Foru hauteskundeak

Alberto Catalan ere UPNren hautagai izateko aurkeztu da

Salanuevak eta Rabadek gaur erregistratu dituzte euren hautagaitzak, eta lau dira guztira. Barcinak, ordea, berriro baztertu du primarioak egiteko eskaera, eta Salanuevak esan du egiten ez badira atzera botako duela bere hautagaitza.

Alberto Catalan, artxiboko argazkian, Miguel Esparza Parlamentuko letradun nagusiarekin. VILLAR LOPEZ, EFE
2014ko azaroaren 24a
07:16
Entzun

Azkenean lau izango dira UPNn Nafarroako presidentetzerako bozetan lehiatzeko aurkeztuko diren hautagaiak. Alberto Catalanek azken momentuan aurkeztu du berea, 15:00etan horretarako epea amaitu baino lehen. Catalan iaz UPNko presidente izateko lehiatu zen, baina alde txikiz bada ere, Barcinaren kontra galdu zuen. Hori, ordea, ez du oztopo izan orain alderdiaren hautagaia izendatzeko lehian sartzeko.

Catalan Nafarroako Parlamentuko presidentea da 2011tik. 2003-2007 agintaldian Nafarroako Gobernuko Herri Administrazio kontseilari eta bozeramaile izan zen, eta 2007tik 2009ra, bozeramaile izaten jarraitzeaz gain, Harreman Instituzionalen kontseilari. Agintaldi horren azken bi urteetan Hezkuntza kontseilari izan zen. Aurretik parlamentari eta UPNko idazkari nagusi izan zen.

Catalanez gain, beste hiru izango dira hautagaitza eskuratzeko lehiatuko direnak. Amelia Salanueva UPNko senatariak hurrengo urteko foru hauteskundeetan alderdiko hautagaia izateko aurkeztu du bere burua, eta Jose Javier Esparza Herri Administrazioko kontseilariak aurretik egina zuen. Salanueva eta Esparzarekin batera —askorentzat, zuzendaritzaren eta Barcinaren hautagaia da Esparza—, Juan Ramon Rabade Tuterako ospitaleko zuzendariak ere bere hautagaitza aurkeztu du. Rabadek "batasuna, integrazioa, umiltasuna eta zintzotasunaren" aldeko mezua luzatu du kazetari aurrean.

Salanuevak adierazi duenez, berea "erabaki pertsonala izan da, alderdiko pertsona eta ahots asko entzun eta gero" hartutakoa. Salanueva hasieratik oso kritikoa izan da UPNk hautagaia erabakitzeko irekitako prozesuarekin, behin Yolanda Barcina egungo presidenteak bere burua aurkezteko erabakia errefusatu ostean. Ordutik, primarioak egiteko eskaera egin du behin eta berriro alderdiko senatariak, eta gaur ere, eskaera hori publikoki egin dezan eskatu dio. Hala ez balitz —primariorik ez balego— bere hautagaitza atzera botako luekeela jakinarazi du Salanuevak.

Yolanda Barcinak, ordeak, berriro baztertu du aukera hori gaur. Esan du eztabaida hori izan zutela ekainean alderdiaren kongresuan, eta bozkatu zutela, modu horretan Salanuevaren eskaerari ateak itxiz. Nabarmendu du presidenteak afiliatuen %96ak baztertu zuela aukera hori hautagaia izendatzeko. "Nafarroa osoa ordezkatzen duten 232 pertsonek osatzen duten Kontseilu Politikoak izendatuko du hautagaia", gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.