Foru hauteskundeak

Hego Euskal Herrirako proposamena argitzeko eskatu dio Uberak Podemosi

Akordioetara iristeko prestutasuna berretsi du Aralarreko idazkari nagusiak Info7 irratian, Podemos erabakitze eskubidea gauzatzearen alde badago.

Rebeka Ubera, Aralarreko idazkari nagusia.
Rebeka Ubera, Aralarreko idazkari nagusia. Jagoba Manterola / Argazki Press

Berria -

2014ko azaroak 24

Sei hilabete falta dira oraindik Hego Euskal Herriko foru eta udal hauteskundeetarako, baina hasiak dira dagoeneko balizko akordioen inguruko eztabaidak. Navarrometro inkestak eta Eusko Jaurlaritzaren azterketek Podemosen indarra aurreikusi dute. Nafarroako kasua izan da adierazgarriena: hauteskundeak irabaziko lituzke alderdiak, 18 eserleku lortuta. Nafarroako Parlamentuak eskatutako inkestari erabateko sinesgarritasuna inork gutxik aitortu badio ere, joerak aintzat hartu dituzte alderdi politiko guztiek. Adolfo Araiz EH Bilduko Nafarroako presidentetzarako hautagaiak koalizioa Podemosekin hitz egiteko prest dagoela adierazi du, "Nafarroan bazterketarik gabeko aldaketa sozial eta politikoa" bermatze aldera. Egoera "bitxia" dela esan du, "programarik eta liderrik ez duen alderdi" batek halako aurreikuspenak jasotzeagatik, baina ez du begi txarrez ikusi Podemosen balizko indarra: "ongi etorriak izan daitezela 35 urteko erregimenari amaiera jartzeko ordua dela uste duten indar guztiak". Xabier Olano Gipuzkoako ahaldun nagusirako EH Bilduren hautagaiak ere, Podemosekin programan "koinzidentziak" egon daitezkeela onartu du, eta alde horretatik, ez  du akordiorik baztertu.

Podemosek, ordea, mesfidantza sortu du azken adierazpenetan. Ione Belarra alderdiko zuzendaritzako kide nafarrak Diario de Noticias egunkariari eskaini zion elkarrizketa, atzo. Nafarroan Bildurekin gobernua osatzeko aukeraren inguruan galdetuta, Podemosen Asanblea Nazionalaren —estatu mailako egitura— esku utzi zuen Belarrak erabakia: "Podemoseko zuzendaritzak ez du akordioetarako ildorik zehaztuko. Oinarriek erabakiko dute, estatu mailan". Alegia, estatuko militante eta zaleek erabakiko dutela, Nafarrokoen ordez. Orain gutxi, Kataluniako prozesu subiranistaren inguruan, katalanen erabakitze eskubidea defendatu zuen Pablo Iglesias Podemoseko buruak. "Katalunia Espainiatik joaterik ez" duela nahi esan zuen Iglesiasek, baina argi utzi zuen erabakitzekotan katalanek bakarrik osatuko luketeela subjektua. Belarraren adierazpenek, ordea, zalantzan jarri dute hori.

Horren harira, Podemosen inguruan "ezjakintasuna eta zalantza" duela adierazi du gaur Rebeka Ubera Aralarko idazkari nagusi izendatu berri eta EH Bilduko legebiltzarkideak. Haiekin hitz egiteko eta negoziatzeko prestutasuna berretsi du, "nafarren erabakitze eskubidea gauzatzeko prest" baldin badaude behintzat, baina onartu du argitu gabe dagoela Podemosek Hego Euskal Herrian hartuko duen jarrera: "Ez dakigu aldarrikatzen dituzten proposamen ideologiko eta pragmatikoak zeintzuk diren. Nafarroarako eta Euskal Herrirako proposamenik ez dugu ezagutzen, eta ez dakigu benetan erabakitze eskubidearen aldeko apustua egingo duten". Alde horretatik, auzi horiek argitzeko eskatu dio Uberak Podemosi .

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna