BERRIA taldea

Ordizian, BERRIAlagunak herriko merkataritzaren hauspo

Ordiziako 87 merkatarik babesa eman diote BERRIAri. Saltoki horietan erosten dutenean artean 1.000 euroko txeke bat zozketatuko da. Helburua herriko merkataritza sustatzea da. Bideoa: kanpainaren aurkezpena (Ander Gartzia, BerriaTB). [Berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/2240/[/Berriatb]

2014ko azaroaren 24a
17:47
Entzun

Merkatari eta erosleen arteko hartu-emana etengabea da Ordiziako Plaza Nagusian azoka egunez. Hatzarekin seinalatu, galdetu, pisatu, erantzun, erosi eta saldu. Baina puntako ordua igaro eta kaleko salmenten zurrunbiloa baretuz joan ahala, azalean jarraitzen du herriko denda eta komertzioetako merkatarien arazo nagusienak: krisi ekonomikoak hainbat erosle uxatu ditu herriko saltokietatik. Horregatik, Ordiziako merkataritza indarberritzeko asmoz, ordiziarrek pizgarri bat izango dute datorren larunbata bitarte, herriko saltoki jakin batzuetako produktuak kontsumitu edo erosten dituzten aldiro.

Saltokietako bat da, esaterako, Kixket kafetegia, Plaza Nagusiko hara-honako mugimendutik kanpo kale estu bateko txokoan aurki daitekeena. Amaiak edan berri duen kafesnea eta lagunarena ordaindu ditu, eta zerbitzariak emandako fitxan datuak bete ostean salmahaiaren aurrean dagoen kutxatxoan sartu du fitxa tolestua. Kixket BERRIAlagunen komunitatera batu diren 87 komertzio berrietako bat da. Ordiziako kaleetan barna dabilenak erraz ezagutuko ditu, makina bat erakusleihotan aurki baitaitezke 1.000 euroko txekea iragartzen duten kartelak.

Horixe da BERRIAlagun diren saltokietako erosleek izango duten pizgarria, 1.000 euroko txeke baten zozketan parte hartuko baitute, diru hori gero saltoki horietan nahieran gastatzeko. Erosketa bakoitzeko, txartel bat. Formula sinple horren atzean, ordea, bi asmoko ekimena dago. Alde batetik, herriko merkataritza sustatu nahi da; bestetik, BERRIAlagunen komunitatea handitu. Proiektua aurkeztu zutenean, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria eta Danel Etxeberria Ordiziako merkatarien elkarteko ordezkaria pozik agertu ziren kanpaina berriarekin. Ordiziako Udalak ere babesa agertu zion ekimenari, eta Igor Eguren alkateak kanpainaren alde biko joan-etorria nabarmendu zuen. "Onurak baino ez ditu guztiontzat; bai BERRIArentzat, bai dendarientzat eta bai hizkuntzarentzat ere". Merkatariak ere itxaropentsu dira.

Elixabet Urteaga Kixket kafetegiko zerbitzariak hirugarren fitxa sorta eskatu behar izan du udalean, bost egun eskasean erosle mordo batek parte hartu baitu zozketan. "Jendea jakinaren gainean dago. Ez zaigu inor galdezka etorri. Badakite zer edo zer erosiz gero nik fitxa bat emango diedala betetzeko. Adineko jende askok etxera eramaten ditu, bertan bete eta hurrengo egunean ekartzeko. Larunbatean hasi ginen, eta egunean bertan bukatu zitzaigun fitxa sorta. Igandean gauza bera gertatu zitzaigun bigarrenarekin". Zozketan parte hartzeko erosleek nahikoa dute Kixketen saltzen dituzten ogi, gozoki edo urdaitegiko produktuak erostea. "Harrera oso ona izan du egitasmoak. Guk lan gehien goizetan egiten dugu, jende asko etortzen zaigulako gosaltzera".

Kale Nagusian dagoen Ezeiza harategiko kutxatxoan ere egun hauetan erosle askok sartu dituzte beren datuekin betetako fitxak, 1.000 euroko txekea tokatuko zaien itxaropenarekin. "Polita litzateke zorioneko hori ezagunen bat balitz. Gainera, badakigu 1.000 euroak hemengo saltokietan gastatuko direla, han eta hemen. Beraz, azkenean dirua leku askotara banatuko da", dio Javier Otegi jabeak.

Saria merkatarientzat ere

Saridunak, ordea, bi izango dira, bigarren zozketa ere egingo baitute, merkatarientzat hori, hilaren 29an, 19:00etan, Ordiziako plazan egingo den jaialdian. Kasu horretan, saridunak mila euroko bonua eskuratuko du BERRIAn iragarkiak jartzeko.

Ideia ona iruditu zaio Otegiri BERRIAk eta Ordiziako merkatariek aurrera eramandako egitasmoa, uste baitu tartean sariren bat egonez gero jendea beti animatzen dela: "Nori ez datozkio ondo 1.000 euro? Gainera, Eguberriak horren gertu izanda, gauza asko egin daitezke diru horrekin".

Andoni Eskisabelen esanetan, gisa horretako ekintzek lortzen dute "bultzadatxo bat" ematea, uste baitu erosleek modu positiboan hartzen dituztela zozketak eta halako ekinbideak. "Egun hauetan, 1.000 euro oso erakargarriak dira. Zozketatzen den txekea ikusi eta burua martxan jartzen zaizu, pentsatuz diru horrekin zenbat genero eraman dezakezun etxera. Horregatik, uste dut horrelako egitasmoek bultzadatxo bat emateko balio dutela, gutxienez zerbait aldatzeko edo indar apur bat emateko. Orain, salmentak igoko ote diren? Ez nago ziur, baina argi dago behinik behin eroslea gusturago aterako dela dendatik".

Eskisabelek azaldu duenez, oraindik bada kartela ikusi eta 1.000 euroko zozketaren inguruan galdetzen duenik. Hala ere, bezeroei zalantza guztiak argitzen saiatzen dela dio, bai eta adineko jendeari fitxak betetzen laguntzen ere.

Sarri kontsumitzen diren elikagaietatik haratago, ordea, badira krisiaren ondorioei arduraz begiratzen dieten arropa, altzari eta elektrizitate dendak. Horregatik, Narai arropa dendako Sonia Raya saltzaileak itxaropena du herriko merkataritza sustatzeko programa berriek jende gehiago erakarriko dutela Ordiziako dendetara. "Ideia ona dela uste dut. Hala ere, egun gutxi daramatzagu oraindik egitasmo honekin. Egun hauetan jendeari azaltzen ibili gara zer egin behar duten zozketan parte hartu ahal izateko. Ikusi beharko da hemendik datorren larunbatera ea jendea gehiago animatzen den; oraingoz, gauza nahiko geldi dago. Hala ere, kalean antzematen da, bai, jendea jakinaren gainean dagoela".

Berrogeita hamar pauso eman orduko irits daiteke Mari Jose Olanoren Ttipi Ttapa arropa dendara. Barrura sartu eta eskegita dauden arropei begira antzeman daiteke zein urtaro den. Halere, kanpoko eguraldiak bestelakoa dio. "Udazken eta neguko arropa saltzen dut bereziki, eta garbi dago aurten egiten ari den eguraldiarekin jendea oraindik ez dela animatzen. Esan daiteke mugimendu gutxi izan dugula azkenaldian". Hala ere, herriko merkataritza sustatzeko proiektuak jendearengan eragina izan dezakeela sinesten du Olanok: "Bezeroak beti animatzen dira eskaintzekin. 50 euroko txekeak zozketatuko balira, tira, baina 1.000 euro diru asko da, eta horrek anima dezake erostera".

Zozketaz bezeroen artean ere hitz egiten dutela azaldu du Olanok. "Aurrekoan batek esan zidan txekea berari tokatuz gero denda honetan gastatuko dituela euro guztiak, asko gustatzen zaizkiolako arropak". Maribi, hain justu ere, Ttipi Ttapatik atera da erosketako poltsa eskuan daramala. Mila euroak eskuan izanez gero herriko hainbat dendatan xahutuko lituzkeela aitortu du.

Jeniffer Alvarezek, ostera, haurrentzako arropa denda du negozio, Hazi eta Hezi. Eskulangintza egiten du Alvarezek, berak diseinatu eta josten baititu haurrak altzoan eramateko oihalak eta bestelako jantziak. Martxan dagoen egitasmoak komunitate bat sortzeko aukera eskaintzen duela nabarmendu du: "Inguruko komertzioak apuntatu zirelako eman nuen neuk ere izena, uste dudalako horrela komunitate txiki bat sortzen dela. Egun gutxi daramatzagu, eta ikusi beharko da bezeroen erantzuna zein den".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.