Musika

Berri Txarrak hirukoitza

Taldearen 20. urteurrenan, 20 kanta biltzen dituen disko hirukoitza kaleratu du Berri Txarrakek: 'Denbora da poligrafo bakarra'.

Berri Txarrak taldeak gaur aurkeztu du 'Denbora da poligrafo bakarra' disko hirukoitza.
Berri Txarrak taldeak gaur aurkeztu du 'Denbora da poligrafo bakarra' disko hirukoitza.

Iñigo Astiz -

2014ko azaroak 24

“Atzera begiratu dugula? Bai; Ibilbide bat badugula? Bai; Lortutakoa zoragarria izan dela? Bai. Baina, halere, atzera begiratu badugu abiada hartzeko izan da”. Hitz horiekin laburtu du Gorka Urbizuk Denbora da poligrafo bakarra diskoaren oinarrian dagoen filosofia. Hiru diskotan zatitu dituzte taldearen urteurrenaren aitzakian sortutako 20 kantak, eta produktore banarekin aritu dira lanean haietariko bakoitzean. Ross Robinson izan da lehen diskoko ekoizlea (At The Drive-In, The Cure, Slipknot); Ricky Falkner bigarrenekoa (Standstill, Lori Meyers, Love Of Lesbian); eta Bill Stevenson eta Jason Livermore hirugarrenekoak (Black Flag, Desdedents, All). Rocka ulertzeko hiru modu daude diskoan, taldekideen hitzetan, baina rocka da funtsean dena. Berri Txarrak, alegia. “Estiloen gerra amaitutzat ematen dugu. Hau Berri Txarrak da, rocka da, baina ez da sinplifikatu beharrik”. Badok.info atarian entzun diskoa osorik.

Berezia izan da lan egiteko modua, musikarien hitzetan. “Lehenengoz jarri dizkiogu baldintzak gure sorkuntzari, eta hasiera batean horrek eragozpena irudi lezakeen arren, ez da hala izan”. Ekoizleak buruan zituztela aritu dira sorkuntzan, eta grabatzera heltzerako bazekiten disko bakoitzari zer giro eman nahi zioten. Eta halere, grabatzen hasterako biluztu egin behar. “Estudioan sartu garenean, beldurrak eta aurreiritziak atearen beste aldean utzi ditugu”, azaldu du David Gonzalez baxu jotzaileak. Kanten nondik norakoa negoziatzeko prest joan dira ekoizle bakoitzarengana. “Hazi egin dira kantak haiekin”. Eta aitortu dutenez, bigarren diskoan hartu dute arriskurik handiena. Metal giroan dabil lehen lana izan ere, eta punk-rock azkarrea hirugarrena, baina pop disko bat da bigarrena. Eta diotenez, taldearen ibilbidean pop ukituak argiak diren arren, disko hori izango da Berri Txarraken zaleak gehien harrituko dituena.

Denboraren alde

Denbora da klabea diskoan. “Gaur egun zappingaren kulturan bizi gara. Zerbaitek lehen bi segunduetan arretarik deitzen ez badigu aldatu egiten dugu. Guk disko hirukotza atera dugu, eta entzuleari hau entzuteko eskatzen diogu ordu eta erdi. Badago denbora horren aldarrikapen bat”. Ezustearen alde aritu direla ere gehitu du Urbizuk. “Nahiko zaila da hurrengo zer egingo dugun igartzea, eta hori positibotzat dut. Gustatzen zait ezustearen aldeko gaitasun hori gordetzen jakin izana”. Horregatik disko hirukoitza ateratzeko apustua, eta horregatik hiru ekoizleengana jotzeko ideia.

Urbizuk berak idatzi ditu hitz guztiak, eta azaldu duenez, disko bakoitzerako ildo bateko hitzak sortzen saiatu da. Dioenez, “arerioaren lekuan” jarri da lehen diskoko abestietan; auto-erreflexiboagoak dira bigarreneko hitzak; eta bigarren pertsonan idatzita daude hirugarren diskoan. Giro orokorra ilun xamarra dela onartu du, halere. Disko hirukoitzeko lehen diskoaren titulua aipatu du metafora gisa: Sutxakurrak. “Sutxakurrak dira argi batzuk usteldura dagoen lekuetan agertzen direnak. Eta metafora ederra iruditu zitzaidan”. Ez da diskoko inarri bakarra, ordea. Erantzun falta ere bada diskoan maiz agertzen den ideia. Eta diskoaren azalean ere hori ikusten du musikariak. Joseba Elorza artistak egin du irudia, eta taldekideen hitzetan hori da erakusten duena.

Laugarren kontzertua
Diskoari buruzko kezka atzean utzita, zuzenekoekin dute orain dema taldekoek. Diotenez, ez dakite nola eramango dituzte diskoko abestiak zuzenekora, baina ziur diote hiru diskoetako abestiak joko dituztela. “Denak ez badira, asko bai”. Urtarrilean dira bira hastekoak Donostian. Bi kontzertu antolatu zituzten hasiera batean, baina sarrera guztiak saldu zirela ikusirik, hirugarren bat eskaintzea erabaki zuten. Hirugarren horretako sarrera guztiak ere salduta, laugarrena eskainiko dutela aurreratu dute gaur. Bihar jarriko dituzte salgai sarrerak, 11:30etik aurrera.

Bestetik, gaur jarriko du Badok.info atariak Berri Txarrak taldeari buruzko 'Iragana aurretik' dokumentalaren bigarren zatia ikusgai. 19:30etik aurrera. Bilboko FNAC dendan akustikoan zuzeneko saioa ere eskainiko dute gaur 18:30ean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna