma logistikorik.

Gaur goizean izan da inaugurazio ekitaldia, eta berrehun pertsona inguruk hartu dute parte, tartean Iñigo Urkullu Jaurlarizako lehendakariak, Arantza Tapia Lehiakortasun eta Garapen Ekonomikorako sailburuak, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Javier Sotil Mondradon taldeko presidente berriak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna