KOLONBIAKO BAKE PROZESUA

FARCek libre utzi ditu azaroaren 9an bahitutako soldaduak

Kuba eta Norvegia aritu dira bitartekari lanetan, eta Gurutze Gorria arduratu da askapen prozesuaren logistikaz. Operazioa Alzate jenerala eta beste bi bahituak aske uzteko urratsa izan daiteke.

Kubako eta Norvegiako ordezkariak aritu dira bitartekari lanetan gatibuak askatzeko negoziazioetan.
Kubako eta Norvegiako ordezkariak aritu dira bitartekari lanetan gatibuak askatzeko negoziazioetan. Ernesto Mastrascusa / EFE

Berria -

2014ko azaroak 25

FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak gaur utzi ditu libre azaroaren 9an preso hartutako bi soldaduak, Cesar Rivera eta Jonathan Diaz. Arauca eskualdean askatu ditu, eta hurrengo orduetan Bogotara eramango dituzte. Azaroaren 16an bahitutako Alzate jenerala askatzeko operazioaren lehen urratsa izan daiteke; gerrillak esan du aurrerantzean Alzateren eta haren beste bi kideren askatasunean jarriko duela arreta. "Espero dugu Defentsa Ministerioak zuzendutako operatiboak eta gizarte zibilaren aurkako setio militarra berehala bertan behera uztea", azaldu du.

Juan Manuel Santos Kolonbiako Gobernuko presidenteak hala adierazi zuen Twitter bidez larunbatean: "Jaso ditugu koordenatuak. Aginduak ematen ari naiz datorren astean aske uztea errazteko". FARCek, berriz, oharra kaleratu zuen atzo: "Bihar [gaur] Paulo Cesar Rivera eta Jonathan Andres Diaz soldaduen askatasuna ekarriko duen Akordio Berezi Humanitarioa aktibatu dugu".

FARCen eskakizuna betez, operazio militarrak bertan behera uzteko agindua eman du Santos presidenteak. Horri erantzunez, Araucako armadaren 18. brigadaren instalazioetara atzera egin dute 400 bat soldaduk, eta Tame inguruko —han izan ziren bahiketak— hegaldi militarrak mugatu dira.

Azken egunotan bete dira bi urte gobernuko eta FARCeko ordezkariak lehenengo aldiz aurrez aurre eseri zirela Habanan, bake prozesuari ekiteko. FARCek bere kabuz emaniko su-eten mugatuez gain, meniarik gabe ari dira negoziatzen bi aldeak. Alzate jeneralarekin gertatutakoa izan da, ordea, prozesua kinka larrienean jarri duen gertakaria, Santosek elkarrizketak eteteko agindua eman baitzuen. Gaurko operazioa Alzate eta harekin bahitutako beste bi pertsonak aske uzteko erabakira iristeko urrats gisara hartu da. FARCek, ordea, estatua hiru bahituak askatzeko egiten ari den operazioa salatu du, "arriskutsua" dela esanez.

Santosek jakinarazi duenez, gatibuen auzian Kuba eta Norvegia izan dira bitartekari. Hain zuzen, bi herrialde horiek bake prozesu osoa martxan jartzeko ere bitartekari eta anfitrioi lana egin dute, eta Lucio Arango Marin Ivan Marquez FARCeko negoziatzaileen bozeramaileak hori eskertu zien prozesuaren bigarren urteurrenaren harira egindako agerraldian. Gobernuak eta gerrillak hitzartu dutenez, Gurutze Gorria arduratuko da Alzate jeneralaren eta gainerakoen askapen prozesuaren logistikaz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna